Keinuen indarra aldarrikatzera

'Nire bizitza kontatuko dizut' performancearekin, hizkuntz aniztasuna eta keinu hizkuntzaren balioa agerian jartzen ditu Esther Ferrer artistak.Bihar eskainiko du obra, Tabakaleran

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Hitza da gizakiok elkarrekin komunikatzeko baliatzen dugun tresnarik ohikoena. Ahoz nahiz idatziz adierazten ditugu hitz horiek, baina keinuek eta gorputz mugimenduek pisu nabarmena izaten dute gure elkarrizketetan. Adierazi nahi dugun hori aberasten dute, indartzen, zehazten, goxatzen, nabarmentzen. Hala ere, maiz ahaztu egiten zaigu hori. Are gehiago, ahaztu egiten da berezko keinu hizkuntza batzuk badirela, beste hizkuntzen pare daudenak, beren gramatika, sintaxi eta morfologiarekin, eta gorrek egunerokoan komunikatzeko erabiltzen dituztela. Hizkuntzen aniztasuna eta, bereziki, keinu hizkuntzaren balioa aldarrikatu nahi ditu Esther Ferrer artistak (Donostia, 1937). Performance bat osatu du horretarako, eta bihar erakutsiko du, Ama Hizkuntzaren Egunaren bezperan, Tabakalerako Z aretoan, arratsaldeko bostetan.

Donostia 2016 kultur hiriburutzak askatasun osoz beren kultur proposamenak egiteko eskatu zien hiru sortzaileri Karta Zuriak egitasmoan —Ferrerri berari, Jone San Martin dantzariari eta Anjel Lertxundi idazleari—, eta sortu dituen hiru ekintza artistikoetatik lehena aurkeztuko du donostiarrak. Nire bizitza kontatuko dizuet du izenburu performanceak, eta hogei lagunek parte hartuko dute. Horietatik hamar keinu hizkuntzan ariko dira, eta beste hamar, aldiz, ahotsez, beste hizkuntza banatan —portugesa, fantea, ingelesa, poloniera, ukrainera, errumaniera, arabiera, euskara, finlandiera eta frantsesa—. Banaka ariko dira aurrena, eta denak batera ondoren. «Nik ez dakit zer esango duten; bakoitzak bere bizitza kontatuko du, berea edo bizilagunarena, zer dakit, nik ez dut ezer kontrolatzen...».

Komunikazioa da obraren ardatza, «baina komunikazioa ez da soilik hitzak ulertzea; gauza bat ulertzeko modu asko daude». Esanahi jakin bat du artistarentzat obrak berak, eta ez du gogoko egiten duena azaltzea —«ez dut pedagogia egiten»—; nahiago du ikusle bakoitzak bere ondorioak ateratzea. Baina azaldu du, hala ere, berak ematen dion esanahia. «Askotan pentsatzen dut une honetan bertan, unibertsoan, soinuak igortzen ari direla milaka hizkuntza, soinu desberdinak, musika austral bat bezala. Nire ustez, esanahi hori du ekintza honek: zenbat soinu ari garen emititzen une honetan, munduan, denok batera, eta horiek nonbait daudela. Bada, hori bera egingo dugu guk, une eta leku jakin batean, Tabakaleran, arratsaldean».

«Duela urte asko» bururatu zitzaion ideia artistari. «Garai hartan, gizakiak zergatik hitz egiten duen interesatzen zitzaidan, zergatik den hots artikulatuak egiten dituen primate bakarra. Horri eta lengoaiari buruzkoak irakurtzen eta lantzen hasi nintzen, eta keinu hizkuntzarekin egin nuen topo, berez gizateriaren lehen lengoaia denarekin; lengoaia sinboliko bat sortu aurretik, keinu, esku eta abarrekin hitz egiten genuen, eta garapen horrek ekarri du egun keinu hizkuntza egotea». Antropologoen arabera, oraindik hitz egitean baliatzen ditugun keinuak orduko mintzaira haren oihartzunak direla ekarri du gogora. Abiapuntu horretatik, «askotariko soinu eta keinu ugaritasuna agertuko zuen ekintza bat egitea interesgarria» iruditu zitzaion artistari.

Proposamena frogatu zuen lehen aldian, aspaldi, «harrituta» geratu zela azaldu du: «Kasu hartan hamalau lagun ziren. Eta ikaragarri ederra izan zen keinu hizkuntzan hitz egiten ikustea; musikalitate hori, testu idatzi bat bailitzan... Plastikoki oso interesgarria da. Ordura arte inoiz ez nuen pentsatu, baina elkarren artean oso era ezberdinetan hitz egiten zuten denek, guk bezala. Interesgarria da publikoak aniztasun hori eta keinu hizkuntzaren alderdi plastiko hori antzematea».

Musika balitz bezala ere entzun daitekeela dio artistak. «Canon bat bezalakoa da, eta, nahi bada, musika balitz bezala entzun daiteke; ez da nahitaezkoa, baina, [John] Cagek zioen bezala, 'dena da musika'». Berak ere parte hartuko duen? «Ez dakit», esan du; «bihar edo etzi erabakiko dut».

Keinu hizkuntzaren auziarekin «sentibera» dela azaldu du artistak. «Badakit borroka bat dagoela beste edozein hizkuntzaren pareko aitortzeko, eskubide berberekin, eta, are, eskoletan beste edozein hizkuntza bezala ikasteko aukeratu ahal izateko». Performancea bide horretan jendea sentsibilizatzeko aukera bat izan daitekeela uste du. Hain zuzen, eskerrak eman dizkio Aransgi Gipuzkoako Gorren Familien Elkarteko Maria Asenjok, eta aldarrikatu du, beste edozein hizkuntzak bezala, keinu hizkuntzak ere bitartekoak behar dituela zabaldu eta erabilia izateko. Gorrentzat ere informazio eta parte hartze eskubideak oinarrizkoak direlako, besteak beste.

Periferiatik erdigunera

Beste bi proposamen ditu Ferrerrek Karta Zuriak egitasmorako. Apirilaren 2an izango da hurrengoa, Poesiaren martxa performancea. Hirian zehar ibilaldi bat zehaztuko da, eta leku jakin batzuetan geldialdiak egingo dira, aukeratutako poema batzuk irakurtzeko. Haren osagarri, Serge Pey Tolosako (Okzitania) poeta hirian izango da martxoan, tailer bat eskaini eta martxaren antzerako ekintza bat antolatzeko.

Uztailaren 2an, Ibiliaz egiten da bidea performancea egingo du, auzo periferikoetatik erdigunera ibilbide bat eginez. Migrari eta iheslarien egoerarekin lotu du artistak obra, eta auziaz hitz egitea «betebehar» bat dela uste du. «Artean, beti periferia izango da erdigunea aldatuko duena, eta politikoki nahiz sozialki ere bai. Hau ekintza sinboliko bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.