Baserria txosna gunean

Baserri giroa ekarri nahi izan dute Euskalgunera aurten.Folklore azoka bat egin dute; euskal jantzi eta musika tresnak eros daitezke.Umeentzako lorezaintza tailerra antolatu dute Eguzkizaleek

Baserria txosna gunean.
Bilbo
2015eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Baserri giroa ekarri nahi izan dute hirira Euskalguneko konpartsek aurten, eta, asmo horrekin, folklore azoka bat eta haurrentzako lorezaintza tailer bat egin zituzten atzo eguerdi aldera. Euskalgunetik zebilen jende ugari gerturatu zen azokako postuetara: euskal jantzi eta musika tresna tradizionalak egin eta saltzen zituzten bertara joandako artisauek. Horiek erosteko eta probatzeko aukera izan zuten Euskalgunera bildutako hamaika lagunek.

Urtero-urtero, azoka bat antolatzen dute Euskalgunean, eta, aurten, folklore azoka bat egin dute. Perkusio tresnak ekarri zituzten, esaterako, Jotzen tailerreko lagunek: txalapartak, panderoak, kaxoi flamenkoak eta perkusio txikiak. Normalean enkarguz lan egiten duten arren, «oso noizbehinka» azoketara joaten dira, Iker Perez Iturralde artisauak azaldu zuenez. Portugaleteko Musika Tresnak dendako Eztizen Perezek, berriz, koilarak eta albokak eraman zituen, besteren artean. Haren aitak, Txema Perezek, urte piloa daramatza musika tresnak egiten.

Handik oso gertu, haien txanda noiz helduko zeuden dozenaka gaztetxo: lorezaintza tailerrean parte hartu nahi zuten. Eguzkizaleak konpartsako Iratxe Garrido Tejedorrek nabarmendu zuenez, urtero antolatzen dute lorezaintza tailerra, eta oso harrera ona izaten du. «Beti egiten dugu, baserri ingurua txosnagunera gerturatzeko».

Hala, zenbait uraza mota landatzen irakatsi zieten Eguzkizaleko zenbait konpartsakidek bertaratutako ume mordoari: lurra bota, aza lurrean finkatu, lur pixka bat gehiago, eta ura gehitu. «Etxera eramaten dituzte, hazteko, zaintzeko, eta, gero, jateko». Esaterako, eskarola landatu zuten Ines Ibañezen semeek, Aratzek eta Izeik. «Goizero etortzen gara txosnagunera; beti dago egiteko zerbait, eta oso ondo pasatzen dugu», azaldu zuen Ibañezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.