Brasil. Temer presidentearen aurkako bozketa. Marli Bernardo. Brasilgo landa eremuko sindikalista

«Ustelkeria kasuak baliatu dituzte langileei eskubideak kentzeko»

Bernardori iruditzen zaio Brasilgo «klase dominatzaileak» krisi politiko bat sortu zuela PT Langileen Alderdia boteretik kentzeko. Txalotu du PT, bai, baina baita kritikatu ere, uste baitu ez zela gai izan herria antolatzeko.

Igor Susaeta.
Pasai Donibane
2017ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
«Brasilen ezingo nuke elkarrizketa hau eman, ez nintzateke arriskatuko», aitortu du Marli Bernardok (Novo Horizonte, Brasil, 1945). Izan ere, oso kritikoa da hark «klase dominatzailea» deitutakoarekin. Ingeniari agronomoa da, baina ez du horretan jarduten. Landa jabego bat zuzentzen du Nova Iguazun, Riotik gertu. «Behiak dauzkagu, eta esnea eta gazta ekoizten ditugu. Gainera, artoa, patata gozoa eta beste ere landatzen dugu». Landa Ekoizleen eta Familiako Laborantzaren Sindikatuko presidentea da 2013tik. Argi utzi nahi du, ordea, inoiz ez duela alderdi politiko batean militatu, bere burua sozialistatzat daukan arren. «Nik oinarrian lan egin dut beti, komunitatean».

Latinoamerikan eskuina nagusitzen ari da berriro, baita Brasilen ere, iaztik. Horrek zertan eragin dizue?

Lulak [Luiz Inacio da Silva, 2003 eta 2010 artean Brasilgo presidente izandakoak] eraldaketa bat bultzatu zuen; landa legerian, adibidez. Dilmak [Rousseff, 2011 eta 2016 artean Brasilgo presidenteak] jarraitutasuna eman zion jabetza txikien aldeko politika horri. Izan ere, bi jabetza mota daude Brasilen. Batetik, agronegozioak. Milaka hektarea, lursail asko... Lan egiten dute agrotoxikoekin, eta lotuta dago AEBei erositako haziekin. Eta, bestetik, familiako laborantzaren ekoizpena tokian tokikoa da, agroekologikoa, eta mesede egiten dio pertsonen osasunari eta langile soilari. Dena dela, esan beharra dago Dilmaren agintaldian bidea ireki zitzaiela AEBetatik ekarritako hazi transgenikoei. PT Langileen Alderdiak, finean, Brasilgo langileen alde egin zuen.

Ordura arteko Brasilgo gobernuekin gertatu ez bezala, gainera, AEBetatik aske mantendu ziren. Kontuan hartu hori guztia. Baina Brasilgo klase dominatzaileak, munduko okerrenetako bat denak, ez du herriarengan pentsatzen, irabaziak besterik ez ditu buruan, eta ezin zuen gertatzen ari zena onartu; ezin zuen jasan langileek eskubideak edukitzea. Izan ere, klase dominatzaileak eskuineko gobernuak behar ditu.

Zer aldatu da azken urtean Michel Temer presidentearekin?

Petrobras petrolio enpresa eta uren saneamendu nazionala pribatizatu ditu, ikerketarako diru iturria itxi du, eta, klase dominatzailearen ordezkari gisa, segurtasun sozialaren legeak goitik behera aldatu ditu, sindikatuei boterea kenduz. Programa sozial asko baliogabetu edo berrikusi ditu, gainera.

Temerri hainbat ustelkeria kasu leporatzen dizkio fiskaltzak.

CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak, Amerikako Estatu Batuetakoak, esku hartu zuen Brasilen, Brasilgo ustelkeria baliatu zuen PT boteretik kentzeko. Krisi politiko bat sortu zuen, eta Auzitegi Goreneko, legebiltzarreko eta gobernu barruko jendea erabili —Temer da horietako bat—, Rousseffen aurkako impeachmeant-a bultzatzeko. Baina, orain, jada ez du trantsizio horren beharrik.

Eta zeren beharra du orain?

Temer kendu nahi du, Sergio Moro epailearen bidez; AEBen zerbitzari leiala baita hura, haren aita eskuineko politikari terrible bat den bezala. CIAren eta Brasilgo klase dominatzailearen arteko joko bat da.

