Sagartutako jendea, plazara

Hika Teatroa konpainiak eta Oinkari dantza taldeak 'Sagartu' kaleko ikuskizuna erakutsiko dute gaur, Zarautzen. Sagarraren sinbolismoaz nahiz pisu historikoaz egiten du gogoeta

Oinkari taldeko dantzariak, Villabona-Amasako beren lokalean, ikuskizunerako entseatzen, Agurtzane Intxaurraga zuzendari dutela. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Villabona-Amasa
2017ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Bero sapa Villabona-Amasan (Gipuzkoa). Hemeretzi aulki, borobilean jarrita, Oinkari dantza taldearen entsegu lokalean. Pixkanaka joan dira eseriz dantzari gazteak. Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroa konpainiako zuzendaria borobilaren erdian da, azalpenak ematen. Hizketaldia amaitu, eta denak altxatu dira, nork bere lekua hartu, eta entsegua hasteko prest. Miren Gojenola aktorea atera da erdira, eta errezitatzen hasi: «Errege sagarra, Errezil sagarra, Txori sagarra, Urtebitxiki, Txalaka, Patxuola...». Banaka-banaka, beren izenak entzun balituzte bezala, dantzari gazteak erdigunean bilduz joan dira. Pausoz pauso, dantza, antzerkia eta musika uztartuz, Sagartuz ikuskizuna osatuz joan dira. Gaur estreinatuko dute lana, Zarauzko (Gipuzkoa) Munoa plazan, 22:00etan, Kalerki jaialdiaren barruan.

Sagarra da obraren elementu zentrala. «Sagartu etorri zitzaidan burura», azaldu du Intxaurragak, «baina gehiago sagartutako emakume bezala, hainbeste sagar jan eta azkenean sagartuta bukatzen duzula bezala». Izan ere, betidanik izan omen da «sagarzale amorratua»; beti eraman izan du aldean sagarren bat, edozein unetan jateko. Oso berea sentitzen du. Hala, duela bi urte, Oinkarikoek deitu eta elkarrekin lan bat egiteko proposatu ziotenean, sagarraren ideia etorri zitzaion burura. «Hainbat gauza hasi nintzen probatzen, eta iruditu zitzaidan sagarra oso moldagarria zela, oso erakargarria, oso dinamikoa». Handik gutxira, Sagardogileen Elkartetik deitu zieten Sagardo Apurua festarako, eta moldaketa bat prestatu zuten. «Esperientzia ederra izan zen. Egun bakarrerako zerbait zen berez, baina orduan jada pentsatu nuen gerora zerbait egin zitekeela honekin».

Izan ere, oholtza gainerako elementu dinamikoa dela iruditzeaz gain, sagarra bera sinbolismoz beteta dagoela ekarri du gogora Intxaurragak. Euskal Herriko historian izan duen pisua nabarmendu du. «Gure herri honetan garrantzia handia izan du; baserriak sagarraren inguruan egin du aurrera, tolarea erdigune modura hartuta, eta Gipuzkoan batez ere, jada duela urte asko sagardotegi ugari egon da». Baina harago ere badoa sinbolismo hori. «Gure tradizioari uko egin gabe eta hortik abiatuta, sagarrak historian izan dituen beste esanahi asko ere, paradisutik hasi eta honaino, plaza horretan jarri nahi nituen; geuretik hasita, istorio unibertsalagoa kontatu». Sagarra maiz bekatuari lotuta agertu izan dela ekarri du gogora, «tentagarria den baina ukitu ezin den zerbaiten gisan, eta askotan, emakumea atzean dagoela». Paradisuko sagarra, Edurne Zurirena, Gillen Tellena, Newtonena... irudi moduan, ikuskizunean agertuz joango dira. Nola? «Zuzeneko musika, dantza eta antzerkia uztartuz, eta dena historia batean harilkatuz, sagartutako jende horien omenez».

Eneko Gilek hartu zuen koreografiak prestatzeko ardura, eta Intxaurragak zuzendaritza eta dramaturgiarena. «Oinarria euskal dantza da, baina oso teatralizatua». Oinkariko hemeretzi dantzarik parte hartuko dute, zuzeneko musikarekin. Iñaki Dieguez eskusoinu jotzaileak ikuskizunerako berariaz prestatu du musika, eta Iker Telleria perkusioan lagun izango du zuzenean. «Dieguezek lan garrantzitsua egin du. Zer nahi nuen galdetu zidanean, nik argi nuen guretik abiatu behar bagenuen Sagarra jo kantuak izan behar zuela gure leitmotiva; herri osoak ezagutzen du eta oso geurea da, baina ez nuen horretan geratu nahi». Hala, arin-arinetik funky-raino doazen doinuak entzungo dira, musika klasikoa barne. Istorioa harilkatzeko, berriz, Intxaurragak eta Arantxa Iturbek idatzitako hainbat testu entzungo dira, Miren Gojenolaren ahotsean.

Elkarlanaren bidetik

Ez da Oinkarik eta Hika konpainiak elkarlanean jarduten duten lehen aldia. 2012an, Amantalen ahotsa ikuskizuna taularatu zuten, eta, urtebete geroago, Itsasoaren emazteak. Tamaina bereko beste obra bat egiteko nahitik sortu dute Sagartuz. «Oinkarik zerbait egin nahi zuen, eta nik ere gogoa baneukan. Dantza izan da betidanik nire grina. Antzerkitik jo nuen, baina nire benetako pasioa beti izan da dantza; gerora ere beti egin izan dut dantza, eta uste dut nire antzerkiak ere asko duela dantzatik», dio Intxaurragak.

Areto barrurako ikuskizun bat sortzea izan zuten buruan hasiera batean, baina uda zetorrela ikusita, kalerako ontzea erabaki zuten. «Oinkari berez plaza taldea da, eta guk Hika moduan ere kalerako ikuskizunak egiten genituen gure lehen urteetan. Gerora ere, azken urteetan, beste konpainia batzuentzat kaleko ikuskizunak sortzea suertatu zait».

Orain, herriz herri, kalean ikuskizuna erakusten ibili nahiko lukete. «Nik uste dut badituela osagaiak festarako, hausnarketarako eta jolaserako». Hala ere, zuzendariak ez du baztertzen obra aurrerago areto barruan emateko moldatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.