Euskal kale arteen etorbidea

Euskal Herriko hemeretzi konpainia izango dira Leioako Umore Azokan, maiatzaren 19tik 22ra. Sektoreak duen osasunaren froga da parte hartze hori, antolatzaileen ustez

Inigo Astiz
Bilbo
2016ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Kaleak ere badu bere eszena. Euskal Herrian, adibidez, Leioako Umore Azoka da kale arteen ekitaldi nagusietariko bat. Maiatzaren 19tik 22ra bitarte, mundu osoko 50 konpainia batuko ditu jaialdiak, eta Euskal Herrikoak izango dira haietariko hemeretzi.Beren lanik berrienak eskaintzen izango dira gehienak, gainera, orotara hamabi erabateko estreinaldi eskainiko baitituzte euskal artistek. Balio du horregatik azokak euskal kale arteen eszenaren erakusgarri modura. Eta sasoiko daude sortzaileak, antolatzaileen eta parte hartuko duten konpainien hitzetan.

Euskal Herriko kale arteen konpainiek beren lanak aurkezteko zuten beharrak bultzatuta sortu zen Umore Azoka, orain dela hamazazpi urte, Ana Lopez jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, eta esan du euskal taldeek eta azokak ibilbide paraleloa izan dutela geroztik. Hor zuzendariaren diagnosia: «Euskal Herrian, kale arteek osasun ona dute». Azaldu duenez, gainera, estua da taldeen eta antolatzaileen arteko harremana. «Gure asmoa ez da, ordea, haien lanak erakustea soilik. Urrunago jotzen ere saiatzen gara, eta, horretarako, sorkuntza bultzatu eta egoitza artistikoak eskaintzen dizkiegu taldeei». Aurten, adibidez, Deabru Beltzak, Laura Cobo, Vendaval, La Industrial Teatrera eta Nacho Diago konpainiak lagundu ditu azokak.

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gaztedi eta Kirol Sailburuordeak ere azokak sektorearentzat duen garrantzia azpimarratu du. «Oso garrantzitsua da Leioak euskal kulturgintzan eta zehazki euskal antzerkigintzaren panoraman duen egitekoa, publikoarekin duen gertutasunagatik bai, baina baita euskal antzerkia ezagutzera datorren gero eta nazioarteko jende gehiago biltzen duelako ere». Muñozen hitzetan, aukerak zabaldu egiten dizkie horrek konpainiei. Gainera, azpimarratzekoa iruditu zaio azokan ibilbide bat egina duten taldeak eta lehen ikuskizuna dutenak elkarrekin egotea.

Konpainiaren 20. urteurrena ospatzen izango da Deabru Beltzak perkusio eta piroteknia taldea, esaterako, eta Su à Feu ikuskizuna estreinatuko du Umore Azokan. Iazko Kale Ikuskizunik Onenaren saria jaso zuen Markeliñe talde ezagunak ere hartuko du parte azokan; Krusoe ikuskizunaren aurrestreinaldia aurkeztuko dute haiek. Baina izango dira konpainia berriak ere. Eratu berriak dira Larrua eta La Banda taldeak, adibidez, eta estreinaldi bana eskainiko du bakoitzak Leioan. Taldearen izen bereko dantza garaikideko pieza bat eramango du azokara Larruak, eta zirkua eta antzerkia uztartzen dituen Km 0 ikuskizuna aurkeztuko du La Bandak.

Itzulpen lana egitea suertatu zaio oraingoan Malas Compañias taldeari. Konpainia sortu zenetik, ia urtero izan dira Umore Azokan beren lanak estreinatzen. Kalerako sortu dituzte orain arteko lan guztiak, baina areto barrura jotzea erabaki dute orain, eta Arriaga antzokian estreinatu zuten Letter zirku ikuskizun poetikoa, orain hilabete batzuk. Mikel Pikaza aktoreak azaldu duenez, ordea, kalea da haiei erosoen zaien lekua, eta horregatik erabaki dute emanaldia kalerako egokitzea. Gune bakoitzak bere lengoaia duela nabarmendu du Pikazak, eta horregatik itzulpenarena. «Euskal konpainientzat gune gakoa da Umore Azoka beren lanak erakusteko, bai behintzat kale artea egiten baldin baduzu».

Dantza bertikaleko bere lehen ikuskizuna aurkezteko baliatuko du azoka LaGlo konpainiak, eta 11 pertsona batzen dituen ikuskizuna estreinatuko du Umore Azokan. Errefuxiatuen gaia hartuko du ardatz Plataforma Tirante konpainiak satira kutsu nabarmeneko En la frontera emanaldiaren estreinaldiarekin, eta futbola izango du ardatz Philo&Jole konpainiaren Mr. Pichichi izeneko clown ikuskizunak.

Diziplinen arteko oreka

Diziplinen arteko «oreka» ere nabarmendu du jaialdiko zuzendariak. «Hibridazioa da ohikoena kale arteetan, kalean dena sartzen baita, baina hibridazio horretan ere diziplina guztiak daude presente euskal taldeen eskaintzan: antzerkia, dantza, clowna, zirkua, txotxongiloak eta performancea». Zanguano, Organik eta Nui taldeak izango dira, adibidez, dantza landuko dutenetariko hiru, eta, hurrenez hurren, Irrintzi, Manareta Flux lanak aurkeztuko dituzte Leioan.

Azoka. Izenean darama hitza jaialdiak, eta hain zuzen ere azoka izaera hori nabarmendu du Lopezek. «Leioan kontratuak egiten dira, eta mugitu egiten da bertan kaleko arteen negozioa, eta oso inportantea da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.