Narratzailearen aurka borrokan

'Maitatu zure egunak' plazaratu du Pako Aristik Ereinekin, bere seigarren poesia liburua. Sobran zeuden hitzak detektatzen eta poemak kimatzen jardun du lana osatzeko

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Kazetaritza lanetan urte askoan jardun du Pako Aristik (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa, 1963), eta, literaturan, genero ia denetan argitaratu du lanik: narrazioak, eleberriak, saiakerak, kronikak, biografiak... Bakoitzak bere erritmo eta ezaugarriak baditu ere, «funtsean, iturri beraren indarrak gidaturik» aritu izan da guztietan: «gauzak kontatu beharrak» gidatuta, haren hitzetan. Poesia, berriz, «genero guztietan bereziena» da harentzat. 1996koa du lehen poema bilduma, Castletown (1996), eta hasierako bere poesia ere «nahiko narratiboa» zela dio. Azaldu duenez, baina, denborarekin jabetu zen poesia «haratago doala, beste zerbait dela». Lehen lan hartatik 22 urtera, Maitatu zure egunak (Erein) plazaratu du, bere seigarren poema liburua, eta azaldu du «intuizio horren atzetik abiatutako eginahal baten ondorio» izan direla sei poesia lanok. Poesia «hirugarren dimentsio bat» dela iritzita eginiko bidearen ondorio. Ideia horri segika osatu du lan berria ere, idazleak berak liburuaren aurkezpenean azaldu duenez: «Narratzailearen aurka egin dut borroka, hirugarren esparru horren bila». Eta poesiaren inguruan gogoeta egiteko baliatu du aurkezpena.

Dagoeneko bere seigarren poesia liburua idatzi izana «harrigarria» egiten zaio Aristiri, lehen liburu hura argitaratu zuenean ez baitzekien beste zenbat poema liburu aterako ote zituen. «Poesia idaztea misterio handi bat da poeta batentzat ere: poesia berak nahi duenean soilik agertzen da, ez zuk deitzen diozunean». Oso genero bitxia dela deritzo, filosofiatik eta kontenplaziotik asko daukana, eta beste idazkera bat exijitzen duena, askotan narratibaren erreferente eta arau sintaktikoetatik kanpo dagoena. «Poesiak bilatzen du halako tximista bat sortzea zure baitan, zure gogoan. Saiatzen naiz horrela idazten».

Bizitzan edonori gauzak gertatzen zaizkiola, eta horiei nork bere interpretazioa ematen diela adierazi du Aristik; eta interpretazioak baldintzatu ohi duela gertaeraren garrantziaren neurria. Gehitu du horrek etengabeko gatazka sortu duela gizateriaren historian, arlo askotara zabaldu dela, eta, hala, gizartean beti egon izan direla «kontakizun hegemonikoa ezarri nahi duen botere bat, eta kontakizun alternatiboak sortzen zituen erresistentzia bat».

Poesia, berriz, «hirugarren pauso bat» dela uste du Aristik: «Gerla horretaz landa, hizkuntza berri bat dakar, arketipoak sortzen ditu, erreferente ezberdinak, paradigmak, gauzak esateko beste modu bat, eta esateko moduak hausteko bideak ere bai. Eta, batez ere, sintesia praktikatzen du poesiak». Berak ere sintesi ariketa egin du lan berria osatzeko: azaldu du hasieran 145 poema zituela mahai gainean, eta horietatik 82 zaborretara bota zituela, baita beste asko eta asko mozten jardun zuela ere, «muinaren bila». «Soberan zeuden hitzak detektatzen eman ditut urte hauek, poemario hau bere horretan utzi arte». Izan ere, Aristiren ustez, poema batek zenbat hitz behar dituen antzematea da lanik zailena, ezer sobran edo faltan ez izateko. «Poema bat egina dago lehen lerroa idazten duzun unean; ez dakizuna da ondoren gaineratuko dizkiozun lerroak bereak diren, ala zuk sortutako zaborra».

Bost hizpide nagusi

Bost gai nagusi hartu ditu hizpide Aristik poemetan: «harridura, egunero sortzen den argi berriak begietara ekartzen digun munduaren aurrean»; gizartearen eta norbanakoaren arteko tentsioa; zahartzaroa; egiaren eta ipuinen arteko aldea; eta «ego-ak azken urteotan izan duen inflazioa pertsona guztietan, zeina selfie-en modan islatzen den». Azaldu du, baina, horiek jorratzeko ez duela egin nahi izan poesia «hermetikoa, ez astuna, ez sinbolikoa».

«Liburu osoan bada alaitasun bat, nolabaiteko bizinahi bat», Inazio Mujika Erein argitaletxeko editorearen hitzetan. Hain zuzen, gaiok jorratzean solemnitateari ihes egin diola zehaztu du Aristik: «Ni beti izan naiz desakralizatzailea; gauza solemneak ez zaizkit inoiz gustatu, eta poema bat solemne geratzen ari zitzaidanean, bukaeran apropos sartzen nuen detaile domestikoren bat».

Formatu arina du liburuak, patrikan kabitzeko modukoa izatea nahi baitzuen egileak. «Kontsumismoaren gailurrean bizi garen honetan, poesia liburu bat eramatea soinean eraman daitekeen altxorrik ederrena iruditzen zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.