Hiru bideren batura

Gure Esku Dago-ko, ANCko eta Yes Scotland-eko eledunek ezinbesteko ikusten dute herritarrak egituratzea.

Donostiako jardunaldietan izan dira
Stephen Noon, Zelai Nikolas eta Pere Puges, atzo, Donostian.
Stephen Noon, Zelai Nikolas eta Pere Puges, atzo, Donostian. A. CANELLADA / ARP

Enekoitz Esnaola -

2014ko abenduak 11
Gure Esku Dago (Euskal Herria), ANC (Katalunia) eta Yes Scotland (Eskozia) mugimenduek lehen aldiz egin dute ekitaldi bat elkarrekin. Donostian izan da, EHUn, Nazioak eta Estatuak XXI. mendean: Demokrazia eta Erabakitzeko Eskubidea nazioarteko jardunaldietan. Pere Pugesek (ANC) badu arrazoi bat orain artekoa azaltzeko: «Kataluniako eta Eskoziako prozesuak paraleloak direnez, gu saiatu ginen eskoziarrekin batera gauzak egiten, baina ez genuen lortu. Ohartu ginen haiek dagoeneko estatu gisa ari zirela jokatzen, euren interesei begira soilik. Ulertu genuen mezua», esan du, Zelai Nikolas (Gure Esku Dago) eta Stephen Noon-ekin (Yes Scotland) batera egindako mahai inguruan.

Pugesek aitortu du «ona» litzatekeela Euskal Herriak, Kataluniak eta Eskoziak «fronte bat» osatu eta Europara jotzea, baina, bestalde, ohartarazi du horrek «arriskurik» balukeela, orduan zenbait estatuk euren baitako mugimendu identitario batzuk pizteko «mehatxua» ikusiko luketelako. Ondorioz, Pugesek estrategia egokia deritzo bakoitza bere kasa aritzeari.

Noonek aipatu du duela gutxi «egun batez behintzat, subirano» izan zirela eskoziarrak, irailaren 18an «independentziarako erreferenduma egin zelako». Pugesek erantsi du katalanek ez dutela erreferendum legezko bat egiteko aukerarik izango, Espainiako Estatuak ahalbidetuko ez dielakoan, baina garrantzi handia eman dio azaroaren 9an egin zuten kontsultari. «Estatuari desobediente izanda bozkatu genuen bi milioi pasa lagunek, eta ez zen ezer pasatu. Ate bat ireki zitzaigun». ANCkoak azaldu du orain «izaera plebiszitarioko hauteskundeak» direla katalanei geratzen zaien «formula bakarra», eta haien ondoren «burujabe» balira bezala jarduteko proba izan zela azaroaren 9koa. «Bide batez, independentismoa sustatzeaz gain, demokratizazioaren kontzeptua sakontzen ari gara».

Helburuetan beste era bateko dinamika da Gure Esku Dago: erabakitzeko eskubidea du aldarri. Nikolasek adierazi du hiru fase dituztela marraztuak: «Aurrena, erabakitzeko eskubidearen sozializazioa da. Gizartea kohesionatzen duen kontzeptu bat dela ikusi da. Bigarren fasea, denon artean borondateak jostea da, gero erabaki ahal izan dezagun. Eta hirugarrena, erabakitzea bera da». Gure Esku Dago-koak azpimarratu du aurten Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia) euskal estatusaz herri galdeketek egin dituztela, eta halako gehiago egon daitezen protokolo bat lantzen ari direla.

Izaera berekoak

Izaeran, bederen, mugimendu berdinak dira Gure Esku, ANC eta Yes Scotland: herritarrak dira. «1977an, Kataluniako alderdiek, estatuko trantsizioaren alde eginda, Biltzar Nazionala kolpatuta utzi zuten. Doikuntza batzuk egin genituen guk gerora: ANCra herritar moduan sartuko zen bat». Alderdi subiranistekin konfiantzako harremana dutela dio, baina prozesu independentistan haiek batera aritu daitezen «bultzatu» egiten dituzte. «Estatua lortu artean, geure arteko borrokak albo batera utzi behar ditugu. Gero borrokatuko gara, estatua izatean. Beraz, orain batasuna ereitea da gure lana».

Noonek esan du «SNP alderdi ireki bat» dela; «herritarrengan uzten ditu gauza asko». Nabarmendu du erreferendum kanpaina, batez ere, herritarrek egindakoa izan zela. «Mugimendu bat egituratu genuen. Horretarako, ezinbesteko jo genuen sare sozialak erabiltzea eta kalean aritzea». Horrez gain, ordea, «alderdi independentista bat gobernura iristea ere gakoa da». SNP heldu zen 2007an, eta horrek prozesua «erraztu» egin duela dio Noonek. Galdu egin zuten kontsulta, «baina Eskozia orain herri motibatu eta aktibatu bat da». Gainera, iritzi dio laster izan dezaketela beste erreferendum bat egiteko aukera, «Erresuma Batuak Europako Batasunari ezezkoa eta Eskoziak baiezkoa emandakoan».

Prozesu baterako, azken batean, «borondateen batura lortzea da kontua», Pugesek dioenez. Noonentzat beste osagai bat «mentalitate independentista» izatea da. Halaber, hirurek dute funtsezkotzat sarea edukitzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna