Adimena irekitzeko bariazioak

Elgar, Dvorak eta Rakhmaninov izango dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 denboraldiko protagonistetako hiru. Robert Treviñok sei programa zuzenduko ditu

Oriol Roch Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia eta Robert Treviño zuzendari titularra, atzo, denboraldiaren aurkezpenean, Donostian. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Sorgin-orratz baten hegalak dituen suitzar labana. Orein baten adar sustraidunak. Koralezko burmuin bat. Croissant bat gonatzat duen ballet dantzaria. Bihotza ere baden marrubia. Irudi bitxi eta koloretsu horiek iragartzen dute EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 abonu denboraldi berria. Ideia beraren bariazioak dira, hain zuzen, orkestrak bariazioen kontzeptua hartu baitu haritzat programazio berria osatzeko. «Adimena ireki», eta ageriko harremanik ez duten elementuen artean loturak bilatzera gonbidatu nahi dituzte entzuleak. EOSek nazioarteko musikari handien obren, euskal sortzaileek ondutako lanen, bertako musikarien eta atzerriko gonbidatuen bidez egingo du hori, 11 programa eta 50 bat kontzertu bilduko dituen denboraldian. Oriol Roch EOSeko zuzendari nagusiak eta Robert Treviño zuzendari titularrak horien guztien berri eman zuten atzo, Donostian, orkestrak egunero entseatzen duen auditoriumean.

Bariazioen edo aldaeren ideiaz hitz egiteko «tranpolin» modura, hiru konpositore aukeratu dituzte: Sergei Rakhmaninov, Antonin Dvorak eta Edward Elgar. Garai eta jatorri desberdinetako hiru musikagile izanik elkarren artean ageriko harremanik ez dagoela dirudien arren, loturak izan badirela azaldu zuen Treviñok, «hirurek antzeko bizipenak izan baitzituzten, zalantzak eta deserrotzea, esaterako. Oztopo askori egin behar izan zieten aurre». Halako loturak «iradoki» nahi dizkiete entzuleei, musikaren bidez. Erresistentzia, gatazka eta berradiskidetzea kontzeptuei lotuta, berriz, EOSek Dmitri Xostakovitx eta Benjamin Brittenen lanak proposatuko dizkio publikoari.

Ez dira horiek izango konpositore bakarrak. Gustav Mahler ere presente egongo da, Oriol Rochek nabarmendu zuenez: «Uste dugu ona dela orkestra honekin beti egotea erreferentziaren bat Mahlerren ikuspuntutik; hurrengo denboraldietan ere izango da keinu hori». Maiatzean interpretatuko du orkestrak haren 9. Sinfonia, Treviñoren batutapean. Jean Sibelius, Igor Stravinski, Johann Sebastian Bach, Ludwig van Beethoven eta Piotr Ilitx Txaikovskiren obrak ere entzun ahal izango dira, besteak beste.

Baina, atzerriko konpositoreen lanez gain, euskal musikagileenak ere badira programazioan: EOSek Ramon Lazkanoren Hilarriak eta Xabier Otaolearen Izozmendi emango ditu. Otaolearen lanaren erabateko estreinaldia izango da, eta kontzertu bakarrean emango dute, Gasteizen.

Artista gonbidatuak

Aurreko denboraldian aurkeztu zuten Treviño zuzendari titular gisa, eta ordutik egin duen lana goraipatu zuen Rochek. Adierazi zuen hari esker oraingo denboraldian «soinu jakin batean sakontzea» lortu dutela, eta iragarri zuen datorrenean ikusleek zuzendaria aktiboago ikusiko dutela. Hain zuzen, Treviñok denboraldiko 11 programetatik sei gidatuko ditu, tartean irailean denboraldia irekiko duena —Lazkanoren Hilarriak jasotzen du, besteak beste—, eta 2019ko ekainean egitaraua itxiko duena —Rakhmaninov eta Txaikovskiren lan banarekin, eta Alexei Volodin pianistaren parte hartzearekin—. Andra Mari abesbatza ere igoko da oholtzara, 2019ko apirilean, Beethovenen hiru obra emateko; kontzertu berean, Alfonso Gomez piano jotzaile arabarra ariko da. Bestalde, Stephen Hough pianista zenbait euskal kantutan oinarritu da Agata obra sortzeko; azaroko estreinaldian Garikoitz Mendizabal txistularia izango du lagun.

Hough eta Volodin pianistekin egin bezala, beste hainbat bakarlari ere gonbidatu dituzte orkestrarekin jotzera. James Ehnes biolinistak Samuel Barberren lan bat eta Rachmaninoven beste bat emango ditu otsailean. Pablo Ferrandez txelo jotzaileak, berriz, Dvoraken Biolontxelorako kontzertua eta Elgarren 2. Sinfonia joko ditu, bere Stradivariusarekin.

Baina, musikariak ez ezik, zuzendariak ere gonbidatu dituzte. Christian Lindberg izango da lehena oholtzara igotzen, azaroan; orkestra zuzendaria ez ezik, tronboi jotzailea ere bada, eta Bernsteinen eta Sibeliusen lanekin eta bere obra batekin izango da agertokietan. Melanie Levy-Thiebaut izango da hurrengoa, eta Malandain Ballet Biarritzek taularatuko duen Marie Antoinette balletaren emanaldietan gidatuko du EOS, otsailean. Arrazoi teknikoak direla eta, balleta ezingo dute Gasteizen erakutsi; horren ordez, kontzertu bakana egingo dute han, Levy-Thiebauten gidaritzapean, eta hori ere otsailean. Lindbergek tronboiarekin bezala, Pinchas Zukermanek biolina eta batuta tartekatuko ditu martxoko kontzertuetan, Beethoven eta Dvoraken lanak emateko. Gonbidatuen artetik, Hans Graf izango da orkestra gidatzen azkena, apirilean.

Rochek ziurtatu zuen EOSek, orain arte bezala, bestelako jarduerak antolatzen eta zenbait jaialdirekin elkarlanean jarraituko duela; esaterako, OLBErekin: bi operatan aritzeaz gain, martxoan egingo den galan ere izango da, Jessica Pratt sopranoaren alboan. Donostiako Musika Hamabostaldia, Errenteriako Musikaste (Gipuzkoa) eta Donibane Lohizuneko Cote Basque jaialdiak (Lapurdi) ere aipatu zituzten, besteak beste.

«Errota bat bezalakoa»

Aurkezpenean izan ziren hainbat euskal musikagile —Lazkano eta Otaolea tartean—, musika eragileetako ordezkariak —Andra Mari abesbatzakoak, besteak beste—, «bidaide» diren erakundeetako arduradunak —Eresbileko, Musika Hamabostaldiko eta Musikenekoak, esaterako—, eta hainbat enpresa babesletakoak. EOSek «mugitzen duenaren adierazgarri» izan zen agerraldia, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen ustez. Zaleak ere aipatu zituen, gogora ekarrita urtero 7.000 lagunek berritzen dutela abonamendua. «Orkestra eta inguruko erakundeak eragileak dira; errota baten modukoak dira, mugitzen dutenagatik dira garrantzitsuak». Muñozen ustez, EOS «garai ezin hobean» dago, eta horrek euskal musikarien lana nazioartean gehiago zabaltzen lagunduko du. «Orkestra Euskal Herrian dugun lehen mailako kultur tresna da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.