Arrauna. Eusko Label liga: San Pedro

Argi du zer den eta zer nahi duen

Mailari eustea izango da aurten ere San Pedroren helburua Eusko Label ligan. Mikel Arostegik bigarren sasoia du entrenatzaile gisa, eta talde beteranoa osatu du aurten berriro

San Pedroko arraunlariak, ahalegin betean, denboraldi-aurrean Ondarroan jokatutako estropadan. JOSU Z.
Aitor Manterola Garate.
2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Garai loriatsuak ez dira hauek San Pedrorentzat beste batzuk izan zireneko aldean. Baina oso garbi dauka klubak orain zer diren, zer nahi duten eta zein den jarraitu beharreko bidea. Eusko Label ligan, mailari eustea izango dute aurten ere banderarik preziatuena, eta, horretarako, badakite zer egin: iazko maila bera eman. Hamargarren egin zuen Libia-k, baina lekuak adierazten duena baino askoz zailtasun gutxiago izan zuen mailari eusteko.

Lepo beretik dauka burua aurten ere taldeak. Helburuetan bai, eta entrenatzailearekin ere bai, Mikel Arostegi oriotarrak jarraituko baitu arraunlari eta entrenatzaile lanetan. Bigarren urtea du, eta onartu du iaz baino patxada handiagoarekin dabilela: «Lasaiago ari naiz, baina tentsioa beti egoten da, eta beharrezkoa da, gainera». Aldarte horretatik abiatuta ekin zion denboraldi hau prestatzeari, eta lehen lana taldea osatzea izan zen: «Zazpi arraunlari falta zaizkigu iaztik, eta horien ordez beste batzuk ekarri ditugu, eta beheko taldetik gazte pare bat igo».

Alderatu egin behar iazkoa eta aurtengoa, eta, Arostegiren ustez, «iaz bezain ondo dabil trainerua». Konfiantza ematen dio horrek, baina zalantzak ere baditu: «Beste taldeak benetan nola dauden ez dakit, eta hemen elkarren ondoan jartzerakoan hasten dira komeriak. Gu benetan nola gauden besteen ondoan jartzean ikusiko dugu».

Taldearen erdia aldatu beharraren lehen ondorioa neguko entrenamenduetan pairatu zuen: «Ezinbestean taldea berriz egiten hasi behar izan genuen. Pena horixe daukat, iazko lanari ezin segida eman izana». Zailtasun horren aurrean, «lana, lana eta lana» egin dutela dio, eta liga hasteko aste eta erdi eskas falta dela, blokea eginda ikusten du: «Egindako lanak ondo egin ditugu, eta taldea osatua dago berriz ere».

San Pedro ligako zein tokitan ibiliko den ez daki, eta ez da bakarrik aurkarien berri handirik ez daukalako: «Goi-goian badakit Hondarribia, Urdaibai eta Orio ibiliko direla, baina beste gainontzean, auskalo».

Gauza bat du alde aurtengo San Pedrok ere, iazkoak zuen ezaugarri bertsua, gainera: «Talde beteranoa gara, eta arraunlari esperientziadunak dauzkagu. Ona da hori lehiarako. Ematen dizu beste puntu bat, beste zerbait estropadetan». Mailari eusteko helburua borroka estua izaten denez, laguntza paregabea izaten da taldean arraunlari eginak edukitzea. Badu bai txakur zaharrik Arostegik bere aginduetara.

Talde osoagoa du aurten

Iazko San Pedrok utzi zuen bere arrastoa ligan, eta ez soilik egindako estropada onekin. Beste honetan ere nabarmendu zen: beti hamahiruko berarekin aritu zen. Horrek gauza bat utzi zuen nabarmen: Arostegik ez zeukala baleko ordezkorik. Aurten beste kontu batzuk izateko moduan dela dio: «Uste dut aldaketak egingo ditudala, asmoa horixe da behintzat. Udaberriko estropadetan lau egin ditut egun batetik bestera, eta taldeak maila ona ematen segitu du». Hori bai, abisua ere utzi die arraunlariei: «Ikusten badut aldaketak eginda taldeak behera egiten duela, iazko gauza bera egingo dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.