Etorkizunean jarri du begirada

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea bere eraikina eraberritzekotan da, eta arduradunek aukera ikusi dute mamia ere berritzeko. Laster emango dute arkitektura proiektu hautatuen berri; edukiaz gogoetan ari dira.

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Azaroan mende laurden izango da ateak lehen aldiz ireki zituela. Ateak itxiko ditu datorren urtean, baina ez betiko, eraberrituta berriz irekitzeko baizik. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunearen eraikinak egiturazko hainbat arazo ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak berritze lanak egiteko asmoa du. Horretan, arduradunek aukera bat ikusi dute, zentroa, azalez ez ezik, mamiz ere berritzeko. Etorkizunari begira jarri da Kulturunea.

«Gabezia larriak» dauzka eraikinak, eta horregatik eraberritze lanak, Patxi Presak BERRIAri azaldu dionez; Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendaria da. eta Foru Aldundiko Liburutegiko eta Kultur Sustapen eta Hedapeneko zerbitzuburua. «Behar hau aspaldikoa da. 2015eko irailean, foru aldundiko arkitektura zerbitzuak txosten bat egin zuen, non eraikinaren gabezia larriak azpimarratzen ziren: hezetasunak, sarbideak... Lehenbailehen birmoldatzeko gomendatu zuen». Lanok aspaldi egin behar ziren arren, azkenean prozesua oraintsu jarri dute martxan. Iazko abenduan, Aldundiak arkitektura ideien lehiaketarako deialdia egin zuen. Hemeretzi estudio aurkeztu dira, eta horien artetik bost hautatuko ditu aldundiko eta Arkitektoen Elkargoko langileek osatutako epaimahai batek. Datozen asteetan jakinaraziko dute horiek zein diren.

Ondoren, finalistek hamar aste izango dituzte aurre-proiektu bat zehazteko —proiektu horiek Kulturuneko Ganbara aretoan jarriko dituzte ikusgai, erakusketa batean, Presak iragarri duenez—. Udaren amaiera aldera hautatuko lukete proiektu irabazlea, eta lanok urtebete barru esleituko lirateke, 2019ko martxoan. Berritze lanak, berriz, urte horretako udan hasiko lirateke, eta, horiek gauzatzeko, itxi egingo dute eraikina. Lanok hemezortzi hilabeteko iraupena izango lukete gehienez; Presaren arabera, itxita egon bitartean Kulturunearen egungo zenbait zerbitzu eskaintzen jarraitzeko moduak aztertzen ari dira. «Bulegoak eta funtsak lekuz aldatu beharko ditugu, eta zerbitzu minimo batzuk ematen jarraituko dugu: hemeroteka, mailegua, ikerketa... Bi urterako plan bat ari gara prestatzen. Oraindik ez dugu zehaztua; urtean zehar irtenbideak bilatuko ditugu». Dena ondo bidean, Kulturune berrituak 2021. urtearen erdialdera zabalduko dituzte ateak berriro.

Aurrekontuari dagokionez, arkitektura ideien lehiaketaren zenbateko osoa 410.000 eurokoalitzateke (+BEZa), finalistei parte hartzeagatik ordaindu beharreko saria eta irabazleari esleituko litzaiokeen zerbitzu kontratua aintzat hartuta. Obra egiteko, berriz, gehienezko aurrekontua 5 milioi eurokoa da (BEZa barne), Aldundiak arkitektura ideien deialdian zehaztu zuenez.

