Sanprudentzioak Matienan (Abadiño)

Gazteek elkar ezagutzeko jaiak

Gaur hasiko dira Abadiñoko Matiena auzoko jaiak, eta datorren igandera arte iraungo dute. Jolas eta ekitaldiak antolatu dituzte, herriko kuadrillen arteko harremanak estutzeko

Herri bazkaria egingo dute bihar, Traña plazan. Adin guztietako jendea batzen da, jai giroan. JON HERNAEZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Jaiak asko du jolasetik, eta baita jolasak jaitik ere. Matienako jaietan (Abadiño, Bizkaia), berdin du zein den noranzkoa, baina biak batera doaz eskutik. Gaur abiatuko dira San Prudentzio jaiak, Donien Atxa edo makalaren enborra zutik jartzearekin batera. Ekitaldi horrek jaien hasiera irudikatzen du, eta, orduan hasi eta datorren igandera arte, festa giroa zabalduko da Abadiñoko auzoan. Denbora horretan, abadiñarrek aukera ugari izango dituzte jokoetarako eta festa egiteko.

«Giroari ematen diogu guk garrantzia», azaldu du Jon Azagirre txosna batzordeko kideak. Jai batzordearekin batera, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, baina beste hainbat euren kabuz egingo dituzte; adibidez, gaurko txupinazoa. Donien Atxa altxatu eta gero, txosnagunean pregoia irakurri eta jaiei beste hasiera bat emango diete, suziria jaurtitzearekin batera. «Parrillada bat eta erromeria ere egongo dira, giroari berebiziko garrantzia ematen baitiogu». Oxabi taldea arituko da gaurko gaua alaitzen.

Baina, txosna batzordeak antolatutako ekitaldien artean, jolasak izango du presentzia nabarmena. Esaterako, bihar eguerdirako herri bazkariaren ostean, kuadrillen arteko jokoak egingo dituzte: «Oraindik ez dakigu zer jolas izango diren, baina aulkiaren jokotik harago joan nahi dugu». Baina jokoak berak baino, garrantzia handiagoa du baliabide horrekin lortzen dutenak. Hain zuzen, gazteek elkar ezagutzeko balio dute joko horiek: «Ez da kuadrillen artekoa; bakarrik ere izen eman daiteke, eta asmo nagusia giroa hobetzea da; horrekin ez dugu esan nahi giro txarra dagoenik, baina elkar ezagutu eta ondo pasatzea da helburua».

Duela lau urte hasi ziren Gazte Eguna antolatzen, asmo horrekin, herriko gazteak lokaletatik atera eta festetan parte har zezaten. Aurten, Gazte Egun hori astelehenean egingo dute, eta orduan ere hainbat joko egingo dituzte bazkariaren amaieran. «Kuadrillen arteko harreman hori bilatzea da asmoa, giro ona sortzea», Azagirreren arabera. Urterik urte,egitasmoa arrakasta izaten ari da, eta parte hartze handiagoa sumatu daiteke jaietan bertan.

Jaiak gaur abiatuko dira, Donien Atxa igotzearekin batera, baina biharkoa ere egun berezia izango da. Mozorro eguna izango da herrian, eta mozorrorik onena nork daraman epaitu eta saritu ere egingo dute. Baina, horren aurretik, herria zeharkatuko dute denek, kalejiran, soinean hainbat kolore dituztela. «Jaietan giroa bermatuta dagoela esan daiteke», dio Azagirrek. Iluntzean, gainera, Puro Relajo eta Garilak 26 musika taldeen emanaldiak ere izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.