Defendatu ordez, eraso egin du

Rajoyk ez du 'Gurtel auziaz' azalpenik eman Kongresuan, nahiz eta hartaz mintzatzeko deituta zegoen. Beste zentsura mozio bat aurkezteko erronka jo dio oposizioari

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea atzo, kongresuan. EMILIO NARANJO / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Mariano Rajoyri ez zaio logikoa iruditzen oposizioko alderdiek ezohiko osoko bilkura bat deitzea Espainiako Kongresuan, berak azalpenak eman ditzan Gurtel auziaz zein bere alderdiaren, PPren, ustezko legez kanpoko finantzaketaz. «Espainian dauzkagun arazoak kontuan hartuta, ez da ulergarria», nabarmendu zuen Espainiako presidenteak atzo kongresuan, aurrenekoz mintzatu zenean. «Ez nago ziur, gainera, gisa honetako eztabaidak erabilgarriak ote diren». Beraz, pertzepzio hori daukanez, ez zuen Gurtel auziaz azalpen bat bera ere eman; are aipatu ere ez zuen egin. «52 aldiz mintzatu naiz jada Kongresuan hartaz».

Bere burua nola edo hala defendatzeko behar zuen atzoko osoko bilkurak, baina erasorako baliatu zuen Rajoyk. Diskurtsoan jomugan izan zituen Unidos Podemos, PSOE eta Kataluniako prozesu subiranista, besteak beste. Bi alderdi horiek dimititzeko eskatu izan diote presidenteari, eta Unidos Podemosek hauspotuta, haren kontrako zentsura mozioa aurkeztu zuten kongresuan joan den ekainaren 13an. Hartatik onik atera zen Rajoy—170 boto mozioaren aurka, 82 alde, eta 97 abstentzio—, eta, hortaz, erronka joz, oposizioko alderdiei atzo jakinarazi zien «erantzukizun politikoak» eskatu nahi baldin badizkiote haren aurkako beste zentsura mozio bat planteadezatela. «Zeuen gutxienekoan batuketak ezin ditu zuzendu azken hiru hauteskundeetako emaitzak», errematatu zuen.

Espainiako Gobernuko presidenteak lekuko gisa deklaratu zuen Gurtel auzian, joan den uztailaren 26an Auzitegi Nazionalean. Orduan ukatu egin zuen PPren ustelkeria, eta azpimarratu bere alderdian inoiz ez duela legez kanpoko ezer ikusi. PPk aspaldion darabilen tesiari eutsiz, argudiatu zuen arlo politikoak ez duela ekonomikoarekin zerikusirik eta alderdiaren ekonomia sekula ez dela politikarien ardura izan. Eta atzo, nahiz eta ustelkeria kasuetan blaituta egon, horietaz galdetzen dietenean PPkoek ahoz aho darabilten «normaltasuna» kontzeptuari helduz, ondokoa bota zuen Rajoyk deklaratu zueneko eguna gogoan: «Prozedura juridiko batean lekuko izatea ez da desohore bat inorentzat».

Hamaika ustelkeria kasu horiek albo batera utzita, oraintxe, Rajoyk atzo zerrendatu zuenez, ondokoak dira Espainiako Gobernuaren lehentasunak: «terrorismoaren» kontrako borroka, susperraldi ekonomikoa, Katalunia gogoan Espainiaren batasuna, eta ustelkeriaren kontra borrokan jarraitzea, baina modu generikoan.

Kataluniaz esan zuen «erradikalak» buru dituen «proiektu autokratikoa» dela, eta horrek eragingo dituela «banaketa, konfrontazioa eta askatasunaren eta ongizatearen galera». Ziurtatu zuen «Zuzenbide Estatuari, Espainiako Konstituzioari eta Kataluniako Autogobernuari berari egindako probokazioaren tamainako» irmotasunarekin erreakzionatuko duela Madrilek horren aurrean.

Erantzunen txanda heldu zenean, Joan Tardak esan zion Rajoyri «ausardia demokratikoaren» aldeko hautua egingo duela Kataluniak urriaren 1ean, galdeketa deituta dagoen egunean. «Basakeria bakarrik geratzen zaizue boterea inposatzeko». Areago joan zen ERCren kongresuko bozeramailea: «Irainak, aurreiritzi satanikoak, karikatura arruntak, biolentziarako deiak eta mehatxuak soilik jasotzen ditugu Espainiatik».

Unidos Podemos akusatuz

PPren finantzaketaz hitz egin behar zuten atzo kongresuan, baina Rajoyk baliatu zuen Unidos Podemosena ezbaian jartzeko: «Irango eta Venezuelako diruarekin finantzatu den alderdirik baldin badago, hori niretzat garrantzitsua da». Pablo Iglesias Unidos Podemoseko liderrak akusaziok ukatu zituen, eta bi ohartarazpen egin zizkion Rajoyri: batetik, jarraituko dutela presidentea bere kargutik «botatzeko» ahaleginean; eta bestetik, PPk ezin izango duela ustelkeria «ezkutatu». Galdera bat ere egin zion Espainiako presidenteari: «Esaten duzunean ezer ez dakizula [ustelkeria] honi guztiari buruz: bihotzez pentsatzen duzu herritarrek sinesten dizutela?».

Osoko bilkura bukatu ondoren, Rajoyren dimisioa eskatu zuen, berriro, PSOEk. Aurrez, baina, Margarita Robles sozialisten kongresuko bozeramaileak gogoratu zion «susmopean dagoen presidentea» dela. «Gaur ezdiguzu ezer argitu. Nire taldeak egia jakin nahi du». Rajoyk erantzun zion Roblesi, oroitaraziz berak ere lekuko gisa deklaratu zuela Lasa eta Zabalaren heriotzak argitzeko epaiketan. Horren ondoren «harrokeria eta nagusitasun morala» leporatu zizkion PSOEkoak Rajoyri.

Aitor Esteban EAJko parlamentariak «ostrukarena» ez egiteko eskatu zion Rajoyri, eta Oscar Matute EH Bildukoak «gaizkile talde bat» izatea egotzi zion PPri.

Gurtel auzia PPren ustezko legez kanpoko finantzaketa ikertzen ari den kongresuko batzordera eramaten badute, han ere azalpenak emango dituela esan zuen Rajoyk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.