Salaketaren bidez eginiko aitortza

Agustin Ibarrolaren lanak biltzen dituen 'Zentsurak' erakusketa zabaldu dute Bilboko Bizkaia aretoan. Frankismoaren garaiko eta osteko lanak dira ikusgai

Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Zentsura informazioan bezain presente dago artean. Haren eragina modu askotan islatzen da artisten ibilbidean. Landutako gaietan eragin dezake, edo zuzenean artelanen aurka jo. EHUk antolatutako Zentsura At! jaialdiaren helburuetako bat da arte mota guztien aurkako kasuak salatzea. Aurten, Agustin Ibarrolaren lanaren bitartez egin dute. Zentsurak izeneko erakusketa osatu dute, frankismoan eta haren ostean artistek zentsuraren aurka egindako eta zentsuratutako lanekin. Otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai EHUk Bilbon duen Bizkaia Aretoan.

Jose Ibarrola artistaren seme eta erakusketako komisarioaren hitzetan, «bi zentsura izan ditu artistak: frankismoarena lehenik, eta ETArena gero». Antolaketa kronologikotik harago, beraz,erakusketako bi atalen izaera ere ezberdina da. Lehenak arte politiko eta soziala du oinarri, eta grabatuak dira nagusi. Bigarrena, berriz, bilduma baino gehiago, Ibarrolaren baso margotuaren aurkako erasoen inguruko instalazioa da.

Nekane Balluerka EHUko errektoreak adierazi duenez, «irakasle moduan egin duen ibilbidea aitortzeaz gain, euskal artearen figura baten omenaldia ere bada». Ibarrolak berretsi du erakusketa oso tematikoa dela, baina baduela omenalditik ere: «Atzera begirakoa baino gehiago, egoera zailetan adierazpen askatasuna defendatu duen artista baten aitortza da», azaldu du.

Propagandarako tresna

Frankismo garaian, Ibarrolak askotariko estilo eta gaiekin esperimentatu zuen, baina haren lanik politikoenak dira erakusketaren lehen ataleko protagonista. Paisajes de Euskadi seriea ardatz harturik, 1961etik 2001 arte Ibarrolak sortutako 55 grabatu bildu dituzte. Manifestazioak, tortura, kartzela... gai ilunak eta kolore ilunak dira nagusi: frankismo garaiko errepresioaren kritika. Horien artean daude Basauriko eta Burgosko (Espainia) kartzeletatik egindakoak; tartean, 1963ko kritika frantsesaren saria jaso zuen marrazkia.

«Grabatuak dira erakusketaren ideiaren erakusgarririk onena», azaldu du komisarioak, «oso lotuta daude adierazpen askatasunarekin». Ibarrolak adierazi du ia propaganda zela, bainaazpimarratu du horrek ez diela «balio artistikoa kentzen». Erakusketa garai historiko jakin batean oinarrituta badago ere, zaila da ordena kronologiko bat ezartzea. Haatik, zenbaitgrabatuk badute gertakari erreal bat atzean. Esaterako, 1975ean Ibarrangelun (Bizkaia) zeukan baserria erre zutenekoa. Ibarrolak komiki baten antzeko grabatu serie baten bidez deskribatu zuen gertakaria. «Oso mezu narratiboak dira gehienak», nabarmendu du komisarioak. Narratiba hori sortzeko, grabatu gehienak taldekatuta daude, eta askotan sekuentziazio bat dagoela nabaritzen da.

Ibarrolaren berbetan, aitak horrela lan egitea zuen gustuko: «Errealitatea modu dinamikoan irudikatu behar zela uste zuen». Azaldu du bere aitak, Estanpa Popular artista taldeko kide zenez, «garaiaren kronista izan nahi zuen». Ibarrolak, aitaren hitzak bere eginez, hauxe aldarrikatu du: «Artistaren lana ezin da gizartetik bereizi, ezta bizi den unetik ere».

Baso Margotuko erasoak

Frankismotik, erakusketak 90eko hamarkadaren bukaerara egiten du jauzi. Kritika politikoa artistaren aurkako erasoetara pasatzen da; poliziek, manifestazioek eta ziegek txanodunei uzten diete tokia. Horiek dira protagonista nagusiak. Omako Baso Margotuaren aurkako erasoak —artistaren lanik ikonikoenak—, berriz, guztia lotzen duen haria dira. Txanodunen hamahiru eskultura eta Omako basoaren aurkako erasoen argazki bilduma dira bigarren ataleko pieza nagusiak.

Nabaria da bi garaien arteko estilo aldaketa. Koloreek presentzia handiagoa dute, eta, zabaltzea helburu duten grabatuen ordez, tamaina handiko eskulturak eta margolanak dira nagusi. Halaber, komisarioaren arabera, horrek ez du ezkutatzen garai horretako «iluntasuna» eta bi atalen arteko lotura. Ibarrolaren hitzetan, Omako basoaren aurkako erasoak dira horren isla. «Bigarren zatiak erakusten du zentsuraren paradigmarik handiena: artistaren lanen suntsiketa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.