Zergatik kendu nahi du?

Hain ustela denez, jada ezin du haren ustelkeria guztia ezkutatu. Polizia Federalak berak bultzatu du haren kasuak azaleratzea. Dena dela, Temer presidentetzatik ez kentzea hobea izan liteke guretzat. Izan ere, herriak ez du onartzen Temer karguan egotea, Dilma askoz ere gutxiagorengatik kendu eta gero. Presio eltze baten modukoa da egoera. Lula eta Dilmaren kontrako ustelkeria kasuak erabili zituzten langileei eskubideak kentzeko.

Datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetarako faboritoa zen Lula, baina duela aste batzuk bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Sergio Moro epaileak, ustelkeriagatik eta dirua zuritzeagatik. Roussef ere akusatu zuten ustelkeriagatik.

Hautagaia izatea eragotzi nahi diote Lulari. Leporatzen zaiena gezur hutsa da. Rousseffek diru bat hartu zuen estatuko bankuetatik, programa sozial baterako erabiltzeko intentzioarekin. Ez zen ilegala, baina, kongresuari baimena eskatu gabe egin zuenez, dominatzaileek horri heldu zioten kargugabetzeko. Kontularitza arazo bat besterik ez zen izan. Eta Lulari leporatzen diote eraikuntza enpresa batek bi etxebizitza oparitu zizkiola,egindako mesedeen trukean. Baina frogatuta dago ez ziela mesederik egin.

Lulak eta Rousseffek badute herriaren babesa.

Horregatik ari dira haien kontra egiten. Brasilgo klase dominatzailea oso basatia da, eta haren kontra egiten duen edonor hiltzen du.

Halere, PT gobernuan egon zenean ere, azken urteetan batik bat, handiak izan ziren herritarren protestak.

Protesta horiek klase ertainak eta ertain-altuak bultzatu zituzten, eta FIESP Sao Paulo Estatuko Industrien Federazioak finantzatu.

Venezuelan gertatzen ari denarekin parekatu daiteke, hortaz?

Noski. Horrela egin da Latinoamerikako ezkerreko gobernu progresisten kontra. Moralitatearen diskurtsoa erabiliz matxinadak bultzatuz, eta, horren bidez, barneko krisiak eraginez. Eta hori guztia AEBek hauspotuta. Krisi politikoek, gainera, krisi ekonomikoa eragiten dute. Venezuela egonkor zegoen, baina AEBek estututa eta tokian tokiko klase dominatzailearekin elkartuta, inbertsioak blokeatu zituzten. Krisi ekonomikoa dago, baina begira nor dagoen kalean protesta egiten: soilik klase ertaina. Herria ez duzu protesta egiten ikusiko. Venezuelako Gobernuaren oinarrian indigenak eta txiroak daude; horiek Maduroren [Venezuelako presidentearen] alde daude.

Venezuelak bezala, Brasilek ere badu petrolioa, badu aberastasun handia mineral estrategikoetan.

Horregatik sartzen dira AEBak tartean. Brasilen, egun, diktadurazuri batean bizi gara. Ez dago komunikabide independenterik, sindikatuak ahuldu dituzte, herria desantolatuta dago, gazteria drogan galduta... Eta sistemaren kontra egiten duen edonor akabatzen dute. Halere, Lurrik Gabekoen Mugimenduak eta Eliza katolikoaren oinarriek badute indarrik oraindik,eta ahalegintzen dira langileak antolatzen.

Zertan huts egin zuen PTk boterean igarotako hamahiru urteetan?

PTk huts asko egin zituen, bere esku zeukan boterea ez zuenean erabili herria antolatzeko. PTk hobekuntza ekonomikoa hauspotu zuen soilik. Txiroen bizi baldintzak hobetu zituen, bai, baliabideak eman zizkien, baina ez zituen antolatu, ez zituen oinarriak landu. Gainera, ezkerra ez da batu. Intelektualen ezkerra dago, baina hori ez dator herritik, praxis sozialetik. Behin boterera heldutakoan, ordea, PTk botere hori ez zuen baliatu oinarriak antolatzeko. PT langileria klasetik sortu zen, baina intelektualez bete zen gero, eta botere borroka bat gertatu zen. Kontzientziarik ez zuen sortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.