Justa Montero. Madrilgo Plataforma Feministako kidea

«Errealitate sozialetik erabat kanpo dago aurreproiektua»

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2014ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardonek abenduan aurkeztutako abortuaren lege erreforma salatu zuten atzo feministek, Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere bai. Legea geldiarazteko nahiko indar badu mugimenduak, Madrilgo Asanblada Feministako eta Mujeres ante el Congreso plataformako kide Justa Monteroren ustez (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1955).

Abortuak berriro hartu ditu Martxoaren 8ko leloak.

Bai, pentsaezina zen duela urte gutxi. Bagenekien gizartean muturreko sektore minoritario batzuk zeudela abortuarekin tematuta, baina ez genuen uste gobernuak halako planteamendu larria egingo zuenik. Dena den, abortatzeko eskubidearen aldekoa ez da aldarri bakarra. Lege aurreproiektua emakumeen eskubideen egoera orokorrarekin lotzen saiatzen ari da mugimendu feminista. Hori ere txertatu dugu Madrilgo manifestazioaren leloan, adibidez.

Zein lotura du aurreproiektuak murrizketekin?

Gallardon ministroaren ustez, emakumeen eskubideen artean nagusia dena defendatzean datza lege aurreproiektua, hau da, amatasunerako eskubidea. Hori, berez, emakumeen askatasunaren eta autonomiaren aurkako erasoa da: gure bizi-proiektuen artean amatasuna egon daiteke, edo ez. Eta hori egin nahi duen gobernuak herritar guztien bizi-baldintzak prekarizatu ditu lan erreformen bidez: aitatasun baimena luzatzeari uko egin dio eta mendekotasun legearen baliabideak zein haurrentzako zerbitzu sozial publikoak moztu ditu. Gobernuaren proposamena hipokrita da, ez dituelako emakumeen eskubideak defendatzen, ezta ama izan nahi dutenenak ere.

Bestalde, bere hautesleriaren sektore ultrenari mezu zuzena igorri dio aurreproiektuak, emakumeen bizitzaren, gorputzen eta sexualitatearen gaineko kontrolaren ingurukoa.

Emakume eredu jakin batera itzultzea eta genero rolak indartzea ekar dezake horrek, beraz.

Hori dago lege aurreproiektuaren eta gobernu honen politikaren azpian: eredu sozial jakin batera itzultzea, zeinetan emakumeen rolak zaintzea izan behar duen, familia tradizional, nuklear eta erradioaktibo batean. Hau da, frankismoko ideologiara, familiara eta gizartera itzultzea. Baina harrigarria da: hierarkia katolikoarengandik hain hurbil egotearen ondorioz, gobernuak gizartearekiko konexio oro galdu du. Ez dira konturatu emakumeok egin ditugun aldaketez: egungo errealitate sozialetik erabat kanpo dago aurreproiektua.

Talka hori PPren barruan ere ikusi da. Alderdi barneko desadostasunek legea geldiaraz dezaketela uste duzu?

Oso interesgarria da PPren barruko desadostasun horiek azaleratzea, baina kezkatzen nau ez jakiteak zer emango duten: egungo legea ez dela aldatu behar jendaurrean esan dutenetako batek ere ez du zehaztu zer egingo duen. Alderdi barruko presioa haztea espero dugu, protesten ondorioz, baina adi egon behar dugu, PPk ez dezan egin ohikoa duen joko politikoa: muturreko proposamena egin boto-emaile ultrenak pozteko, gero punturen bat aldatu, eta testu hobetu eta adostu gisa aurkeztu erabat proposamen negatiboa dena. Oso kezkagarria litzateke hori gertatzea, adibidez, fetuaren malformazioen baldintza txertatuko balute: egun abortatzen duten emakumeen %90en arazoa konpondu gabe utziko lukete. Hortaz, PPren barne desadostasuna mugimendu feministaren proposamenekiko sostengu bihurtu behar da.

Desadostasun hori feminismoaren garaipena dela uste duzu?

Nik uste dut erantzun sozialarekin lotuta dagoela. Ez dut uste halako mobilizaziorik espero zutenik, errealitatetik hain urrun egonda. Baina mugimendu feminista duela hilabete asko hasi zen erantzun hori prestatzen, eta Espainiako estatu osoan ikusi da, hiri handietan zein herrietan; gobernuak entzungor egin nahi du, baina uneren batean entzutera behartuta egongo da.

Hortaz, indartsu ikusten duzu mugimendu feminista.

Bai. Manifestazioetan abesten dugunez, hasi ginenean baino askoz gehiago gara. Eta mobilizazioetan protagonismo handia izaten ari dira emakume gazteak. Abortuaren auziak andreen bizitzetan hain eragin handia edukitzeak ekarri du erantzun sendo hori. Uste dut mugimendu feminista mobilizaziorako eta ekimen politikorako gaitasun handia erakusten ari dela, eta amaierara arte borrokatzeko indarra badagoela.

Kolektibo profesional ugari ere agertu dira erreformaren kontra. Desobedientzia mugimendu zabala artikula daitekeela uste duzu?

Legea onartuko balitz, ezinbestekoa litzateke desobedientzia zibil ildo bat planteatzea, arlo guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.