Euskal film bat, bigarrenez segidan

'Amama' Asier Altunak zuzendutako pelikula Donostiako 63. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da.Agusti Villaronga eta Cesc Gayren azken lanak ere emango dituzte, adibidez

Igor Susaeta.
2015eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Joan den azaroan, oraindik ere filmatzen ari zirenean, Asier Altunaren intentzioa zen Amama pelikula aurtengo udaberrian proiektatzea zinema aretoetan. Itxaroteak, ordea, merezi izan du, azkenean Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko baitu bere aurreneko fikzioko film luzea, datorren irailaren 18aren eta 26aren artean. Beraz, bigarrenez jarraian lehiatuko da euskarazko ekoizpen bat film onenaren Urrezko Maskorra lortzeko —iaz, Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Loreak eman zuten sail nagusian—.

Sail berean proiektatuko dituzten beste bost pelikula ere iragarri zituzten atzo, Madrilen, jaialdiko arduradunek, Zinemaldian emango dituzten Espainiako, Kataluniako eta Euskal Herriko ekoizpenak aurkezteko agerraldian: El apóstata (Federico Veiroj), Un día perfecte per volar (Marc Recha), Eva no duerme (Pablo Aguero), El rey de La Habana (Agusti Villaronga) eta Truman (Cesc Gay). Alex de la Iglesiaren Mi gran noche lehiaz kanpo emango dute, eta beste bi emanaldi berezi ere izango dira: Lejos del mar (Imanol Uribe) eta No estamos solos (Pere Joan Ventura).

Baserria ulertzeko bi moduk talka egiten dutenean gertatzen dena kontatzen du Amama-k. Kandido Urangak jokatu du baserriko aitaren rola, eta Klara Badiolak haren emaztearena. Bien seme-alabena Iraia Elias, Manu Uranga eta Ander Lipusek egin dute. Beste pertsonaia garrantzitsu bat amona da, Amparo Badiolak interpretatutakoa. Ez da aktore profesionala, eta ezagutu gabe, kalean ikusita jo zuen Altunak harengana, buruan zeukan ideiarekin bat egiten zuela irudituta.

Iaz hasi ziren filma grabatzen, uztailean, eta astebetez Errezilgo (Gipuzkoa) baserri batean jardun zuten. Gero, bi hilabeteko etenaren ostean, Artikutzan eta Aldatzen (Nafarroa) aritu ziren basoko eszenak egiten, eta Azpeitian, Donostian eta Miarritzeko aireportuan ere grabatu zituzten beste batzuk. Iragan azaroan bukatu zituzten filmatze lanak.

Altunak berak idatzi du gidoia —Telmo Esnal eta Michel Gaztanbideren ohar eta zuzenketekin findu ere bai gero—, eta oso proiektu pertsonala iruditzen zaio egileari berari; izan ere, baserrian jaioa eta hazia da. Hainbat film labur —Txotx (1997), Topeka (2004), Artalde (2008), Zela Trovke (2013)...— ondu eta Telmo Esnalekin batera Aupa Etxebeste! (2005) osatu ondoren, Amama fikziozko lehen film luzea du Altunak. Dokumental luze bat ere sortu du ia 20 urteko bere ibilian, eta, hain zuzen, lan hura, Bertsolari (2011), Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuten, baina lehiaketatik kanpo.

Amenabarrena, beharbada

Sail Ofiziala eta gainontzekoak ixteko dauzkate oraindik Zinemaldiko arduradunek, eta datorren asteetan jakinaraziko dituzte falta diren pelikulen izenak. Dena den, Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak aurreratu zuen Alejandro Amenabarren lan berria Donostian ematen ahaleginduko direla, itxaropentsu dagoela.

Zuzendari Berriak atalean ere izango du tokia euskarak. Sail horretan emango dute Ben Sharrock eskoziarrak euskaraz eta gaztelaniaz filmatutako Pikadero lana. Komedia erromantikoa da, eta kontatzen du zer arazo dituen krisia dela-eta bikote gazte batek —Barbara Goenagak eta Joseba Usabiagak interpretatuta— gurasoen etxetik alde egiteko. Filmaren bertsio laburrari, Patata tortilla izeneko film laburrari, Eskoziako Bafta sarietan bi sari eman zizkioten joan den otsailean, talentu berrien atalean: drama eta gidoi onenena. Sharrocken kide Irune Gurtubai da bi filmen ekoizlea. Zuzendari Berriak atalerako iragarri duten beste lana Paula da, Eugenio Canevarirena.

Zabaltegi sailerako sei lan jakinarazi dituzte oraingoz: Un día vi 10.000 elefantes (Alex Guimera eta Juan Pajares), Isla Bonita(Fernando Colomo), Mi querida España (Mercedes Moncada), La novia (Paula Ortiz), The Propaganda Game (Alvaro Longoria) eta Duellum (Tucker Davila Wood).

Horizontes Latinos atalean proiektatuko dituzte Magallanes (Salvador del Solar), iaz Zinemaldiko Zinema Eraikitzen saria irabazi zuena, eta El botón de nácar (Patricio Guzman), Berlinalen joan den otsailean gidoi onenaren saria irabazitakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.