Fantasiazko istorio bat faborito

Guillermo del Tororen 'The Shape of Water' filmak Oscar sarietarako hamahiru izendapen lortu ditu, eta Christopher Nolanen 'Dunkirk'-ek, zortzi. Martxoaren 4an banatuko dituzte

Ainhoa Sarasola.
2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Oscar sarien iragarletzat jotzen dituzte Urrezko Globoak. Orain bi aste banatu zituzten, eta Martin McDonaghen Three Billboards Outside Ebbing, Missouri lanarentzat izan zen sari nagusia, film onenarena. Guillermo del Toro zinemagilea, baina, ez zen esku hutsik joan, harentzat izan baitzen zuzendari onenaren saria. Eta, ziurrenik, ez da The Shape of Water lanak ekarriko dion sari bakarra izango, 90. Oscar sarietarako hamahiru izendapen lortu baititu. Faborito nagusi bihurtu da horrela datorren martxoaren 4an egingo duten sari-banaketa ekitaldiari begira. Ohi bezala, Los Angelesko (AEB) Dolby antzokian izango da.

Fantasiazko filma da The Shape of Water, zinemagile mexikarrak oso gogoko duen generoa. Uretan bizi den izaki baten eta mutua den garbitzaile baten arteko harremana du ardatz, eta iazko Veneziako zinema jaialdian Urrezko Lehoia irabazi zuen. Film, zuzendari, andrazko aktore (Sally Hawkins) eta gidoi onenaren sariak irabazteko hautagai da orain, besteak beste. Film onenaren kategorian, lehiakide sendoak izango ditu aurrez aurre Del Tororen lanak:McDonaghen Three Billboards Outside Ebbing, Missouri, zazpi hautagaitzarekin, eta Christopher Nolanen Dunkirk, zortzirekin. Izendapen gutxiago izan arren, kritikaren arabera, sari nagusia lortzeko aukera dute Call Me by Your Name (Luca Guadagnino), Lady Bird (Greta Gerwig) eta The Post (Steven Spielberg) filmek ere.

Zuzendarien artean, berriz, Nolanez gain, Jordan Peele (Get Out), Paul Thomas Anderson (Phantom Thread) eta Greta Gerwig (Lady Bird) izango ditu Del Torok lehiakide. Sarien 90 urteko historian, zuzendari onenarena lortzeko hautagai den bosgarren emakumea da Gerwig —bakarrak lortu du orain arte, Kathryn Bigelow zinemagileak hain zuzen, 2010. urtean, The Hurt Locker filmari esker—, eta bosgarren beltza, berriz, Peele —lehen lanarekin film, zuzendaritza eta gidoi onenaren sariak eskuratzeko hautagai den hirugarren zinemagilea da—. Emakumezko aktore onenaren saria lortzeko, gehienek Frances McDormand jotzen dute hautagai nagusitzat, baina kritika oso onak lortu dituzte Sally Hawkins (The Shape of Water), Saoirse Ronan (Lady Bird) eta Margot Robbiek (I, Tonya) ere. Eta ezin ahaztu Meryl Streep (The Post) ere lehian dela, bere 21. izendapena lortuta—aktore batek inoiz izan duen kopururik handiena—.

Gizonezko aktoreei dagokienez, askok goraipatu dute Gary Oldmanek (Darkest Hour) Winston Churchillen rolean egin duen lana, baina Daniel Day-Lewis aipatzen dute beste hainbatek, Phantom Thread-en egindakoa bere azken antzezpena izango dela iragarria baitu —seigarren aldiz da hautagai, eta hirutan saritu dute lehenago—. Bestalde, Urrezko Globoetan The Disaster Artist filmagatik aktore onenaren saria lortu bazuen ere, James Franco ez dago izendatuen zerrendan. Taldeko aktoreetan, sari hori irabazi duen aktore gazteena bihur liteke Timothee Chalamet (Call Me by Your Name) 21 urterekin, eta sari bera eskuratzen duen zaharrena, berriz, Christopher Plummer (All The Money In The World), 88 urterekin —berak ezarritako langa gaindituko luke, gainera—.

Litekeena da sari banaketa ekitaldian aldarriak ere lekua izatea, eta azken hilabeteotan sexu jazarpenaren aurka Hollywooden altxatu diren ahotsak Dolby antzokian ere entzutea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.