Giza ilunpeen edertasuna

Luis Riaza antzerkigilearen 'Arren ganbara eta emeen sotoa' antzezlana estreinatuko du Atx Teatroak ostiralean, Bilbon.Botereari buruzko gogoeta bat proposatzen du piezak

Inigo Astiz
Bilbo
2014ko urriaren 14a
00:00
Entzun
«Gure parte ilunetan, gizaki guztien parte ilunetan badago zerbait erakargarria. Gure ikuskizunak ez dira bereziki ederrak edo politak, ezta bereziki estetikoak ere, baizik eta nahiko groteskoak, itsusiak eta zatarrak, pentsatzen dugulako hor ere badagoela erakargarritasunik». Ilunpe horretan kokatzen dute Atx Teatrokoek beren lana, eta unibertso horretatik sortu dute beren azken pieza ere: Arren ganbara eta emeen sotoa. Botereak botereari eusteko dituen mekanismoei buruzko gogoeta bat da lana, Iñaki Ziarrusta zuzendariak azaldu duenez, eta ostiralean estreinatuko dute, Bilbon, Errekalde auzoko udal aretoan. Frankismoaren azken kolpeetan idatzi zuen pieza Luis Riaza antzerkigileak, eta testua itzuli eta beren estetikara moldatu dute orain. Espainiako antzerki berriaren egile nagusietariko bat da Riaza, eta badu bere konplexutasuna testuak. Halako apustu estetiko baten arriskuaz jakitun dira horregatik Atx Teatrokoak. «Euskal antzerki gutxi dago, antzerki gutxi ikusten dugu, eta ikusi ohi duguna hizkuntza lauan egon ohi da, dena ondo-ondo ulertzeko. Hizkuntza jasoagoko lanak ulertzeko lanak izaten ditugu, eta programatzaileak ere izutu egiten dira. Baina egin behar den lan bat da. Apurka-apurka».

«Tragedia bat da antzezlana», azaldu du Ziarrustak. Bi mundutan banatzen du mundua: arrak ganberan, emeak sotoan. Gizonezkoak gai dira beren kasa ernaldu eta erditzeko, eta sotoan zarratuta dauzkate emakumeak. Zuzendariak egin du laburpena: «Goiko munduan nagusia (Eñaut Gantxegi), bufoia (Florentino Badiola) eta seme biziotsua bizi dira (Eneko Sagardoi). Sekula emakume bat ikusi gabea da semea, eta baten bat agertzeko desiotan dago. Nagusia ume ar batez erditzen da gauero, baina egun batean, akatsez edo, eme bat sortu (Marina Aparicio), eta sotoan kateatuko dute. Eme horren desio bakarra da aita hil, ganberara igo eta semearekin txortan egin, beste egoera bat sortzeko. Ematen du horrela geratzen dela. Lortzen du aita hiltzea, lortzen du ganberara igotzea, baina goian dagoenean nahi gabe matxismoan hezitako seme horrek, modu inozentean, neska hil egiten du». Hori da sinopsia, eta ezkorra da sakoneko mezua.

Ikusleek barre ere egingo dutela ziurtatu dute, halere, Atx Teatrokoek. Entseguetan ederki pasatzen dutela dio Josu Florentino aktoreak.«Tragedia bat kontatzen dugu, baina jolas asko dago. Momentu batean bira osoa ematera heltzen gara eta, azkenean, dibertigarri geratzen da. Nik uste barre handiak egingo direla».

Erreferentziazko autorea

Erreferentziazkoa da antzezlanaren egilea, Ziarrustaren hitzetan. «Riazaren teatroa beti izan da nahiko subertsiboa, eta baita nahiko 'gorria' ere. Horrek zaildu egin du haren lanen zabalpena. Horregatik, haren antzerkia gehiago jokatu da Polonian, Errusian eta Frantzian, Espainian baino. Eta orain hau da haren obra bat Euskal Herrian egiten den lehen aldia». Moldaketa batzuk ere egin dituzte, halere. Jatorriz bi ordu irauten du lanak, baina ordubeterako moldatu du Ziarrustak. «Riazak testua idatzi zuenean zentsura bizirik zegoen oraindik. Gauzak ezin ziren oso argi kontatu, eta oso testu barrokoa sortu zuen horregatik, metaforaz betea eta oso loratua. Horrek estali egiten zuen piezaren kritika, baina guk ezin genuen lan hori idatzita dagoen bezala taularatu». Zuzenagoa egin dute horregatik pieza.

Gorputzetan itsatsi dute testuari kendutako barrokismoa. «Agertokian mugitzen diren aktoreen mugimenduak, ahotsak eta jolasak oso groteskoak dira, oso bortxatuak». Eta badu bere iraultza puntua horrek, Ziarrustaren ustez. «Euskal antzerkian ez da batere ohikoa. Aktoreen hizkuntza eta mugimenduak normalean kaleko jendearen hizkuntza eta mugimenduetatik nahiko hurbil daude. Kasu honetan ez daude hain hurbil, eta ahalegin txiki bat eskatzen diogu ikusleari.Guk garrantzi bera ematen diogu testuari eta mugimenduari. Hori da gure erronka».

Orain lau urte sortu zuten Atx konpainia, eta nagusiki arlo teknikoan eta zuzendaritza lanetan aritu dira orain arte. Sortu dituzte pieza propioak ere, ordea: Gabriel, Gabrielle bakarrizketa eta Gnosia kalerako pieza, kasu. Baina taldea gaztea izan arren, esperientzia luzekoak dira konpainiako kideak. Ziarrustaren hitzetan, hiru dira taldearen nortasun marka nagusiak. Bat: «Euskal Herriko tradizioak ikertzea, gero horiek antzerki mundura ekartzeko». Bi: «Kakotopiarekin lan egiten dugu, utopiaren kontrakoarekin». Eta hiru: «Antiestetika bat bilatzen dugu». Hots, itsusian bilatzen dutela ederra.

Xumea izan da ekoizpena, baina profesional jokatu nahi izan dutela dio Ziarrustak. «Euskal Herrian ez da oso ohikoa aktoreei entseguak ordaintzea. Batzuek egiten dute, baina ez denek. Gu oso konpainia txikia gara, baina produkzio profesionala egin nahi izan dugu. Ezinbestekoa iruditzen zaigu hori. Nekatuta gaude aktore ikaragarriak tabernetan lanean ikusteaz, eta pentsatzen dugu laguntza bat behar dela, eta esfortzua ez dutela egin behar aktoreek, baizik eta konpainiek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.