Zinemaldiak Muriel Box zuzendariari eskainiko dio atzera begirakoa

Zinemagile eta gidoigile ingelesak ordura arte baztertuta zeuden gaiak landu zituen bere lanetan, eta, haren filmak berrikusiz, jaialdiak zineman emakumeek izan duten rola aldarrikatu nahi du

Inigo Astiz
2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
«Ezin izan dut neure burua errailetara kateatu, baina gutxienez lortu dut filmetako kateei kriskitin eragitea». Gizonek gidatzen zuten goitik behera Ingalaterrako zinemagintzaren industria, baina, hark esan bezala, zirrikituak topatu eta, gutxienez, zinemaren kateei kriskitin eragin zien Muriel Box zinema zuzendari eta gidoigileak (Surrey, Ingalaterra, 1905- Hendon, Ingalaterra, 1991). Zinema generoek emandako aukerak baliatzen asmatu zuen, ordura arte galarazita zegoen gai sorta bat lantzeko: besteak beste, prostituzioa, adingabeen aurkako abusuak, abortua eta nerabeen arteko sexu harremanak dira filmetan landu zituen gai batzuk. Funtsezkoa izan zen 50eko eta 60ko hamarkadako Ingalaterrako zinemagintzan, eta haren izenak gaur egun prestigio handia du horregatik; baina haren lana askorik ikertu gabe dago oraindik ere, Donostiako Zinemaldiko ordezkarien hitzetan. Horregatik eskainiko diote haren lanari jaialdiko atzera begirakoa.

Zinemaldiari «beharrezkoa» iruditu zaio Boxen filmografia berrikustea, eta prentsa ohar baten bidez azaldu du zertarako. «Diskurtso feminista batetik, emakumezko errealizadoreek hainbat testuingurutan eta zinematografiatan izan duten rol garrantzitsua aldarrikatzeko». Gainera, Boxen ibilbideak badu mugarririk, Oscar bat ere jaso baitzuen, Sydney Box senarrarekin batera idatzitako The Seventh Veil filmeko gidoiagatik. 1946. urtean izan zen hori, eta saria lortu zuen historiako bigarren emakumea izan zen.

Autore begirada

Boxek britainiar zinemaren aldaketa aro betean sortu zituen filmak, eta, haren lana genero klasikoetan txerta badaiteke ere,Zinemaldiak zinema independentearen sortzailetzat aurkeztu du. Komedia, melodrama, film poliziakoak eta zinema historikoa landu zituen, baina, adituen ustez, kode horietan zebilenean ere beti asmatu zuen bere lanei autore begirada ematen. Sue Harper Porstmouth Unibertsitatekozinemaren historialariak zehaztu duenez, haizea aurka izan zuen. «Haren film askok kontrako jarrerak piztu zituzten, feministak zirelako».

Guztira, hamalau film luze zuzendu zituen, eta gidoigile ere aritu zen beste batzuetan. Besteak beste, haren filmografiaren parte dira The Beachcomber (1954), Simon and Laura (1955), The Passionate Stranger (1957) The Truth About Women (1957), This Other Eden (1959) eta Subway in the Sky (1959). Eta zerrenda horretako lan askotan igartzen da Boxgai arantzatsuen zalea zela; Zinemaldiko ordezkariek nabarmendu dute ezaugarri hori.

Esaterako, Irlanda du ardatz This Other Eden filmak. Herri txiki batean, IRAko kide bati estatua bat egiteko asmoak tentsioak pizten ditu; tirabira horiek kontatzen ditu filmak. Baina badira adibide gehiago ere. Adibidez, abortua eta adingabeen prostituzioa ditu oinarri 1960. urtean estreinatutako Too Young to Love filmak, eta A Simple Man-ek (1964), berriz, futbolzale barnekoi baten eta prostituta baten arteko harremana kontatzen du.

Jakina da industriako gizonek maiz maldan gorakoa egin ziotela lana, eta izan zela aurka egin zion aktorerik ere. Halere, Boxek eutsi egin zion zinemagile izateko asmoari. Script gisa hasi zuen ibilbidea, eta bi ekoizpen etxe ere sortu zituen senarrarekin batera: Verity Films izenekoa, lehenik, eta London Independent Producers, ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.