Garaiek moldatutako artea

Eduardo Arroyo artistak XXI. mendean sortutako 43 obra bildu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak, 'Le retour des croisades' erakusketan. Apirilaren 18ra bitarte izango da zabalik

Irudian, Eduardo Arroyo artista madrildarra Bilboko Arte Ederren Museoan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Zuloagaren margolana ikusi nuenean, hura ardatz hartuta zerbait egin behar nuela pentsatu nuen berehala». Ignacio Zuloaga artista eibartarraren Festako biktima (1910) koadroa aurrean duela ari da Eduardo Arroyo hizketan. Zezenketa batetik bueltan den gizon atsekabetua irudikatzen du margolanak, odolez zikinduta dago, eta fondo ilun batekin. «Ez nuen inoiz esango hogei urte beranduago erreplika bat egiten bukatuko nuenik». 80 urte bete berritan, aurten, sortu du Le retour des croisades (Gurutzaden itzulera) lana Arroyok. «Zuloagaren lana omendu eta piezaren parodia ere egin nahi izan dut. Aukera eman didalako Espainiaren irudi fantastiko bat emateko; lurralde atsekabetuarena, alegia». Aurrez aurre jarri dituzte margolan biak, Arte Ederren Museoan. «Gaur egungo egoera irudikatzen dute; galdutako guda baten ondorengo sentipen negargarria». Eduardo Arroyo artistari buruz museoak egin duen erakusketari izenburua ematen dion pieza da Le retour des croisades. Orotara, madrildarraren 44 pieza jarri dituzte ikusgai, eta 2018ko apirilaren 9ra bitarte egongo da ikusgai.

1994an hartu zuen areto berak hartu ditu oraingoan madrildarraren artelanak. Ia 25 urte igaro dira Bilboko Arte Ederren Museoan Arroyori buruzko atzera begirako erakusketa jarri zutela. Atzera begirakorik ez oraingoan; XXI. mendean sortu dituen artelanak jarri dituzte ikusgai artistak 80 urte bete berri dituenean. Koadroak ez ezik, 2000. urtetik hona egin dituen eskulturak ere jarri dituzte aretoetan. «Gero eta gehiago jotzen dut eskulturara». Arroyok ez du bere burua koadroen eremura mugatzen. Irriz aurkeztu du bere burua: «Gauza gehiago egiten dituen margolaria naizela esan ohi dut: eskulturak egiten ditut, idatzi egiten dut, eta zeramika ere lantzen dut. Hori guztia naiz, eta nire hilobiak hala jaso beharko luke».

Garaiari zor zaion artista

Literaturan eta antzerkigintzan ere hainbat testu sortutakoa da, eta artelanetan nabari da letretara jotzeko duen joera. Orson Welles aktore eta gidoigile estatubatuarra, James Joyce idazle irlandarra eta Leon Tolstoi idazle errusiarra irudikatu ditu hainbat margolanetan, eta Honore de Balzac idazle frantsesaren erretratua ere egin du, harriz. Klaus Michael Gruber gidoigile eta zinema zuzendariarekin hainbatetan egin du lan Arroyok, eta haren omenez egindako margolana jarri dute Bilbon. «Niretzat, balio handia du koadroak». 2008an zendu zen Gruber. «Laguna nuen, eta haren heriotzaren ondoren erabaki nuen ez nuela gidoi gehiago idatziko».

Espainiako egoera soziopolitikora lotuta dago Arroyoren obra eta ibilbidea. Berehala nabari da hori haren lanetan. Frankismoaren aurka zuen jarreragatik Parisera jo zuen errefuxiatu gisa 1958an, 21 urte zituela. Han garatu zuen artearekiko zuen zaletasuna, eta haren sorkuntzek hautsak harrotu zituzten hasieratik: Frantziako hiriburuan, beste hainbat margolarirekin batera, 1960an egindako erakusketa batek zeresan handia eman zuen. Francisco Franco, Antonio de Oliveira Salazar, Adolf Hitler eta Benito Mussolini irudikatu zituen Los cuatro dictadores (Lau diktadoreak) margolanean, eta salaketa jarri zion Francoren erregimenak. Bilboko erakusketan antzeko irudikapena egin du, Cordero místico (Bildots mistikoa) koadroan. Madrilgo Biosca galerian ere erakutsi zuen diktadoreei egindako obra, 1963an, baina Espainiako Gobernuak berehala zentsuratu zuen erakusketa.

Euliak fetitxe gisa

Franco hil ondoren eman zioten Arroyori Espainiara bueltatzeko baimena, 1976an. «Frantsesa ere banaiz ni. 30 urte inguru igaro ditut han bizitzen, eta Italian ere zortzi urte egin nituen. Horregatik diot, hiru herrialdek sortu nautela». Espainiarren topikoak irrigarri uzten ditu bere lanetan etengabe. Joera hori argi adierazten dute Bilbon bildutako hainbat piezek; Doña Ines eta Don Juan Tenorio lanetan, kasurako. Bi pertsonaiak ardatz hartutako literatura lanetik eskulturak sortu ditu: giltzapean sartu du Doña Ines eta Frida Kalhoren irudiarekin nahastu du Don Juan Tenorioren irudia.

Fetitxea du Arroyok. Hala aitortu du margolan baten aurrean, bertan ageri den euli bat seinalatzearekin batera. «Nire lanetan euliren bat edo beste agertzea oso ohikoa da. Obsesionatuta nago». Zergatia ere azaldu du. «Esan ohi dut Espainia eulien paradisua dela. Intsektu nazkagarriak eta gogaikarriak dira, eta beraien paradisua Espainia da».

Autorretratuak ere egin ditu azken urteetan. «Garai batean,sarritan amesten nuen margotu ondoren, egindakoaren gainean agoarrasa jaurtitzen nuela». Ametsetan agertzen zitzaiona mihisetan irudikatzea erabaki zuen. «Itxura hau hartu dut», dio irriz. Bere burua soilik ez, Winston Churchill politikari ingelesa ere eraman du koadroetara. «Churchillek margotu egiten zuen, ondo margotu ere. Interesa piztu dit beti pertsonaia politikoaren alde artistikoa, eta horregatik ekarri dut margolanetara».

Garaiek moldatutako artista da Arroyo. «Nik nire lanak historian kokatu behar ditut». Historia bitan errepikatzen dela dio, Marx filosofoaren hitzak hartuta.«Tragedia gisa lehenik, eta fartsa gisa, gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.