Azalberritu, indarberritzeko

'Azala erre' plazaratu du Danele Sarriugartek, bere bigarren eleberria. Artearen munduan dabiltzan bi gazteren arteko harremanaren bidez, hainbat gairi buruz egiten du gogoeta
Danele Sarriugarte idazlea, bere lan berria eskuetan, atzo, Donostian.
Danele Sarriugarte idazlea, bere lan berria eskuetan, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2018ko martxoak 14
2016ko ekainaren 24a da, eta Mirenen estudioan diruz betetako gutun azal bat utzi du norbaitek. Gertakari horrek ematen dio hasiera Danele Sarriugarteren Azala erre eleberriari. Berehala jakingo da gutun azal hori utzi duena Jon izan dela, liburuko beste protagonista. Istorioan atzera eta aurrera eginez, diruaren jatorriari jarraituko dio kontakizunak. Eta, aldi berean, bi gazte protagonisten bidez, adiskidetasuna, itxurakeria, arrakasta zein porrota, heldutasunerako bidea nahiz beste hainbat gairi buruzko gogoetak tartekatuko dira. Bigarren eleberria du Sarriugartek, Igartza saria irabazita Erraiak (2014) plazaratu ostean. Elkar argitaletxearekin kaleratu du lan berria ere, eta Donostian aurkeztu zuen atzo, Antxiñe Mendizabal editoreak lagunduta.

Artearen munduan dabiltzan bi gazte dira liburuko protagonistak. «Hasierako ataletan argi geratzen da Miren, sare sozialak erabiltzen dituen moduagatik, pertsona gutxi gorabehera publiko bat dela», egilearen esanetan. Istorioan aurrera eta atzera eginez, nobelari hasiera ematen dion gertakarira bitarte bi lagunek egiten duten bidea agertuko du kontakizunak, baita egun horren ostekoa ere. Era berean, bien arteko harremanaren bidez —nahiz beste pertsonaia batzuen bidez—, pisuzko gaiak lantzen dira liburuan, baina Sarriugarteren ustez, horien inguruko gogoetak agertzen badira ere, batez ere «giro bat» osatzen dute gai horiek nobelan. «Buruan nituen kontzeptuen artean zeuden heldutasuna, dirua, egoa, arrakasta... eta agian baten bat aipatzen da esplizituki, baina bestela, uste dut hori dela nolabait liburua inguratzen duen giroa».

Pertsonaiak bi agertoki nagusitan kokatu ditu egileak, Bartzelonan —Mirenek eta Jonek ikasi duten hirian— eta Donostian. «Itxurakeriaz hitz egiteko edozein toki aukeratu daiteke, baina iruditzen zitzaidan arrakasta, zentroa eta hainbat gauza islatzeko Donostia ezin hobea zela. Eta gero, Bartzelonak ere badu iruditeria bat; euskal herritar askok ikasi dute han, baina badago prototipo bat-edo, eta bi protagonistek han ikasi zutela eta han elkar ezagutu zutela esateak laguntzen zuela iruditu zitzaidan, beste ezer esan gabe, iruditeria bat bazekarrela».

Sarriugartek pertsonaienganako duen enpatia nabarmendu du Antxiñe Mendizabalek, «pertsonaiengana hurbildu eta beren barrunbeetan sartzeko duen gaitasuna». Liburuaren azalari ere erreparatu dio editoreak: emakume bat ilea larru arras mozten ageri da zuri-beltzeko irudian, eta alboan, Azala erre izenburua, letra argiz. «Azala erre, indartu dadin. Horixe da eleberri honen mezua edo sintesia». Ez dela nobela luzea, «arina eta irakurterraza» baizik, eta hori ez dagoela kontrajarria bere aberastasunarekin uste du. «Talentu handia behar da hori egiteko. Istorio xume bat kontatzen digu nobela oparo eta sakon batean, non isiluneek, elipsiek, eta zaratarik eta artifiziorik gabeko hizkuntza batek gauza asko esaten dituzten. Esango nuke neurrira egindako jantzi baten moduan osatu duela Danelek nobela hau».

Nobela baten historia

Egituraz, hiru ataletan banatu du kontakizuna Sarriugartek, epilogo bat erantsita, eta pasarte laburrez daude osaturik atalak, bakoitza data eta leku baten bidez identifikatuta. Liburu gehienek jasotzen dute eskertzetarako tarteren bat, baina ohiko izen zerrendaren ordez, egileak beste testu bat gehitu du liburuaren azken orrialdeetan, Esker ona edo nobela baten historia edo autore indibidualaren mitoa hausteko ahalegina izena daramana. Hor kontatu du 2015eko irailean hasi zela eleberria idazten, eta ez duela bakardadean ondu, inguraturik baizik. Baina hainbati eskerrak emateaz gain, liburuaren sortze prozesuari buruzko zenbait gorabehera ere kontatu ditu atal berean.

Lehen-lehenik, Miren protagonistak azala erretzen duen pasartea etorri zitzaion burura; «intuizioz edo oso erraz» etorri zitzaion irudia. Ondoren, baina, «tiraka eta bultzaka» jardun behar izan zuen istorioa eraikitzeko, eta bide horretan, bi mugarri izan zituela aipatu du: bata, nobelaren lagin bat, «oso diferentea», 2016ko Joseba Jaka bekara aurkeztu zuenekoa; eta bestea, Kutxa Irun Hiria sarira iaz nobela oso bat aurkeztu zuenekoa, gerora argitaratu duenetik ezberdina hori ere. «Ez saria ez beka ez nituen irabazi, eta bere garaian pena eman zidan, ez dut gezurrik esango. Baina inportantea izan da niretzat azkenean bultzada hori jaso gabe ere konturatzea jarraitu nahi nuela eta istorio hau kontatu nahi nuela». Sariketara aurkeztutako testua hilabete batzuk «beratzen» utzi zuen gero, eta berriro heltzean, oso argi ikusi zuen zer zuen faltan eta sobran, «harrigarriki azkar», haren hitzetan. «Hori izan da prozesuaren partetik errazena». Azken bertsio hori da argia ikusi duena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna