Eta oposizioa, bidegurutzean

Venezuelan apirilaren 22an egingo dituzte hauteskundeak. Madurok, oposizioak ez bezala, bitartekarien testua onartu du. MUDek ez du argitu bozetara aurkeztuko den

Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Esan liteke Nicolas Madurok hauteskunde kanpaina abiarazi duela. Caracasen egindako agerraldian, dantzatu eta besarkadak ematen zituen bitartean, esaldi erabatekoa bota zuen: «Jendeak dagoeneko erabaki du: Nicolas Maduro izango da errepublikako presidente 2019-2025 bitartean». Venezuelako agintariak kanpainako lehen ekitaldia izan zitekeen agerraldi horretan sinatu zuen oposizioak, behar adinako bermeak ez dituela argudiatuta, baztertutako dokumentua. Santo Domingon abendutik egiten ari ziren negoziazioetara bitartekariak eramandako dokumentua zen, eta presidenteak betetzeko hitza eman zuen: «Nahi dut oposizioak hautagaien izenak ematea; berme guztiak eman nahi ditut nazioarteko behatzaileak etor daitezen. Horrela sinatu dut akordioan, eta dena beteko dut».

Presidenteak agerraldi publikoa egin eta bi ordura, asteazken iluntzean iragarri zuen CNE Hauteskunde Kontseilu Nazionalak noiz izango diren presidentetzarako hauteskundeak: apirilaren 22an. Tibisay Lucena CNEko presidenteak jakinarazitako egutegiaren arabera, hilaren 24 eta 26 artean eman beharko dute izena hautagaiek, eta kanpaina, berriz, apirilaren 2an hasiko da.

Chavismoaren hautagaiak areriorik izango ote duen argitu beharko da orain, MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiak uko egin baitio agiria sinatzeari, eta, bozetara aurkeztuko ote den argitu gabe, ataka zailean dago, bidegurutze batean, hautagairik ez duelako, eta barne zatiketa gero eta ageriagoa delako. Luis Florido VP Herri Borondatea alderdiko diputatuak «batasunean aritzeko» egindako deia da horren erakusle: «Hautagai bakar bat behar dugu; inoiz baino gehiago egin behar dugu politika elkarrekin, ahots bakar batekin».

Hauteskundeak ekainera arte atzeratu nahi ditu oposizioak. Julio Borges oposizioko buruzagiak, hala ere, atzo adierazi zuen bart zirela erabaki bat hartzekoak: «Hitz egiten ari gara herrialdeari datozen orduetan erantzun bat eman ahal izateko».

Negoziazioak, etenda

Negoziazioak, baina, etenda daude. Danilo Medina Dominikar Errepublikako presidenteak jakinarazi zuen elkarrizketak «etenaldi mugagabe batean» sartu direla. Oposizioaren eskakizunak izan dira, antza, abenduan nekez abiarazitako prozesua oztopatu dutenak. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia aritu da bitartekari lanetan, eta atzo bertan eskatu zion oposizioari izenpetu dezala «bakean eta demokrazian pentsatuz» adostutakoa, zehazturik «gobernuak zehatz-mehatz errespetatzeko konpromisoa» hartu duela. Zapateroren hitzetan, «hilabeteetan eztabaidatutako oinarrizko planteamenduak» jasotzen ditu testuak.

Oposizioak, baina, hainbat aldarrikapen dituen proposamen bat egin die bitartekariei. Henrique Capriles eta Leopoldo Lopezen inhabilitazioak indargabetzea; PJ Justizia Lehenago, VP eta MUD alderdiak legeztatzea, bozen erregistroak nazioartera zabaltzea, hauteskunde batzordeko eraketa aldatzea, kanpainan presidentearen agerraldiak debekatzea, eta boto emaileak ezin ezaba daitekeen margo batez tindatzea.

Maduro, proposamen hori baztertu badu ere, prest agertu zen oposizioarekin «gaur, bihar eta etzi» hitz egiteko, baina agerian utzirik atzerriko esku hartzea dagoela oposizioaren jarreraren atzean: «Donald Trumpen gobernuak agindu dio prozesutik erretiratzeko, horri boikota egiteko, eta abstentzioa eskatzeko». AEBetako Estatu Departamentuak komunikatu baten bidez erantzun zion. Heather Nauert bozeramailearen iritziz, bozak «aldebakarrekoak» dira, eta ez dute bermerik «justuak, askeak eta nazioartean baliotuak» izateko: Maduroren erregimenak demokrazia eraisten jarraitzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.