Gorantz erori, lurrerantz altxatu

June Crespo artistaren azken eskulturak biltzen dituen erakusketa zabaldu du Bilboko Carrreras Mugica galeriak bere areto nagusian. 'Ser dos' izendatu du bilduma

Inigo Astiz
Bilbo
2017ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Linbo moduko batean utzi ditu bere eskulturak oraingoan June Crespo artistak (Iruñea, 1982): hormatik guztiz eror daitezen utzi gabe, eta lurzorutik erabat altxatu ezinean. Gorantz erortzen batzuetan, eta lurrerantz zutitzen besteetan. Teoriek baino gehiago, ordea, estudioko praktikak gidatzen du Cresporen jarduna, eta akaso horregatik jotzen du aditz aktiboetara bere lana nola ulertzen duen azaltzeko. «Gorantz erortzen... azalpen polita da», onartu du. «Baina hori baino gehiago, eseki eta altxatu terminoak ditut nik buruan, eta azken lanetariko batzuetan, badaude euskarri edo ardatz modura jokatzen duten hedapen edo proiekzio horizontal batzuk ere». Bilboko Carreras Mugica galerian bildu ditu bere azken sorkuntza lanak orain, eta eraikineko areto nagusian jarri ditu ikusgai. Ser dos izendatu du erakusketa (Bi izatea), eta martxoaren 3ra arte egongo da zabalik.

Sorkuntza lanaren Gure Artea saria jaso zuen Crespok 2013an, eta 2015ean ere egin zuen beste erakusketa bat Carreras Mugica galerian. Artistaren zazpi eskultura erakutsi zituzten orduan areto txikian, eta lan haien oihartzunak ere igarri daitezke oraingoetan. Manikiak, arropak eta aldizkariak baliatu zituen orduko hartan artistak erakusketako artelanak sortzeko, eta, besteak beste, material horiek topa ditzake bisitariak galeriako areto nagusian orain ere.

Lau eskultura multzok osatzen dute Carreras Mugicako erakusketa oraingoan. Badira hormetatik eskegitako sei pieza, esaterako. Badira geruza horizontalak metatuz lurretik altxatzen diren bi pieza handi, areto sarrera aldean. Badira totem itxura duten bi artelan bertikal, areto barrualdean. Eta bada erradiadoreak, oihalak eta maniki puskak baliatuta sortutako pieza multzo bat ere, areto erdialdean. Cresporen azkenaldiko sorkuntzaren nondik norakoak erakusten dituzte guztiek, eta guztietan ikus daitezke Cresporen ibilbidean konstanteak izan diren hainbat elementu: gorputzari egindako erreferentziak, bateko eta besteko materialak uztartzeko joera, eguneroko elementu arrunten erabilera...

Baina, sortzaileak azaltzen duenez, hori ez du aurrez planifikatuta izaten. Neurri handi batean, piezak sortuz joan ahala soilik jakiten du zer pieza ari den sortzen. Onartzen du berak ere: estudioa da bere lanaren erdigunea. Crespo: «Konstantzia behar izaten dut, kontzentrazio ordu gutxi batzuk izan edota egun osoko lana izan, aldi berean landu beharreko egiteko sorta bat izaten da beti, eta saltoka ibiltzen naiz egiteko horietako batetik bestera, une bakoitzean gehien komeni zaidanaren arabera, edo bulkada hutsari jarraika bestela. Arratsalde amaieran eta gau hasieran badira ordu batzuk, zeintzuetan gehiegi pentsatu beharrik gabe egin dezakedan lan, eta asko disfrutatzen dut une horietan».

Plastikozko giza perineoa

Giza gorputza izan zen Carreras Mugican egindako aurreko erakusketako elementu nagusietariko bat, eta oraingoan ere badu bere garrantzia. Kasu honetan, ordea, erreferentzia ez da ordukoan bezain zuzena. Hankak eta gerriak irudikatzen zituzten duela bi urte erakutsitako piezek, eta oraingoan hezurrak, larruazala eta organoak dakartzate gogora eskulturek.

Barrualdeko hormetako batean iltzatutako emakumezko soineko batek, esaterako, airean eusten dio tutu zilindriko bati, eta hankaz gora dagoen giza figura baten mamua dirudi piezak. Eta ez da gisa horretako lan bakarra. Giza perineo baten antza du, adibidez, aretoko ezkerreko horman eskalatzeko arnes batek zintzilik eusten duen plastikozko ontzi multzoak.

Arroztasun sentsazioarena da beste konstante bat Cresporen sorkuntza lanetan.

Berez, erraz identifikatu ditzake bisitariak eskulturak osatzeko artistak erabilitako elementu asko: jaka bat, telefono gidak, edozein hiritan ikus daitezkeen estolda zuloak, kirol dendetako manikiak, arropa marka merkeko soinekoak... Egunerokoan erabil daitezkeen objektuak guztiak. Baina, elementuak ezagun izanik ere, Cresporen eskulturek maiz sortzen dute arroztasun sentsazio bat ikuslearengan. «Eguneroko objektu horiek testuingurutik ateratzeak edo haien arteko konbinazio ez-ohikoek sortzen dute sentsazio hori normalean. Batzuetan, eguneroko elementu horiek pieza orekatzeko edo betegarri lanak egiteko baino ez ditut erabiltzen, baina beste batzuetan niretzat zentzua duen beste zerbait ordezkatzen dute, eta manipulatu egiten ditut, eta zatitu, harik eta direnaz harago doan zerbait balira bezala ikus ditzakedan arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.