Brossaren hitz irudikatuak

Artium museoak Joan Brossa poeta kataluniarraren ibilbide artistikoa laburbiltzen duen erakusketa zabaldu du: 'Brossa Poesia'. Orotara, 600 pieza inguru daude

Erakusketa Bartzelonan jarri zuten Gasteizera ekarri baino lehen. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ertz askoko artista izan zen Joan Brossa (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1919-1998). Ororen gainetik, baina, poeta izan zen. Hitzarekin jolas egiten zuen, esperimentatu eta zirikatu. Bada, haren poesia ekintzak, irudiak eta objektuak biltzen dituen erakusketa bat antolatu du Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak: Brossa Poesia. Erakusketak Brossaren ibilbide artistikoa laburbiltzen du, idatzi zuen lehen liburutik hasi eta egin zituen azken ikerketa plastikoetaraino; tartean dira, halaber, antzerkirako, zinemarako edota ekintza arterako egindako piezak ere. Ez da erakusketa kronologiko bat, ordea. Artistaren sorkuntza prozesuan sakondu nahi izan dute erakusketan dauden 600 pieza baino gehiagorekin. Erakusketak haren lan egiteko moduan eragin zuenaz hitz egiten du, ahozkotasuna, antipoesia eta performancea tartekatuta. «Poesia dena zen harentzat, eta hala islatu nahi izan zuen bere egunerokoan ere», azaldu du Teresa Grandas erakusketaren komisarioetako batek. Irailaren 23 arte egongo da ikusgai, Gasteizen.

Erakusketak 2011n du oinarria, Joan Brossa Fundazioak urte hartan utzi baitzuenolerkariaren funtsa Macba Bartzelonako Arte Garaikideko Museoaren esku: orotara, 50.000 objektu eta dokumentu. Guztiak katalogatu eta antolatu zituen museoak, et,a aukeraketa bat egin ondoren, erakusketa bat osatu zuen. Bartzelonan izan ondoren, Euskal Herrira iritsi da orain, bi museoen eta fundazioaren lankidetzari esker. Daniel Castillejo Artiumeko zuzendariaren arabera, «erakusketa askea da, Brossa bera zen modukoa». Teresa Grandas eta Pedro G. Romero dira erakusketaren komisarioak.

Bost esparrutan egituratzen da Brossa Poesia erakusketa. Aurrenekoan, poetaren idatziak daude batez ere. Haren poetika taxutzen eta definitzen hasten denekoak dira gehien-gehienak; 1950eko hamarkadakoak, alegia. Izan ere, 1936ko gerraren ostean garatu zuen kataluniarrak bere jardun artistikoa, frankismoaren etadiktaduraren testuinguru politiko, sozial, eta kultural berezi batean.

Estetikari eta gramatikari eskainita dago Suites izeneko bigarren atala. Poemas habitables (1970) obratik egindako aukeraketa zabal bat da. Orri batek eskain ditzakeen mugak apurtuz, artista gai da hizkuntza poetiko aberats bat eratzeko. Horretarako, jolasen eta solasaldien moduko elementuak baliatzen ditu.

Brossaren poetika aztertzen duen atal bat ere bada erakusketan. Hain zuzen, transformismoaren eta konbentzionalki artistikotzat jo ez diren arte adierazpenen bitartez egiten da hori: striptease-a eta magia, besteak beste. Brossak bere ibilbide artistikoan nabarmen jorratu zituen bi arte adierazpen horiek. Hirugarren atalak badu, halaber, ekonomiarekin lotura ere; hau da, artistak merkatua nola ulertzen zuen aztertzen da atal horretan, eta gero bere obretan erakusten nola islatzen zuen ikuspegi hori.

Erakusketaren laugarren atalean, berriz, 1988 eta 1989 bitartean Municheko (Alemania) Mosel & Tschechown, Madrilgo La Maquina Española, eta Bartzelonako Joan Prats galerietan egindako erakusketetan inspiratutako obrak ikus daitezke.

Azkenik, beste poeta batzuekin zuen harremana islatzen da azken atalean. Marcel Marien belgikarraren, Ian Hamilton Finlay eskoziarraren eta Nicanor Parra txiletarraren obrekin zituen antzekotasunak laburbiltzen dira. Izan ere, poeta kataluniarraren unibertso artistikoan erreferente izan ziren haiek poesia ulertzeko zuten ikuspegi berezia, jorratzen zituzten gaiak edota kontzeptuekin zituzten hurbiltasunak. Hain zuzen, horregatik izendatu dute azken atala Brossa konstelazioak.

Brossa aitzindari izan zen hainbat esparrutan, eta haren egokitasun politikoak ere zeresan handia izan zuen. Izan ere, erabat hautsi zuen hizkuntza literarioa. Pedro G. Romero erakusketaren komisarioaren hitzetan, artistaren lanek Kataluniaren gaurkotasuna «ulertzen» lagundu dezakete. «Independentziari, subiranotasunari eta hizkuntzari buruz hitz egiteko zuen konplexutasuna aintzat hartuta, haren obrak gaurkotasun nabarmena du. Brossaren hitzek Kataluniaren orainaldia irakurtzen eta ulertzen lagundu dezakete oraindik». Ironia eta kritika oso nabarmenak dira haren obretan. Herrialde katalanei edota egoera politikoari erreferentzia egiten dieten lanak dira horren adibide.

Erakusketa,antzeztua

Joan Brossak modu zabalenean ulertzen zuen poesia. Izan ere, haren obrak badu antzerkitik, zinematik eta ekintza artetik ere, idatzitik aparte. «Brossaren poesia egiteko, ikusteko, entzuteko eta antzezteko poesia da», adierazi du Grandasek. Bada, ezaugarri horiek ikusarazteko asmoz performer talde batek garatu du erakusketa lehengo astean. Idoia Zabaleta, Txubio Fernandez de Jauregi eta Pako Revueltasek osatutako hirukoak oholtzaratu du poetaren obra. «Lan izugarri ona egin dute hirurek, eta proiektu hau hazten lagundu dute. Antzezpenak bultzada berezi bat ematen dio erakusketari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.