Eta hiru

Sito Alonsok Bilbo Basket utzi du, eta bi denboraldirako kontratua sinatu du Baskoniarekin. Teknikariak 40 urte bakarrik ditu, eta dagoeneko ACBko hiru euskal taldeak zuzendu ditu
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Imanol Magro Eizmendi -

2016ko uztailak 9
Sito Alonso izango da Laboral Kutxa Baskoniako entrenatzaile berria. Dominion Bilbo Basketekin hiru urterako kontratua oraindik bazuen arren, bi aldeek atzo eten zuten harremana, eta Gasteizko taldearekin sinatu zuen. Bi urterako akordioa hitzartu du Baskoniarekin, eta, 40 urte bakarrik dituen arren, dagoeneko ACBko hiru euskal taldeak zuzendu ditu. Orain, Bilbo Basket dabil entrenatzaile bila, eta izen batek indar handia hartu du: Carles Duran Valentziako bigarren entrenatzailea.

Josean Kerejetak atzo bukatu zuen Baskoniako entrenatzaile izateko hautaproba. Velimir Perasovicek ezustean kontratua luzatzeari uko egin zionetik, hainbat aukera aztertzen aritu da. Prentsan izen asko agertu dira: Fotis Katsikaris, Dejan Radonjic... Eta, azkenean, Sito Alonso hautatu du. Kontu jakina zen Kerejetaren gustukoa dela, 2014an ere irten zelako haren izena Buesarako hautagai moduan. Biak bildu zirela zabaldu zen, baina Baskoniak ukatu egin zuen. Are gehiago, prentsa ohar eta guzti atera zuen zurrumurruak isiltzeko.

Alonso fitxatzea, baina, ez zen erraza, eta arrazoia logikoa, 2020ra arteko kontratua zuen Bilbo Basketekin. Kontratu handia, gainera. Bere garaian Bilbon luzerako egon nahi zuela adierazi zuen, taldean ardura handiak hartu eta harrobiko azpiegitura bat martxan jartzeko. Azken sasoiko komeria ekonomikoek, baina, egitasmo horiek zaildu egin dituzte, eta Alonsok taldea utzi nahi zuela adierazi zien Bilbo Basketeko buruei. Entrenatzaileak 400.000 euroko etete klausula zuen Euroligako talde batera joan nahi izanez gero, baina, azkenean, 100.000 inguru ordainduko ditu, besteak beste, Bilbo Basketek ere dirua zor ziolako.

Alonsok talde handiago batean entrenatzeko anbizioa zuen, eta Baskoniak entrenatzaile eskarmentudun bat behar zuen. 2014ko afera hor zegoen, baina denborak dena sendatzen duela dirudi, eta, ondo bidean, sasoi honetan gutxienez eskutik joango dira. Berez bi urteko kontratua da, baina hura aurkeztu arte ezin jakin bigarrena hautazkoa den ala ez. Garrantzitsua da hori zehaztea, Baskoniarena aulki elektrikoa baita azken urteetan. 2012an Dusko Ivanovicek kargua utzi zuenetik taldeak izan duen zazpigarren entrenatzailea da Alonso. Tarte horretan, Zan Tabak, Marco Crespi, Sergio Scariolo, Ibon Navarro eta Velimir Perasovic igaro dira.

Alonsok erronka handia du orain esku artean, Euroligarako talde bat eraiki behar baitu. Izan ere, iragan sasoiko arrakastako arduradun nagusiek taldea utziko dute. Mike James Panathinaikosera doa, eta zaila izango da Darius Adamsek, Fabian Causeurrek, Ioannis Burusisek eta Davis Bertansek jarraitzea. Azken hori NBAn probatzen ari da. Alonsok, halere, izango du merkatuan indarrez murgiltzeko dirua. Josean Kerejetak aurreratu zuen aurrekontua %30 eta %40 artean handituko dela, eta, ondorioz, 15 bat milioi eurokoa izango da.

Duranen zalantza

Orain, Bilbo Basketek behar du entrenatzaile bat. Alonsoren agurra ezaguna zen, eta merkatua aztertzeko denbora izan du. Taldeak ez du albiste ofizialik eman, baina badirudi Carles Duran dela hautatua. 40 urte ditu, eta iragan sasoian Pedro Martinezen laguntzaile izan zen Valentzian. Aro berri bati ekin nahi diola esan dio hari, eta badirudi Miribillan izango dela. Joventutek ere eskaintza egin dio, baina, hainbat saskibaloi webguneren arabera, ez du onartu.

Sito Alonsoren lagun, Duran haren alboan egon zen Joventuten, baina handik Valentziara joan zen bigarren entrenatzaile izateko. Taldeko lehen entrenatzaile postua ere hartu zuen Perasovic bidali zutenean. Bigarren entrenatzaile oso ona izatearen ospea du, eta, orain, egitasmo bat hasieratik hartzeko aukera du. Fitxaketei dagokienez, izen bat zabaldu da: Jonathan Tabu Fuenlabradako antolatzailea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna