Albistea entzun

Leteren zalantzaz eta malenkoniaz

Xabier Leteren poesia hartu du hizpide Koldo Izagirrek, hitzaldi-errezitaldian, Koldo Mitxelena Kulturunean. Egilearen bilakaera, eraginak eta argi-ilunak aletu ditu
Koldo Izagirre, atzo, Koldo Mitxelena Kulturunean emandako hitzaldian.
Koldo Izagirre, atzo, Koldo Mitxelena Kulturunean emandako hitzaldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2017ko abenduak 21 - Donostia

Azaroaren 21ean aurkeztu zuen Koldo Izagirrek (Pasaia, Gipuzkoa, 1953) Elurra ikusi dut antologia poetikoa. Xabier Leteri (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944 - Donostia, 2010) eskainia dago. Haren poemei. Kantuz zein liburuz ezagutarazi zituen hitzei. Aurkezpen hartan azaldu zituen Izagirrek antologia lana egikaritzeko bere irizpideak. Atzo, Leteren poemagintzan eta bilakaeran sakondu zuen. Donostian. Koldo Mitxelena Kulturunean. Entzuleen artean zituen aurpegi ezagun anitz: Joxe Austin Arrieta, Marisol Bastida, Martin Bidaur, Juan Kruz Igerabide, Joxe Anjel Irigarai, Josu Landa, Josetxo Lizartza, Jon Martin, Fito Rodriguez, Joseba Tapia eta Patri Urkizu, besteak beste.

Leteri buruz hitz egiten hasteko, Gabriel Arestiren hitzaldi bat ekarri zuen gogora Izagirrek. Duela mende erdi zehatz eman zuen, Hernanin (Gipuzkoa). Euskararen izen poetikoak zuen izena. Hitzaldi haren amaieran, Azken euskaldunaren heriotzea (Euzkadi año 2000) poema errezitatu zuen Arestik. «Sufrikarioa eta heriotza. Agonia bat. Euskara hiltzen ari, eta euskaldun erdaldunduek kasurik ez». Eusko gudariak doinuarekin kantatu zituen poemako erdarazko lerroak.

Biharamunean, Oiartzungo plazan autobusera igotzen, irudikatu zuen Xabier Lete gaztea Izagirrek. Ezin Arestiren bezperako poema burutik kendu: «Euzkadi madre mía/ no puedo quererte» (Ene ama Euzkadi/ ezin zaitut maite). «1967ko martxoaren 21 hartan, euripean, ilunpean, lanera bidean, etorri zitzaizkion ahora hitzak poetari». Euskalerri nerea. «Euskalerri nerea ezin zaitut maite/ baina non biziko naiz zugandik aparte!». Poema horren bitartez abiatu zen Leteren antologiaren egilea haren poemagintza iruzkintzera. «Gaztetakoa, batez ere». Eta hortxe gakoak, Euskal Herriarekiko Letek ageri zituen kontraesanak ulertzeko: «Nahia eta ezina, ezina eta beharra. Malenkonia, tragediarik gabe. Eta, tarteka, piztualdia». Ez ei da ideia Leteren poesiaren giltza, sentimendua baizik. Eta erritmoa, ahozkotasunetik hurbileko hizketa eta iruditeria. Kantagarritasuna. «XX. mendeko Iparragirre bat, baina letra onak egiten zekiena. Otaño moderno bat. Kantu-poemak, poema-kantuak». Kantu berean baikor eta ezkor izan zitekeen Lete. Horixe hark zekarren berritasun nagusia 1968ko panoramara, Izagirreren esanetan: atmosfera intimo bat, egia eta ziurtasunak zalantzaren ketan bilduta.

1968ko Euskal Herria uzkurtu, menpeko, kateko, alienatua. Zahar, baina, aldi berean, gaztetzen hasia. Kantari, poeta eta beste ari ziren horretan. Baita Lete ere.

Kolektiboa eta nitasuna

Euskal Herriarekiko nahi eta ezina, gerora ere, behin eta berriro ageri da Leteren poesian, Izagirreren esanetan. Hala, Euskalerri nerea-ren segida litzateke sei urte geroagoko, 1974ko, Hala ere. Lehen pertsona propiotik lehen pertsona kolektibora jauzia egin du poetak, baina. «Kolektiboa nitasuna eraikitzeko tresna ere bada Leteren gaztetako lanetan». Urte bereko beste poema bat: Beste behin. Diktaduraren aldi gogorrenean. Euskaldunak kontrakultura bat garatzen ari ziren; emakumezkoak beren gorputzaren jabe izateko erabakiak hartzen. «Euskal Herri xehea, populua esan izan zaion hura, desalienazio prozesu sakonean ari zen 1974 hartan». Letek poema hari Bitoriano Gandiagaren beste baten aipua erantsi zion, baina, «eta aipu horrek zapalkuntzaren errudun egiten du neurri batean zapaldua», Izagirreren iritziko. Diktadura betean. «Leteren gure etxe bakarra Arestiren nire aitaren etxea da. Arestik gutako bakoitzaren aitaren etxea defendatuko du». Arestiren Nire aitaren etxea poematik sarritan ahaztu dena ekarri zuen gogora segidan Izagirrek: noren kontra defendatu nahi zuen Arestik aitaren etxea. Otsoaren kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra. «Letek ere bazuen herri kontzientzia; baita lanaren kontzientzia ere. Baina ez Arestik ez inork ez zeuzkan osagarriak zituen bere poemetan: zalantza eta malenkonia». Leteren ezintasunaren ideia. Eta lurraren garrantzia. «Gero, lurra lurralde bihurtzen da bere lanean, halako espazio abstraktu bat».

Arestirekin hasi, Gandiagara jauzi, Joxe Azurmendi eta Jon Mirande irakurri... Leteren poemekin tartekatu zituen besteren poemak Izagirrek atzokoan. Eta entzuleen galderen tartean, ezin aipatu gabe utzi Elurra ikusi dut antologiaren epilogoko gai nagusia: Xabier Letek besteren lana plagiatu izana. «Epilogoa da idaztea gehien kostatu zaidana». Nahiago izan zuen gai horretaz ez jardun. «Gauza bat esan nahi dut, baina: dolua egin behar zaio gorpuari. Egiten ez bazaio, kirasten hasten da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joanes Illarregi, bigarren final-laurdeneko irabazlea, gaur Arrasatek saioan. ©Andoni Canellada/FOKU

Joanes Illarregik irabazi du Arrasateko saioa

Miren Mujika Telleria

678 puntu bilduta lortu du lehen postua. Saioa Alkaiza izan du atzetik, bost puntuko aldearekin

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola-Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Neil Jordan zinemagilea, Diane Kruger eta Liam Neeson aktoreekin, <em>Marlowe</em> filma aurkezteko agerraldian, atzo, Donostiako Zinemaldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Detektibearen itzal luzea

Ainhoa Sarasola

Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia. Liam Neesonek egin du Philiph Marlowe detektibearena, eta Diane Krugerrek Clare Cavendish haren bezeroarena

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...