Kabitu ezinarentzako lekua

Uztailaren 17tik 19ra bitartean egingo dira Eako 12. Poesia Egunak.'Poesia ezin da kabitu' leloa aukeratu dute.Goiburuari buruzko gogoeta eskatu diete sortzaileei, estreinakoz

Eako 12. Poesia Egunen aurkezpena, atzo, Bilboko Plaza Barrian. Urtero legez, Erramun Landak egin du kartela. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2015eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Poesia ezin da kabitu: hori da Eako 12. Poesia Egunentzat aukeratu duten goiburua. «Zer iradokitzen dizu?», galdetu dute antolatzaileek. Aparteko ariketa izan da aurten. Hainbat sortzaileren erantzuna jaso dute. Jule Goikoetxea: «Begirada borrokatuetan baino ez da kabitzen poesia». Xabier Mendiguren Elizegi: «Ez da artegira txintxo sartzen den bildotsa, aurrez ezarritako eskemetan moldatzen den pentsamendua, nagusien esanetara dagoen hitza. Eskuan harrapatu nahi duzun ura eta harea bezala, ihes egingo dizu hatzen artetik». Castillo Suarez: «Batzuetan poesia ez zait kabitzen buruan. Orduan autoa hartu eta kostaldeko errepidea hartzen dut, radarrei erreparatu gabe, bizitzea eta urruntzea gauza bera balira bezala». Uxue Alberdi: «Ean ere ez da kabitzen... blaitu egiten gaitu». Uztailaren 17tik 19ra, hiru egunez, «kabitu ezina» den poesiari leku egiten saiatuko dira Ean, Bizkaian. Atzo aurkeztu zuten egitaraua, Bilboko Plaza Barrian.

«Poesia ezin da kabitu modu errazean inon. Bere izaeragatik gertatzen da: isuri egiten den zerbait da, likidoa. Gainditu egiten gaitu», egin du gogoeta Herrijeri Emon Arnasa elkarteko kide Asun Landak. Hark argi dauka leloaren bidez egin duten galderaren erantzuna: «Ez, ezin da poesia kabitu Ean». Baina lekua egiten saiatzen dira. «Guk, gure formatu txikian, poetak gonbidatzen ditugu, eta etorri egiten dira».

«Hitzaren bidez eztabaidak, pentsamenduak, literaturaren inguruko kezkak plazaratuko ditugu», iragarri du elkarteko kide Karmele Larrinagak. Izan ere, hori da Poesia Egunak berezi egiten dituen ezaugarrietako bat. Berbarako, aurten, Alaitz Aizpuruk Joxe Azurmendi poeta aztertuko du; Hitz berdeak poesia liburuaren (Editorial Franciscana Aranzazu, 1971) inguruko gogoeta egingo du ostiralean. Maialen Lujanbiok, berriz, poesia eta bertsolaritza alderatuko ditu, larunbat goizean. Literatura idatziak ahozkoari egin dion ekarpenaz egingo du berba.

Larrinagak ezaugarri gehiago ere aipatu ditu. Besteak beste, gogora ekarri du poetak gonbidatzen dituztela, urte bakoitzean argitaratu den poesiaren erakusle. Esate baterako, larunbat bazkalaurrean, Jose Luis Otamendik iaz kaleratu zuen Kapital publikoa lana (Susa, 2014) hartu eta errezitala eskainiko du, Kapital publikoa (Atlantikoaren aurrean) izenburupean.

Aresti eta generoa

Ezinbesteko osagarrietako bat Gabriel Aresti izaten da; beti izan du aparteko lekua Ean; aurten, Miren Agur Meaberen eskutik. Igande goizean, Nire arestiar lauburuak hitzaldia egingo du. Arestiren irudiak bere lanetan utzitako arrastoaz egingo du berba. Arestiren lerro batzuk aipatuko ditu, aitzakiatzat hartuta bere bizipenekin duten zerikusia.

Iaz, Iratxe Retolazak eta Danele Sarriugartek egin zuten. Bien artean Arestiren imajinario poetikoa eta genero eraikuntzak berbaldia prestatu zuten. Azken sei urteetan bezala, Eako Poesia Egunek edizio bakoitzeko sormen edo gogoeta lan bat aukeratu eta paperean kaleratu dute, Zaldiarri argitalpenean. Iazkotik Retolaza eta Sarriugarterena hautatu dute. «Poesia Egunetan gogoetarako espazio bat eskaintzetik aparte, antolatzaileek xaxatu egiten gaituzte. Akuilu lanetan dabiltzalako guri zer pentsatu emateko», azaldu du Retolazak.

Sarriugarteren esanetan, sortzaileak elkartzeko bilgune informala ere badira Eako Poesia Egunak. Kasurako, Jule Goikoetxeak eta biek sortu duten #Erractus ikuskizunaren hazia iazko Poesia Egunetan erein zela aitortu du. Uztailaren 19an Eara itzuliko dira biak, Kattalin Miner lagun dutela, ikuskizun horrekin aurtengoari bukaera emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.