Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura Literaturaren 'carpe diem' bat

Publizitatea

Kultura

Literaturaren 'carpe diem' bat

Bilboko Azkuna zentroan egin dute Euskadi Literatura Sarien banaketa ekitaldia. Literaturak «leihoak zabaltzeko» duen gaitasuna azpimarratu dute sarituek
Euskadi Literatura Sarien banaketa ekitaldia egin zuten atzo, Bilboko Azkuna zentroan. Irudian, sarituak.
Euskadi Literatura Sarien banaketa ekitaldia egin zuten atzo, Bilboko Azkuna zentroan. Irudian, sarituak. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-11-14 / Iñigo Astiz

Carpe diem klasikoa. Eguna bizitzearen aldeko aldarri moduko bat desiratuz amaitu zuen atzo Asier Serrano idazleak Linbotarrak liburuagatik jaso zuen Euskadi literatura saria hartzerakoan emandako esker oneko hitzaldia. «Poesiak zauritu ninduen behin, eta orain zuek poesia saritu duzue. Akaso ez da nahikoa, baina gaurkoagatik, eskerrik asko bihotzez». Hilabete dela jakinarazi zituzten sarituak, baina atzo egin zuten sariak banatzeko ekitaldia, Bilboko Azkuna zentroan. Serranorekin, han izan ziren beste sei sarituak ere: Arantxa Urretabizkaia, Leire Bilbao, Mikel Valverde eta, azkenik, Matias Mujika, Fernando Aranburu, eta Ander Izagirre. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak eman zizkieten oroitarriak. Ikurrarekin batera, saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskuratu ahalko ditu bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Umorez hasi zuen bere hitzaldia Arantxa Urretabizkaiak. «Hainbestetan egon naiz zuek zaudeten lekuan ni orain nagoen lekuan dagoenari begira, uste baitut badakidala zein den saritu zintzoaren egitekoa». Idazlearen hitzetan, hiru puntu bete behar ditu saritu zintzoak: labur izatea, eskerrak ematea, eta saria eskaintzea. Eskerrak eman zizkien labur irakurleei, argitaletxeari eta epaimahaiari, eta etxekoei eskaini zien: «Sari hau, oso-osorik eta bete-betean, nire gizonentzat. Hainbeste gauzaren kalte-ordainetan».

Izan ere, Bidean ikasia liburuagatik saritu du epaimahaiak euskarazko saiakeraren Euskadi sariarekin, eta Hondarribiko alarde parekidearen historia kontatzen du hartan idazleak.

Xomorropoemak eta beste piztia batzuk liburuagatik irabazi du haur eta gazte literaturako Euskadi saria Leire Bilbaok. Leihoak zabaltzearekin parekatu zuen literatura atzo. «Urte andana daramatzat leihorik gabeko lantoki batean lanean, eta, irakurtzea maite dugunontzat, literatura sarri askotan leiho bilakatzen da». Eta bereziki umeei leiho horiek eskura jartzeko beharra nabarmendu zuen idazleak. «Ez da kasualitatea euskaraz begira hitzak esanahi anitz izatea: zaindu, errespetatu, kontserbatu. Jarri gaitezen, ba, haiei begira, haiek ere begira gaitzaten».

Eskerrak, infernutik

Matias Mujika itzultzaileak bere ofizioaren zailtasuna aitortu zuen. «Itzulpen hau bitxikeria handia da», hasi zuen bere esker mezua. Izan ere, Francois Villon poeta frantziarrak Erdi Aroan idatzitako moldeen parekideak bilatuz osatu du haren testuen itzulpena. Halako lanen probetxu publikoaz egin zuen galdera lehenik, baina poztu egin zen galdera horren erantzuna ez zegokiolako berari. «Nik arrazoi erabat pertsonalak izan ditut hau egiteko, eta horiek baino ez ditut hartuko nire gain». Poeta frantsesaren izenean ere eman zituen eskerrak. «Villonek ere infernutik, bere ohiko putetxeak eta kartzelak utzita, orain duda arrastorik gabe bizileku duen lekutik, hark ere, ziur naiz, bere esker ona bidaltzen dizue nire ahotik».

Anbizioa nabarmendu dio epaimahaiak Fernando Aranburu idazlearen Patria liburuari. Azken 40 urteetako euskal gizartea deskribatzeko zehaztasuna ere txalotu diote, eta horregatik jaso du Euskadi literatura saria, gaztelerazko modalitatean. Idazleak atzo zehaztu zuenez, nagusiki literarioa izan da bere lana. «Bere begiak utzi dizkit literaturak nire sasoia eta izan genituen hamarkada odoltsuak aztertzeko». Ez da hori bakarrik izan, ordea, atzo aitortu zuenez. «Nire idazle begiradak osagarri etiko bat ere izan zezan nahi izan dut». Eta atzo zehaztu zuenez, biktimak hartu ditu apustu etiko horren ardatz, eta baita zuzenbide estatua ere.

Ikusgarritasuna helburu

Kazetari ofizioaren defentsa egin zuen Ander Izagirrek bere txandan. Gaztelerazko saiakera saria jaso du berak Potosí lanagatik. «Miseria erakusten bada, miseria hori sortzen duten mekanismoak erakutsi behar dira, nork irabazten duen zapalkuntza horrekin». Eta bere ofizioaren defentsan Mikel Valverde ilustratzailea ere. Versos de deportes liburuan egindako lana saritu diote. Haren hitzak: «Uste dut gure herrian ilustratzaile oso onak daudela. Ilustrazioak aplikazio asko ditu, eta nik literaturan eta liburuetan egiten ditut ilustrazioak. Konbikzioz egiten dut hori. Iruditzen zait istorioak kontatzeko modu hori ikaragarria dela».

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzetan, ikusgarritasuna da sarien azken helburua. Urkullu: «Haien lana agerikoagoa egiten lagundu nahi dugu, eta horiek irakurtzeko gonbita egin nahi dugu». Zupiria Kultura sailburuak ere sarien bozgorailu lana azpimarratu zuen. «Sortzaileei egindako omenaldi moduko bat da sariketa».

Ospakizun egun bat. Literaturaren carpe diem bat.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak