Eztabaidari aurrea hartu ziona

'Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria' liburua argitaratu du Iñaki Zabaletak. Euskal nazioari eta euskarari buruz Humboldtek egin zituen ikerketak ditu oinarri haren lanak

Iñaki Zabaleta EHUko irakaslea, Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria liburua eskuetan duela. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
Gasteiz
2018ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Maitasun istorio bat izan daiteke, baina hori baino gehiago da Wilhelm von Humboldtek eta Euskal Herriak duten harremana. Prusiar humanista, filosofo, politikari eta hizkuntzalari ezagunaren eta Euskal Herriaren eta, bereziki, euskararen arteko lotura ez baita nolanahikoa. Ia kasualitatez egindako bidaia bati esker hasi zena, urteetan zimendatu zuten ondoren. Izan ere, euskal nazioari eta euskarari buruz egindako saiakera eta ikerketek leku esanguratsu bat dute ikerlariaren obren artean. Horiek guztiakezagutarazi eta modu ordenatu batean bere pentsamendu antropologikoarekin erlazionatzea du helburu, hain zuzen, Iñaki Zabaletaren Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria liburuak. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle da Zabaleta. Abenduan argitaratu zuen EHUko argitalpen zerbitzuak lana, baina xehetasunen berri eman du orain idazleak.

Gaurkotasunarekin zerikusi nabarmena du Zabaletaren lanak. Izan ere, nazio kontzeptua ahoz aho entzuten den eta horrenbeste eztabaida sortzen dituen garai honetan, beharrezkoa da, idazlearen esanetan, atzera begiratu eta aurretik zein irakurketa egiten zuten aztertzea. Bada, Humboldten lanek horretarako bide eman dezaketela iritzi du Zabaletak, eta argi printza bat eman eztabaidari. «Kontzeptu polemiko bat bezala ikusten dugu egun nazioarena. Eta, nola edo hala, beharrezkoa ikusten dut nazio kontzeptuaz hausnartu eta pentsatzea jakiteko zertaz ari garen. Eta, hala ere, nazio kontzeptuaren historiari erreparatzea, gaur egungo kontzeptua ulertzeko».

Izan ere, «naturaltasun eta normaltasun guztiarekin» hitz egin zuen Humboldtek euskaldunei buruz nazio gisa termino kulturalak erabiliz, Zabaletak argitu duenez. Prusiako hizkuntzalari eta humanistak garbi ikusi zuen nazioa eta hizkuntz komunitatea sinonimoak direla. Humboldten ustez, erabat lotuta zeuden bi kontzeptuak. Hori horrela, idazleak iritzi dio «berezia» dela garai hartan euskara eta euskal nazioa elkartzea; are gehiago, Frantziako Iraultzaren ondoren, nazio eta estatu kontzeptuak inoiz baino gertuago jarri ziren garai historikoan. «Humboldtek, beste hainbat pentsalarik egin moduan, nazioa estatuaren aurretiko zerbait dela aldarrikatu edo gogorarazi zuen; pre-politikoa dela, alegia, eta politikak ezin duela erabaki zer den nazio eta zer ez. Harentzat euskara desagertuz gero, euskal nazioa ere desagertuko litzateke».

Nolanahi ere, Zabaletaren liburuaren helburua ez da Humboldtek euskal kontuez esaten zuen kontu bakoitza aztertzea, hark mahai gainean jarri zituen kontzeptu eta teoriak zentzu zabal batean ulertaraztea baizik. Izan ere, «modaz pasa ezin daitekeen» hausnarketa bat dela dio Zabaletak: «Kontuan hartu beharko genuke». Aurre hartu baitzion Humboldtek nazio kontzeptuaren eztabaidari.

Bizitza erdia euskarari

Prusiako hizkuntzalari eta humanistak Euskal Herrira egin zituen bidaiak dira Zabaletaren liburuaren oinarri. Bi egin zituen: 1799an lehenengoa, eta 1801ean bigarrena. Zortzi eguneko zeharkaldi bat izan zen aurrenekoa, ia ausaz eginikoa, familiarekin batera Madrilera bidean zela egin zuena. Harrituta geratu zen euskararekin orduan, eta espresuki itzuli zen bi urte geroago; 31 egun iraun zuen bigarren egonaldiak. Euskara eta euskal kulturari buruzko informazioa biltzen aritu zen probintzia guztietatik zehar Humboldt orduan. Zabaleta: «Herri hizkuntza batekin egin zuen topo hemen; literarioki, akademikoki zientifikoki landu ez zen hizkuntza batekin. Hizkuntzaren lehenengo funtzioa antropologikoa dela jabearazi zuen horrek: hau da, gizakiari gizaki izaten ahalbidetzeko funtzioa duela hizkuntzak».

«Txipa» aldarazi zion horrek, eta «inflexio puntu bat» eragin bere lan ildoan: norabide berri bat hartu baitzuten ikerketa lan guztiek, Zabaletaren arabera. Hizkuntzaren ikerketa linguistikora eta filosofikora zuzendu zituen ikerketak orduz geroztik Humboldtek. «Edo, beste modu batera esanda, gizakia aztertzen eta ikertzen jarraitu nahi zuen Humboldtek, baina hizkuntza erdigunean jarrita». 34 urte zituen Euskal Herrira iritsi zen bigarrengo aldian. Beste 34 urtez bizi izan zen, eta 1835. urtean hil zen. Bizitza erdia eman zion bada euskara eta euskal nazioa aztertzeari.

Bi ataletan banatu du Zabaletak liburua: Euskal Herrira egindako bidaien nondik norakoak azaltzen ditu lehenengoan. Haren proiektu antropologiko eta humanistak ditu oinarri idazleak horretarako. «Horren baitan uler daitekeelako Humboldtek euskaldunekin zuen interesa». Fisionomia, herri kultura edota politikagintzari buruz jasotako oharrak ditu hizpide Zabaletak, besteak beste, lehenengo zatian.

Bisiten ondorengo hogei urteetan Euskal Herriarekin lotuta egindako saiakera eta ikerlanen berri ematen du, berriz, bigarrengo atalean; urteak eman baitzituen jasotako informazioa ikertzen. Euskal monografiaren egitasmoa, egonaldiari esker garatu zuen hizkuntzaren teoria edota euskarari buruz egindako ikerketa lexiko eta gramatikoak aipatzen ditu bertan Zabaletak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.