Barruan zarena, esan ala ez esan

Xabier Mendigurenek Donostian girotutako hiru narrazio bildu ditu 'Zu entzuteko gaude' lan berrian. Zaintzari lotutako auziak landu ditu, andrazko protagonisten bidetik

itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
«Inpresioa eman izan dut asko idatzi izan dudala», aipatu du Xabier Mendigurenek (Beasain, Gipuzkoa, 1964), eta argitaratutako azken lanak hartu ditu gogoan: Arantzak barrurantz narrazio-sorta 2014an, eta Alsina eleberria 2016an, lehenagotik idatzita zuena. «Esan nahi dudana da: azkenengo lau urteetan idatzi dudana hau da. Ez da kantitatez hainbeste, 100 orriko liburuxka da». Beste istorio batzuk ere idatzi ditu tarte horretan, baina alde batera utzi ditu, lan berriaren giroarekin bat ez datozelakoan; beraz, Zu entzuteko gaude liburuak batzen du idazlearen azken urteetako lana. Hiru ipuin dira: Izurdeak, Neguko hondartza eta Zu entzuteko gaude. Osorik hartuta, «triptiko bat».

Egileak aurrez trebatutako kontakizun-teknikak eta elementu berriak uztartzen ditu lan berriak. Baina idazleak aurreko lanetatik desberdinak diren elementuak nabarmendu ditu batik bat. Hasteko, hiru ipuinak Donostian girotu ditu, eta hori berria da Mendigurenenen literaturan. «Nahita edo nahi gabe, nire ipuinak beti edo ia beti izaten zuten gertaleku izenik gabeko herri industrial samarra; Andoain, Bergara, Azpeitia, Durango, Zornotza, Galdakao edo Beasain. Hemen, berriz, Donostia da gertalekua, eta espresuki agertzen dira zenbait leku».

Bigarren berrikuntza: hiru istorioetako protagonistak emakumezkoak dira: Irati, Edurne eta Berta. «Eta ez bakarrik protagonistak; protagonisten partener-ak, haiekin gehien hitz egiten dutenak ere beste emakume batzuk dira. Ez da emakume soil bat inguru maskulino batean. Nire orain arteko liburuekin konparatuta, istorio femeninoagoak atera zaizkit». Ez da aurrez egindako hautu bat izan, istorioak bururatu ahala ateratako kontua baizik. Baina arrazoi posible bat aipatu du gero: «Emakumeen arteko solasgaiak, baldin eta halako orokorkeriak esaterik badago, interesgarriagoak iruditzen zaizkit gizonenak baino. Eta halaxe atera da; emakumeen istorioak dira».

Zu entzuteko gaude ezberdina da aurrez landu izan dituen gaien aldean ere. Nolabait laburtzekotan, idazleak bitan banatu ditu orain arte jorratutako gaiak: batean, Euskal Herriko gatazka politiko-sozialei lotutakoak; eta «sentimenduekin zerikusia» dutenak, bestean. Bigarren horretan sartu ditu bikote harremanak, desilusioa, sexua, hausturak, sedukzioa...

Baina liburu berrian ez da halakorik. «Beste gai batzuk atera zaizkit, eta ez dakit zergatik», aitortu du. Idazle bati behin irakurri ziona ekarri du gogora; hark zioenaren arabera, 20 urteko idazlearen pertsonaiak festetara joaten dira, eta 50 urtekoen pertsonaiak gurasoekin ospitalera. «Nire pertsonaiak ez dira joaten gurasoekin ospitalera, baina joan zitezkeen». Zaintzari lotutako gaiek pisua dute liburuan; eta orobat bakardadeak, mendekotasunak, erruduntasunak... Barruan egosten diren auziak, aitortzea kostatzen direnak.

Blues giroko istorioak

Ipuinek musika balute, narrazio hauena bluesa litzateke Mendigurenentzat. «Ez da festarako musika, gehiago da pentsatzekoa, barrurakoa; komediatik baino gehiago dramatik duena».

Estilo aldetik, idazleak antzeko teknika erabili du hiru istorioak kontatzeko; atal laburretan zatitu ditu, eta hala eraiki du kontakizunen erritmoa. Istorioak kronologikoki ordenatu ditu; 2016koa da lehenengoa. Zaintzaren gaia agertzen da, zaintza hitza agertzen ez bada ere. Idatzi zuen garaian hitza ez zegoen presente idazlearen gogoan, baina bai gaia. «Azken boladan etengabe agertu da, eta haziz joan da, sare sozialetako gai izar bat bihurtu da ia-ia». Hasieran, poztu egin zuen gaia erdigunera mugitzen ikusteak , baina iritsi zen une bat zeinetan «fribolitate bat» iruditu zitzaion. Argitu nahi izan du, hargatik: «Zaintza oso presente dago liburuan, baina ez dut zaintzari buruzko liburu bat egin nahi izan».

BERRIAk liburuaren aurrerapena argitaratu zuen, joan den astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500