Espainia batua lotzeko bostekoa

Rajoy eta Sanchez ados jarri dira Katalunian egitekoa diren galdeketa eragotzi beharra dagoela.Presidentearen eta PSOEren burua lehen aldiz bildu dira, oso giro adeitsuan

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Mariano Rajoyk lortu du helburua: PSOEren babesa eskuratu du Kataluniako subiranotasun prozesuaren aurka egiteko. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi berria Espainiako gobernuburuarekin bildu da alderdiak kargurako hautatu eta biharamunean, eta aurkitu dute elkargunea: independentzia asmoak ezabatu egin behar dira. Zehazki, Katalunian azaroaren 9an egitekoak diren galdeketa eragotzi beharra plazaratu dute. Adeitsu aritu dira Espainiako Gobernuko presidentea eta oposizioko alderdi nagusiko idazkari nagusia, Moncloa jauregian, luzaro. Rajoyk besoak zabalik jaso du Sanchez, eta irribarreak eta solasaldi lasaiak trukatu dituzte biek kameren aurrean. Agerikoa izan da Rajoyk Sanchez erakartzeko intentzioa, eta Sanchez gustura azaldu da. Baita bileraren ondoren hedabideen aurrean egindako agerraldian ere. «Bilera adeitsua eta positiboa izan da. Asko hitz egin dugu, eta elkarrizketa leial, zintzo eta argia izan dugu». Aurrerantzean ere hala izango den esperantza azaldu du.

PPko buruzagiek goizean azaldu dute publikoki Rajoyren asmoa: lurralde zatiketarik ez duela inolaz ere nahi azaldu dute. Espainia bakar eta batua blindatu nahi duela. Are, Katalunia badoala mehatxu egiten ari dela. Espainiaren lurralde antolaketaren inguruan PSOEren babesa nahi du Rajoyk. Argi erakutsi du Maria Dolores Cospedal PPren idazkari nagusiak: «Lurralde ereduari buruz jarrera bateratua ezinbestekoa da».

Arratsaldeko bileran, gaiaren inguruko akordioa eskaini dio Rajoyk Sanchezi. Espainiako Konstituzioak lurralde egituraketari buruz dioena blindatzen saiatzeko asmoa zuen: Espainiak bakarra eta batua izan behar duela eta nazio subiranotasuna espainiar guztiei dagokiela. Alegia, euren etorkizuna erabakitzeko ahalmena ez dagokiela ez euskal herritarrei ez kataluniarrei soilik. Kataluniarrek independentziari buruz egin nahi duten galdeketa ez litzatekeela zilegi. Horixe hitz egin, eta horixe nabarmendu du PSOEko buruak. Legez kanpokoa dela eta eragotzi egingo dutela.

Hain zuzen, Kataluniari buruz ezin duela «distantziarekin»jardun esana zion goizean PPk PSOEri. Busti egin behar duela. Eta «eredu konstituzionala» defendatzen badu «independentismoaren» aurka egin behar duela.

PSOEko buruak, bestalde, «Kataluniako krisia» konpontzeko «zubiak eraiki» behar direla adierazi du; ez dela «harresiak» eraikitzeko garaia. Hartarako, Konstituzioa aldatu eta Espainia estatu federal gisa osatzea proposatu dio Rajoyri. Gobernuburuaren erantzunen berririk ez du eman PSOEko buruak. «Ea zer dioen» itxaron behar dela ere adierazi du.

«Hasiera txarra»

Bilera izan aurretik, alderdi abertzaleek desilusioa hartua zuten PSOEko idazkari berriaren lehen adierazpenekin. «Euskal gatazka eta katalana konpondu nahi badira, hutsetik hasi behar dugu guztiok. Hasiera txarra da Sanchezena; ez da konponbideak ekarriko dituen hasiera», esan du Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen taldeko bozeramaileak.

«Ezertxo ere ez da aldatu PSOEren barruan», ondorioztatu du Amaiurrek. Areago, Sanchezek lehen hitzaldian irainak ere egin zituela salatu du: «Independentismoa eta indarkeria matxista alderatzea inteligentziari irain egitea da». EAko Ikerne Badiolaren ustez, «aldarte demokratikorik eza» erakusten dute hitz haiek.

Gaia pil-pilean dagoela, bihar bilduko da Rajoy Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentearekin. Iñigo Urkullu lehendakaria ere bilera egiteko zain dago, baina ez du hitzordurik lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.