Emakume konpositoreen obrak erakusteari jarriko dio arreta Eresbilek aurten

Andrazkoek idatzitako lanez soilik osatutako bi kontzertu izango dira Musikasten. Arantzazuko musika ondarea katalogatuko dute

Jon Bagues Eresbileko zuzendaria, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Musikasteren programazioan andrazko musikagileen lanik ez sartzeagatik, Maria Luisa Ozaitak kargu hartu zion Jon Bagues Eresbileko zuzendariari behin baino gehiagotan, hark kontatu duenez. Konpositorea ez ezik, Emakumeak Musikan elkartearen sortzaileetariko bat eta ohorezko lehendakaria izan zen Ozaita (Barakaldo, Bizkaia, 1939). Iaz hil zen, baina haren lanak utzi du arrastorik. Maiatzean egingo duten Musikasteren 46. aldiak «emakumeen ondare ezkutua» azaleratzea izango du xede, Eresbileko zuzendariak adierazi duenez. Emakumeek idatzitako lanez soilik osatutako bi kontzertu egingo dituzte; haietako batean, Ozaita omenduko dute. Halaber, beste kontzertuetan andreek ondutako obrak ere joko dituzte. Eresbilen iazko balantzea eta aurtengo asmoak azaltzeko atzo Donostian eginiko agerraldian eman zituen azalpenok Baguesek.

Maiatzaren 18tik 26ra izango da 46. Musikaste. Andrazko konpositoreen obrekin soilik osatutako kontzertuetako batean, hari laukotearentzako piezak interpretatuko dituzte; tartean, Ozaitak berak idatzitakoak. Beste kontzertuan, berriz, ahots eta pianorako idatzitako partiturak joko dituzte; besteak beste, Emiliana Zubeldia konpositore nafarrarenak, «bere garairako oso aurreratua» izan zen musikagile harenak, Baguesen hitzetan. Baina beste emanaldietan ere izango da emakumeek ondutako lanik. Mojek idatzitako obra «funtzionalak» ere entzun ahal izango dira, Baguesen esanetan, oso ezezagunak direnak.

2017a, urte «oparoa»

Eresbileko zuzendariak azaldu zuen ezen, Ondarearen Europako Urtearekin bat eginez, Euskal Herrian musika funts garrantzitsuenetako bat katalogatuko dutela; hain zuzen, Arantzazuko santutegian gordetzen dena. XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako mila lanetik gora daude bertan, 1835. urtean monasterioa erre aurretik frantziskotarrek abesten zituztenak. Partiturak katalogatzeko lanak egingo dituzte urte guztian, eta, gero, Musika Iturrien Nazioarteko Artxibategiaren katalogorako lotura izango dute.

Halaber, Baguesek jakinarazi zuen Pablo Sorozabal konpositoreari eskainiko dion webgunea aurten plazaratuko dela, hain justu, konpositorea hil zeneko 30. urteurrenean.

Hainbat kongresutan ere parte hartuko du euskal musikaren artxibategiak aurten. Hala, Musika Dokumentazioaren Espainiako Elkarteak Donostian, Musikeneren egoitzan, otsailean egingo duen bilkuran izango da Eresbil, baita uztailean Leipzigen (Alemania) Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteak antolatuko duen kongresuan ere.

Atzera begira ere jarri zen Bagues, eta iazkoa «ekintzaz betetako urte oparoa» izan zela adierazi zuen, Ibilbideari Elkar saria jaso zutela gogora ekartzearekin batera. Mintzolaren eta Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin eta Nafarroako Artxibategiarekin hitzarmenak sinatu zituen Eresbilek, baita AEBetan eta Espainian hainbat kongresutan parte hartu ere. Publikazioei dagokienez, Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioaren Ahaire korurako lanen antologian lagundu izana nabarmendu zuen.

Langa bat ere gainditu zuen artxibategiak iaz: inbentariatutako dokumentu kopurua milioi laurdenera iritsi zen, 252.921 materialera. Horietatik, ikus-entzunezkoak dira gehienak (%45), baina asko dira partiturak (%37), dokumentuak (%10) eta liburuak (%8) ere. Horiei guztiei hainbat funtsetatik jasotakoak gehitu behar zaizkie; Ozaitarenak eta Azurza familiarenak, esaterako. Eresbilen euskal konpositoreen 33.953 partitura daude dagoeneko. Dantza tradizionalen 286 bideo zinta ere berreskuratu zituen, eta dagoeneko 602 daude katalogoan.

Eresbilen webguneak, 425.780 bisita jaso zituen iaz, gehienak AEBetatik (%25) eta Erresuma Batutik (%20).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.