Zerbitzuen eskaintza

Presak adierazi du «helburu bikoitza» dutela eskuen artean: «Alde batetik, ekipamendua berritzea, eta, esan bezala, arkitektura zerbitzuaren aholkuaren arabera lehenbailehen egin beharreko lanak egitea; eta, bestetik, Kulturunearen misioa eta helburuak eguneratzea». Haren hitzetan, zentroa ireki zutenetik hona gizartean izan diren aldaketak dira eguneratzeko arrazoi nagusietako bat: «Azken urteotan gizarteko eremu guztietan gertatzen ari diren aldaketak ikusi besterik ez dago; esaterako, digitalizazioak eragin dituenak, bai gizartean bai kulturaren alorrean, eta, bereziki, liburutegien alorrean. Liburutegi guztiak beren helburuei buruzko gogoetak egiten ari dira, herritarren eskaera berrien eta liburutegien zeregin berrien inguruan... Eta ez da ahaztu behar Koldo Mitxelena Kulturunea Internet sortu aurretik jarri zela martxan».

Presak gaineratu duenez, testuinguru orokorrean bakarrik ez, Gipuzkoan eta Donostian bertan ere aldaketak izan dira. Urteotan lurraldean zabaldu diren kultur azpiegitura berriak aipatu ditu, besteak beste. «Hirian ere liburutegi ekipamendu berriak ireki dira: Carlos Santamaria liburutegia, Ubik Tabakaleran... Horrek guztiak aldatu egin du Gipuzkoan liburutegi zerbitzuen panorama». Horri guztiari eraikinak behar dituen berritze lanak gehituta, Presak uste du «elementu ukaezinak» daudela aldaketak egiteko.

Arduradunak ziurtatu du hainbat aldaketa egingo direla, bai, baina eutsi egingo dietela beste hainbat zerbitzuri: «Kontua ez da zerbitzuak kentzea, baizik eta gehitzea, zerbitzu berrietarako espazio berriak izatea, publiko gehiago hartzeko: esaterako, haurrak eta familiak. Ordutegiak eta prestazioak hobetu besterik ez dugu nahi». Liburutegiari lotutako aldaketak zehazteko dituzte oraindik, baina, Presaren ustez, «digitalizazioari esker, egun ez da beharrezkoa liburutegian zenbait dokumentu fisikoki edukitzea, eta, hala, lekua irabaziko da zerbitzu eta publiko berriak gehitzeko». Edonola ere, ziurtatu du jendeak bertan ikasten, prentsa irakurtzen eta beste egiten jarraitu ahal izango duela, egun bezala.

Zentroko bi erakusketa aretoak ere mantenduko dituztela azaldu du, nahiz eta ez duen zehaztu nolako erakusketak egingo diren aurrerantzean. «Erakusketen ildoak urtean zehar definitu beharko dira, baina espazioak aldaketei erantzungo die; leku gehiago lortzea da asmoa». Azken 25 urteotan zabaldu dituzten kultur azpiegituretan ere izaten dira erakusketak: Kubo aretoan, 2011n berritu zuten San Telmo museoan, Tabakaleran... Ez dute oraindik zehaztu nolako eragina izango duten horiek Koldo Mitxelenaren eskaintzan. Presa: «Koldo Mitxelenak arte garaikidearen esparruan jokatutako rolaren inguruan, ados nago egin duen ibilbidea oso garrantzitsua izan dela esatean, baina, aldi berean, uste dut badela garaia etorkizunean zer eginkizun izango duen pentsatzeko, 25 urteotan testuingurua asko aldatu baita, Tabakaleraren agerpenarekin batez ere. Uste dut horri guztiari buruzko hausnarketa bat egin behar dela, eta horretan gaude, adituen laguntzaz. Alor horrekin zerikusia duten eragileekin egin nahi dugu».

Proiektu berririk abiatzeko asmoa ere badute, nahiz eta, oraindik «zirriborroen garaian» egonda, askorik ezin duela aurreratu azaldu duen Presak. Horietako batek literaturarekin izango du zerikusia. «Indartsua izango da; lurraldeko ikastolak kontuan hartuko ditu, familiak ere bai... Ez da haur liburutegi bat izango, lurraldean badaude eta; irakurzaletasuna bultzatu eta liburuak bizitzeko proiektu bat izango da, baina hori ere eraikuntzan dago».

