Esklabo jaio zen pailazoa

Kubatik Euskal Herrira esklabo etorri eta Bilboko kaietan lanean ibili ostean Parisen izar bilakaturiko Rafael 'Chocolat' clownaren historia berreskuratu du Bilboko Kalao galeriak
Cheikhou Ba artistak Chocolat <em>clown</em>-aren omenez sortutako margolana eskuetan du Mbaye Senek, pailazoaren rola jokatzen duen aktoreak.
Cheikhou Ba artistak Chocolat clown-aren omenez sortutako margolana eskuetan du Mbaye Senek, pailazoaren rola jokatzen duen aktoreak. M. RAMIREZ / ARP

Iñigo Astiz -

2015eko urtarrilak 15
Izena baino ez zuen; Rafael. Abizenik gabe jaio zen, Kuban, esklabo; abizenik gabe egin zuen ihes baserrian lan egiteko erosi zuen Abanto-Zierbenako familiaren etxetik; abizenik gabe aritu zen Bilboko kaian eta Bizkaiko meatzeetan lanean, eta Bordeleko hilobi komun batean ehortzi zuten azkenik. Padilla abizena jarri zioten heriotza agirian, baina beste abizen batzuk ere izan zituen. Ezizenak egin zuen ezagun. Bilbon Tony Grice clown ingelesaren laguntzaile hasi, eta XX. mende hasierako Parisko zirkuko artista nagusi bilakatzea lortu zuen. Lehen clown beltza izatea. Rafael Chocolat izatea, alegia (Habana, 1968-Bordele, Okzitania, 1917). Erretratatu zuen Toulouse-Lautrec artistak, filmatu zuten Lumiere anaiek, txalotu zuen belle époque deiturikoak, eta miserian hil zen azkenean. Eta, hain zuzen ere, gehiegizko biografia hori da Bilboko Kalao galeriak berreskuratu nahi izan duena. Chocolaten figura oinarri duen margolan erakusketa osatu du horretarako Cheikhou Ba artista senegaldarrak, eta clown-aren hilobiaren koordenatuak hautatu dituzte bildumari izenburua jartzeko: Chocolat, M kalea, 22. ilara, 2. zenbakia. Apirilaren 15era arte izango da zabalik.

«Cheikhou Baren lanak beti egoten dira eder denaren eta beldurgarri denaren muga horretan, eta esango nuke hori dela Rafaelek izan zuen bizitzaren laburpena ere». Aurrez ere egin du lana artista senegaldarrarekin Jesus Ahedo Kalao galeriako buru eta erakusketako komisarioak, eta orain ere argi ikusi du aukera. Margolan koloretsu eta biziak dira Barenak, baina badute ukitu gordina ere. Clown-aren kaskezurra ageri duena da kasurik argiena, iluna baita kolore bizien atzean igartzen den historia. Ez da izango Bilbokoa, ordea, Chocolaten figurari egingo zaion omenaldi bakarra. Hari buruzko film bat ere prestatzen dabiltza Frantzian, eta Omar Sy aktoreak jokatuko du clown-aren rola.

Bilbon hasitako ibilbidea

Hasi, Bilbon hasi zuen bere ibilbidea Chocolatek, 1885. urte inguruan, Ahedok zehaztu duenez. Kasualitatez. Kaian lanean zebilen urteetan Tony Grice clown-arekin topo egin, eta haren laguntzaile gisa eskaini zuen bere bizitzako lehen saioa. Euskal Herrian. Griceri mutila gustatu, eta berekin eraman zuen, Londresera lehenik eta Parisera ondoren, eta han egin zen ezagun. Bakarka hasi zen han, eta Parisko Le Nouveau Cirque de Montmartren aritu zen. Berehala eskaini zuen bere saioa: La nocce de Chocolat (Chocolaten neska-laguna). Eta ezizenarekin batera hasi zen izena lortzen.

Footit clown-arekin batera lan egiten hastean jo zuen goia, halere. Eta bada bikote haren garrantzia adierazten duen daturik. Samuel Beckett idazlearen inspirazio iturri izan zirela dio, adibidez, Marcel Bozzonet antzerkilari frantziarrak, zeinak sakon aztertua baitu clown-aren ibilbidea. Haren hitzetan, Chocolat eta Footitek osatutako bikote komikoa izan zuen gogoan irlandarrak Godoten esperoan antzezlana sortzerakoan. Bi pailazo historiko horien itzala igartzen du berak, behintzat, Pozzo eta Lucky pertsonaien atzean. Ez zitzaien oharkabean pasatu bikotearen umorea Lumiere anaiei ere, eta haien hamar bat esketx filmatu zituzten. Artxiboetan daude Chocolaten izena duten iragarkiak, eta Interneten erraz topa daitezke haren argazkiak ere.

Aparretik lokatzera

Ahaztuta eta bazter xamarrean egon da Chocolaten historia, halere. Hori dio, behintzat, Gerard Noiriel historialariak. Hutsune hori ikusirik, pailazoari buruzko liburu osoa argitaratzea erabaki zuen ikerlariak orain bi urte: Chocolat, clown nègre: l'histoire oubliée du premier artiste noir de la scène française (Chocolat, clown beltza: Frantziako eszenako lehen artista beltzaren historia ahaztua). Liburu horren bidez izan zuen Kalao galeriako arduradunak clown-aren berri, eta liburua eskutan eman ditu hari buruzko azalpenak ere. 1910. urtea gakoa izan zela dio komisarioak: aparretik lokatzera itzuli zuen data hark Chocolat. Arrazaren inguruko kezkak gora egin zuen, eta horrek zaildu egin zuen Footitek eta Chocolatek eskaintzen zuten ikuskizunak irautea. Etengabe uzten zuen irrigarri clown zuriak clown beltza emanaldi hartan, eta etengabe jotzen zuen. Pieza horrek egin zituen ezagun, baina urte batzuk lehenago ikusleentzat barregarri zen emanaldia bazterrean utzi zuten. 1910ean bikotea desegin, eta lanik gabe geldituta, miseria gorrira bueltatu zen Chocolat. Berriz ere izen soil.

«Je suis vivant et je joue». Okerturik, 1909an hiltzat jo zuen Le Temps aldizkariak pailazoa, eta bizirik zegoela esatera jo zuen horregatik, hedabideetara: «Bizirik nago eta jarraitzen dut antzezten». 1910etik aurrera, ordea, zaildu egin zitzaion antzeztea, eta baita bizitzea ere. 1917an bat egin zuen zirku ibiltari batekin, baina ez zuen luze iraun oholtzan; urte hartako goiz hotz batez agertu zen hilda, Bordeleko baserri batean. Hobi komun batean ehortzi zuten. Hobi horretako M kaleko 22. ilarako 2. zenbakian, hain zuzen ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna