Aldarri doinua dauka reggaeak

Zazpigarren aldiz egingo dute, Donostian, Revolution Jamrock jaialdia, ostiraletik hasita. Sei eguneko egitaraua prestatu dute lehenengoz. Andreen presentzia bermatuko dute

Zazpigarren aldiz antolatu dute Revolution Jamrock jaialdia, Donostian. Aurten, sei eguneko egitaraua osatu dute lehenengoz. JON URBE / FOKU.
Maider Galardi F. Agirre.
Donostia
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
«Reggaea musika baino gehiago da. Ez da aisialdia soilik, kultura ere bada». Eider Elorza Eira musikariaren hitzak dira horiek, eta ongi laburbiltzen dute aurten Revolution Jamrock jaialdiaren antolatzaileek segitu duten ildoa. Orain zazpi urte antolatu zuten lehenengoz musika jaialdia, eta ordutik erronka berriei heldu dietela azpimarratu du Unai Martinezek, jaialdiaren antolatzaileak: «Iaz egin genuen lehen urrats handia, egun bateko egitaraua antolatzetik asteburuko jaialdia osatzera igaro ginelako». Aurten,are jauzi handiagoa emango dute, sei eguneko egitaraua prestatu baitute lehenbizikoz. Gainera,hausnarketa prozesu baten ondorioz erabaki dute arreta bereziz lantzea emakume musikarien auzia. Ostiralean eta larunbatean izango dira kontzertu nagusiak; nazioarteko zein bertako taldeak izango dira Donostiako Gazteszenako oholtza gainean.

Ostiralean emango diote hasiera Revolution Jamrocki. Bi egunez, Egia auzoko agertokian hamaika musikari entzuteko aukera izango da. Martinezen arabera, orain arte antolatutako jaialdirik osoena izango da: hemezortzi taldek parte hartuko dute bertan. Gainera, oreka mantendu nahi izan dute nazioartean ezagun diren eta Euskal Herrian hasi berri diren taldeen artean.

Ostiraleko kartel burua da Asian Dub Foundation Londresko taldea, eta emanaldi berezia eskainiko du, Euskal Herrian lehenengoz. Taldekideek La Haine filmean inspiratuta joko dute, atzean pelikula jartzen duten bitartean. Segidan arituko dira Don Camilo txiletarra eta Jonte katalana, besteak beste.

Larunbatean, berriz, Roy Ellis entzutetsua izango da Gazteszenan. Jamaikako musikaria ezagun egin zen 1960ko hamarkadan Symarip taldearekin. Donostian, ordea, The Offbeaters bere bandarekin izango da. Azken urteetan talde horrekin aritu da kontzertuetan. Jamaikatik helduko dira Suga Roy, Conrad Crystal eta Zareb ere, eta ondoren arituko da Jarel Babel Iruñeko taldea.

Hala ere, Martinezek azaldu du jaialdiaren helburu nagusia dela reggae, hip-hop eta jam mugimendua jendartera zabaltzea. Horregatik, bestelako ekitaldiak ere antolatzea lehenetsi dute aurten, gaueko egitarauaz harago. Hain justu, asteburuko kontzertuez gain, bestelako jarduerak ere antolatu dituzte, maiatzean hasi eta irailera bitarte. Horiek dira JamRock Kids, JamRock Woman eta JamRock Kulturala. «Aurten, gaueko ekitaldietara etorri ezin duten horiengan arreta berezia jarri dugu», azaldu du Martinezek. Lehen aldiz antolatu dute haurrentzako egitarau berezia: «Egitasmo berritzailea izango da. Irakasle batzuen laguntzaz, haurrek musika joko dute».

Emakumeen presentzia

Bestelako kezka bat ere izan dute buruan: «Emakumeen presentzia urria da halakoetan, eta aurten bereziki nabarmendu nahi dugu andreen protagonismoa», azaldu du Elorzak. Musikaria ere bada, eta sarri bizi izan du bere azalean reggae musikari emakume izateak dakarren bakardadea: «Gertatu izan zait karteleko emakume bakarra izatea, eta ikusle askok eskerrak eman dizkidate oholtza gainean egoteagatik». Horregatik, aurten, ekainaren 9an andreez soilik osatutako jaialdia prestatu dute: «Oraindik reggaean andre gutxi gaude. Baina bagaude, eta bagara. JamRock Woman horren isla izango da».

Edonola, ostiralean hasiko den jaialdian ere izango dira ospea duten emakume musikariak oholtza gainean; horien artean Treesha abeslari kenyarra izango da larunbatean. Gentleman abeslari entzutetsuaren korista izan da urte luzez, eta orain bakarkako bira egiten ari da Europan zehar. Elorza ere igoko da oholtzara, Revolutionary Brothersekin, ostiraleko kontzertuan. Bertan izango da Danitsa hip-hop abeslaria ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.