Gogoeta prozesua

Zuzendariak argitu du«zirriborro fasean» daudela zentroaren xedeak «eguneratzeko» asmo horretan, eta gogoeta prozesu baten bidez ari direla hori aurrera eramaten. Edonola ere, Kulturunearen «hiru ildo estrategikoak» azaldu ditu, haietan oinarrituta hasi baitute prozesua. Batetik,adierazi du zentroak «Gipuzkoako ondare bibliografiko eta dokumentala zaintzea eta balioestea» duela helburu. Bestetik, «literatura, hitza eta pentsamendua sustatzeko apustu argia» egiten duela nabarmendu du, eta horri eutsiko diola. Eta, azkenik, zentroaren «lurralde proiekzioa» nabarmendu du; Donostia erdigunean badago ere, zerbitzuak Gipuzkoa osorako eskaintzea duela xede.

Ildo nagusi horietatik abiatuta, Presak azaldu du eztabaida prozesu bat martxan jarri dutela. «Ildo estrategikoak kontraste prozesu batean garatzen ari gara. Batetik, Arte eta Kultura Aholku Kontseiluarekin kontrastatzen ari gara». Beste bi talde ere osatu dituzte: batean, herrialdeko hainbat liburutegitako adituak elkartu dituzte; beste batean, «hainbat eremutako kultur arloko adituak» ari dira biltzen. Presak azaldu du hilabeteak daramatzatela elkartzen, eta «poliki-poliki proiektua eztabaidatzen, hobetzen eta zehazten» ari direla. Hala ere, gehitu du ideiak aditu eta profesional gehiagori ere helaraziko dizkietela, eta parte hartzeko formula gehiago aztertzen ari direla. Besteak beste, azaldu du liburutegiko erabiltzaileei eta erabiltzen ez dutenei buruzko ikerketa bat landuko dutela, non haien eskaera, balorazio eta beharrak jasoko diren. Hitzaldi ziklo bat antolatzeko asmoa ere badute, zeinetan bertako eta atzerriko adituek Europako liburutegi proiektuak aurkeztuko dituzten,«XXI. mendeko liburutegiak nolakoak diren eztabaidatu, ikasi eta alderatzeko».

Kritikak eta errezeloak

Kulturunea eraberritzeko asmoek piztu dute kritika eta errezelorik ere. Kulturaren arloko hainbat pertsonak prozesuarekin ados ez daudela adierazi dute azken hilabeteotan. 22 urtez Kulturuneko zuzendari izandako Frantxis Lopez Landatxe izan zen lehenetarikoa; gutun bat argitaratu zuen iazko abenduan, Gipuzkoako Kultura diputatu Denis Itxasok elkarrizketa batean esandakoei erantzunez —diputatuak adierazi zuen berritze prozesuaren xedeetako bat «zentroari nortasun eta programazio propio bat ematea» zela, «orain arte ia eduki ez duena»—. Garai bertsuan, Andres Nagel artistak ere bere kezkak eta kritikak plazaratu zituen beste gutun batean. Horiei buruz galdetuta, zera erantzun du Presak: «Mundu guztiak du iritzi bat. Edozein kasutan, eztabaida ona delakoan nago, proiektu ahalik eta hoberena egiteko».

Aldaketak egiteko asmoek erabiltzaileen artean errezeloak sortu ahal izatea ulergarria dela uste du, eta komunikazioa hobetzearen alde egin du. «Gure asmoa da poliki-poliki haiekin biltzea, taldeka, ondo azaltzea... Garrantzitsua iruditzen zait nabarmentzea proiektua eraikuntza prozesuan dagoela, eta urtean zehar aditu, eragile nahiz herritarrekin egingo dela. Eta asmoa ez dela zerbitzuak kentzea, gehitzea baizik. Uste dut urtean zehar aukera izango dugula proiektua hobeto azaltzeko eta lasaitasunez hitz egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.