Erabakitzeko eskubidea. Gure Esku Dago

Kateatuta segitzeko etapa

Gure Esku Dago-k batzar nagusia egingo du irailaren 27an, bere bigarren urte politikorako «bide orria» eta antolaketa erabakitzeko.

Galdetegiak jaso nahi ditu iganderako
Erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 8an egindako giza katea, Berriobeiti parean (Nafarroa).
Erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 8an egindako giza katea, Berriobeiti parean (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / ARP

Enekoitz Esnaola -

2014ko irailak 2
Gure Esku Dago mugimenduak aise gainditu zuen lehen urteko azterketa: erabakitzeko eskubidearen aldarria gizarteratzeko lan egin zuen, 170 batzorde sortu zituen, eta ekainaren 8an 150.000 lagun bildu ziren Durango-Iruñea katean. Bigarren etapa hasiko du orain, irailaren 27an Euskal Herriko batzar bat eginda. Han erabakiko du zer egin, eta nola.

Ekainaren 21ean egin zuen aurreko batzar nagusia, Arrasaten. «Orain urtebete esan genuen Europan tren bat dabilela: demokraziarena, erabakiarena. Eskozia doa bagoi batean, Katalunia bigarrenean. Hirugarren bagoia gehitu genion ekainaren 8an», zioten. Egindako bidean berretsi zen Gure Esku Dago, baina egiteko duenari garrantzi berezia emanez. Hiri eta herri batzordeetara galdetegi bat bideratu zuen, eta haietan ez dauden lagun askori ere helarazi zien ekarpenak egiteko gonbita. Talde eragileak datorren igandeko epea jarri du ekarpenak helarazteko. «Guztion artean osatu behar dugu hurrengo urterako bide orria».

Ekaineko batzarretik orain arte, lanean aritu da Gure Esku Dago-ko talde eragilea; dozena bat lagun, txandak eginez. «Pozik gaude egindakoaz, lortutakoaz eta, batez ere, etorkizunari begira ireki ditugun ateez eta sorrarazi ditugun baldintzez. Orain ilusioz eta arduraz jokatzea dagokigu. Asko dago egiteko, asko hobetzeko, asko sakontzeko, baina, batez ere, asko irabazteko!», uste du Zelai Nikolas bozeramaileak. Hala, Gure Esku Dago-k iritzi dio egiteko «garrantzitsu bat» duela: «Herri dinamikari zein antolaketa eredu emango diogun erabakitzea, gure estiloari jarraikiz».

Irailaren 7 eta 27 artean Eskoziako eta Kataluniako prozesuekin lotutako ekitaldi bat egiteko asmoa dauka. Datozen egunetan emango ditu xehetasunak.

Urte politiko garrantzitsua

«Urte politikoa indarberrituta» hasiko duela hitzeman zuen aurreko batzarrean Gure Esku Dago-k. Urte politikoa bera interesgarri dator bestela ere: irailaren 18an, Eskozian independentziarako galdeketa egingo dute, eta Katalunian azaroaren 9rako daukate deituta; 2015eko maiatzean, udal eta foru hauteskundeak —erabakitzeko eskubidea gauzatzeari begira, hauteskunde inportanteak Nafarroan—; eta, boz horien ostean, EAEko estatutu berriari buruzko eztabaida —kontsultarako eskubidea jaso nahi dute EAJk eta EH Bilduk—. Aurtengo azaroaren 2an, berriz, Euskal Herriaren estatusaz herri galdeketa egingo dute Arrankudiagan; Etxarri Aranatzen izan zen aurrena, joan den apirilean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna