Bost andreren poemak begi-belarrietara

'Hitzak hots' emanaldia egingo dute igandean Anjel Lertxundik, Antton Valverdek eta Arantxa Urretabizkaiak, Donostian. Bost euskal idazleren zortzi poema musikatu eta errezitatuko dituzte

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
2017ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Musika eta literatura. Musika eta bost poeta. Musika eta bost emakume poeta. Musika eta bost emakume poeta euskaldun. Horixe da Hitzak hots emanaldiaren mamia. Elkarrekin prestatu dute saioa Anjel Lertxundi idazleak eta Antton Valverde musikariak. Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaiaren zenbait poema musikatu dituzte, eta haien laguntzarekin taularatuko dituzte. Igandean izango da hurrengoa: Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan.

Valverde arduratuko da musikaz, eta Lertxundik aurkezpen lanak egingo ditu hasieran; «loreontzi bat bezala», dio Lertxundik, ironiaz. Protagonistak, saioaren gidariak, aipatu idazleak izango dira; saio bakoitzean, bana: hala, emanaldi bakoitza bakarra izatea nahi dute. «Asko egiten baditugu, ez dira bakarrak izango, baina bost egiten baditugu, bostak desberdinak izatea nahi dugu», azaldu du Lertxundik.

Izan ere, saio bakoitzaren oinarria bera izan arren, idazle bakoitzak bere irakurketa propioa egingo du. «Horrek esan nahi du testu batzuk sortuko direla emanaldi bakoitzerako: idazle bakoitzak bere poemei buruzkoak ez ezik, besteei buruzkoak ere idatziko ditu», azaldu du Lertxundik. Emanaldi horietako testuak bildu, eta disko-liburu bat argitaratu asmo dute.

Elkarrekin «sarritan» egoten dira Valverde eta Lertxundi, eta elkarrizketa batean ateratako «erreflexio oso xume bat» dago emanaldiaren jatorrian, Lertxundik azaldu duenez: «Esan nion harrigarria egiten zitzaidala euskal kantagintzaren historian ze emakume gutxik kantatu izan duten. Literaturan, oro har, gizonezkoen ugaritasuna nabarmena baldin bada, askoz ere nabarmenagoa da kantagintzan emakumeen falta». Gabezia horri erantzuteko sortu dute, beraz, saioa: bost emakume poeta euskaldunen lanak oholtzara ekarrita, haien ahotik ikusleen begi-belarrietara zuzenean iristeko.

Egina dute saio bat jada: Bilboko Arriaga antzokian izan zen, martxoan. Meabe aritu zen estreinakoan. «Oso irakurketa sentikorrak egin zituen, eta asko gustatu zitzaidan egin zuen lana», gogoratu du Lertxundik. Igandean, Urretabizkaiaren txanda izango da: «Nik beste norbaiten testuren bat ere tartekatu nahi dut, ez bakarrik Anttonek musikatuak eta nireak, baizik eta beste emakumeren batenak ere bai. Baina ezin dut askoz gehiago aurreratu».

Urretabizkaia konturatua zen Lertxundik eta Valverdek egindako hausnarketarekin, eta, beraz, «berehala» esan zuen baietz: «Generoaren ikuspuntua zeure egiten duzunean, automatikoki ateratzen zaizu, eta askotan pentsatu dut: abeslari oso desberdinak izan ditugu, eta andreen hitzak sartu ez izana...». Xabier Letek eskatu zizkion testu batzuk, gogoratu duenez: «Eman nizkion, eta oso ilusionatuta erantzun zidan, baina gero gaixotu egin zen eta... Hark behintzat ahalegina egin zuen».

Jendaurrean errezitatzea

Gustuko zituen emakume zenbaiten liburuak pasatu zizkion Lertxundik Valverderi, eta horrek aukeratu zituen gero testuak. Guztira, zortzi poema musikatuko dituzte, ordubeteko emanaldian. «Bordaren bi izango dira: Oragarre, bere jaioterriari egindakoa, eta Milia Lastur Revisited; Meaberen beste bi, Sukaldean jarrita nago, oso kuriosoa, eta Antsien oharrak, amodiozko poema oso polita; Irastortzaren beste bi, bat lo kanta bat ama bati kantatua, eta bestea bere gorputzari egindakoa; Urretabizkaiaren Palmondoak eta Goikoetxearen Hotsa dabil», kontatu du Valverdek.

Errezitatzea kosta egiten zaiola dio Urretabizkaiak, nahiz urteekin gainditzen joan den: «Beti pentsatu izan dut irakurlea nik idatzitakoa irakurtzen ari denean ni nire etxean gotortuta nagoela». Oholtzan, aurrez aurre dago, ordea, ikus-entzuleekin. «Badakit askori asko gustatzen zaiela, baina niri lotsa ematen dit. Ez da beldurra bakarrik, pudorea ere bada». Errezital batean parte hartu zuen lehenengo aldia gogoan du: Bartzelonan izan zen. «Pentsatu nuen han inork ez ninduela ezagutuko, beraz, momentu aproposa zela». Alferrik: emanaldia bukatu, eta lagun bat hurbildu baitzitzaion.

Urtebete eman du Valverdek poemak musikatzen, «gustura». «Testua aukeratuta, behin eta berriz irakurri, eta, batez ere, erritmoa hartu behar diot. Erritmoaz ondo jabetuta, pixkanaka ateratzen dira», azaldu du musikariak. Lertxundirekin berarekin lanean ere gustura aritu da. «Batetik, burua oso argia dauka, eta egiten dituen proposamenak beti onartzeko modukoak izaten dira. Eta, bestalde, berari egiten zaizkion sujerentziak onartzen ditu. Oso ondo moldatzen gara».

Lehendik ere elkarrekin lan eginak dira Valverde eta Lertxundi. Lete hil berri zela, kontzertu bat eman zuten Iruñean, haren omenez, hango hizkuntza eskolak eskatuta. Gero etorri zen 3L emanaldia, Lete, Xabier Lizardi eta Esteban Urkiaga Lauaxeta poeten testuen bueltan. Berriz elkartu dira, Hitzak hots sortzeko, eta saio «xumea» prestatu dute.

Aukeratutako poemek elkartzen dituen haririk ote duten galdetuta, ezezkoa izan da Lertxundiren erantzuna, lehen kolpean. «Baina, beharbada, bat aukeratzekotan, izan liteke abstrakzio gutxirako joera dutela, edo, beste modu batean esanda, ideiak modu plastiko batean emateko joera dutela». Eta jarraitu du: «Badago, nolabait, sostengu poetikoa gorabehera konkretuetan finkatzeko modu bat: bai tokietan, espazioetan, bai zirkunstantzietan ere». Ez du sinesten ezaugarri orokorretan «batere», baina emanaldirako poemetan hori betetzen dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.