Irak, herrialde baten gainbehera. Elkarrizketa. Waleed Saleh Alkhalifa. Irakeko errefuxiatu politikoa

«Uste dut Irak izeneko herrialdea ahantzi eginen dugula»

Saleh irakasleak hamarkadak daramatza Iraketik kanpo, baina hurbiletik eta atsekabe handiz begiratzen dio herrialdearen egoerari. «Espero dut oker izatea, baina erabateko konponbiderik ez da izanen».

mikel rodriguez
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Saddam Husseinen agintaldiko zapalkuntza politikoaren ondorioz alde egin behar izan zuen Iraketik Waleed Saleh Alkhalifak, duela hamarkada batzuk (Mandali, Irak, 1951). Alderdi Komunistako kidea zen. 1984an, Espainian ezarri zen; gaur egun, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ikerketa Arabiar eta Islamikoen eta Ekialdeko Ikerketen Departamenduko irakaslea da. AEBetatik erantzun die BERRIAren galderei.

Gaian aditu direnak agian ez, baina Mendebaldean bederen jende gehienak harriduraz ikusi du Irakeko Gobernuak nola galdu duen hainbat hiriren kontrola, hain agudo.

Bai, hala da. Jende anitzentzat, bat-batean gertatu den zerbait izan da, baina ez eremuko politika ezagutzen duten espezialistentzat. Iraken kasuan, bi faktore garrantzitsu daude: bata, kanpokoa; bertzea, barrenekoa. Badakigu talde hauek —terroristak, matxinoak... nahi duzun bezala deitu— denbora daramatela Sirian, eta gutxi egin dela hori saihesteko. Azken egunetan indarra hartzen ari den informazio batek dio Siriako Gobernuak eta Iranek harremana daukatela talde horiekin, munduak ikus dezan Siriako gatazka dela terrorismoa, muturreko islamistak eta halako gauzak, oposizioaren izena zikintzeko. Ezin da aukera hori alboratu. Gero, kontuan hartu behar da Siriaren eta Iraken artean harreman handia dagoela, badirela tribuak eta familiak mugaren bi aldeetan, eta logikoa da horrek guztiak eragina izatea.

Gero, Iraken barneko egoerari dagokionez, Nuri al-Maliki lehen ministroak batez ere 2010etik modu erabat nabarmenean bere aldekoei egin die mesede, bereziki Dawa alderdiko xiitei, eta gainerako taldeak baztertu ditu, bereziki sunitak. Niretzat hagitz deserosoa da irakiarrei buruz termino horietan aritzea: sunitak, xiitak... Ni ikasle izan nintzen garai guztietan —lehen hezkuntzan, bigarrenean eta unibertsitatean—, ez nuen inoiz jakin zein zen sunita edo zein xiita. Kristauen bat agian bai, izenak sala zezakeelako, baina modu nahiko naturalean bizi ginen, baita Baath alderdiaren gobernupean ere.

Erran duzu Siria eta Iran egon daitezkeela ISIS Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoaren gibeletik, baina era guztietako teoriak aditzen dira horri buruz, anitz kontrajarriak: Saudi Arabia eta Qatar daudela gibeletik; CIAren tresna bat izan daitekeela ere erraten da, edo Turkiak erabili duela.

Bai, hori egia da. Ez dago zalantzarik bertze herrialdeak ere jokoan sartuta daudela, eta Saudi Arabiak eta Turkiak interes handiak dauzkatela Iraken. Gauza anitz ez daude argi, baina lerro artean irakur dezakegu zeinek daukan aukera gehien egoera hau baliatzeko. Iranek Irak okupatzeko aukera bat izanen du orain. Eta, gainera, erran nahi nuke Iranen eta AEBen arteko ustezko etsaitasun hori, programa nuklearra dela-eta eraso eginen diotela eta ez dakit zer, dena gezurra dela,AEBak eta Iran beti egon baitira harremanetan, mahai azpitik bada ere, Hussein bera erori baino lehen. Iranena AEBek erabiltzen duten propaganda bat da, Saudi Arabia, Qatar, Bahrain eta horiek beldurtu, eta petrolioarekin lortzen duten diru guztia armak salduta ateratzeko. Saddamekin ere hori egin zuten garai batean, hagitz arriskutsua zela erranez. Eta urte luzeetan iparramerikarren lagun ona izan zen.

Tony Blairrek, Dick Cheneyk eta 2003ko inbasioa zuzendu zuten bertze zenbaitek erran berri dute egin zutenak ez duela zerikusirik oraingo egoerarekin.

Nola ez du izanen zerikusirik? Bush, Aznar, Cheney, Blair eta horiek denak gerra kriminal gisa epaitu beharko lituzkete. AEBetan norbaitek pertsona bat hiltzen badu, heriotza da zigorra. Haiek 27 milioi biztanleko herrialde oso bat hil zuten. Ehunka milaka lagun hil dira, eta hiltzen dira oraindik ere haien erruz. Ez dutela zerikusirik eta horrelakoak aditzean, ilea lazten zaizu. Eta, gainera, Obamari eskatzen diote haiek egin zutena berriz egiteko! Nazioarteko justizia balego, horiek zigortuta eta kartzelan egon beharko lukete.

Zer iruditu zaizu Obamaren erantzuna?

Nik uste Obamak eskuak lotuta dauzkala. Barne arazo garrantzitsuak dauzka bere herrialdean, eta ezin du jokatu nahiko lukeen bezala, lobby anitz baititu gibelean: ekonomikoak, juduenak, eskuin muturrekoak... Estatubatuarren %70ek uste dute Iraken esku hartzea okerra izan zela, eta nik uste dut orain horrela pentsatzea gauza ona dela. Obamari aurpegiratu diezaiokeguna da urte hauetan guztietan Al-Maliki bezalako pertsonaia ilun bati utzi diola era sektario batean agintzea, baina gaur egun ez dut uste egoeraren errudun denik.

Aire erasoekin esku hartzea okerra litzateke, beraz?

Zalantzarik gabe. Afganistanen ikusten ari gara egunero. Hiltzen dituzten 50eko, bat edo bi dira terroristak, jihadistak edo dena delakoa; gainerakoak zibilak dira. Zer egin dezakegu orduan Mosulen, hiru milioi biztanleko hiri batean? Era bakarra suntsitzea da, Sirian egin duten bezala. Eta gero karrikako gerrilla legoke. Zeinek borrokatu behar du? Ikusi dugu Irakeko armadak nola egin duen alde. Interes sektarioekin egin zuten armada, eta, horregatik, ez dute sinesten herrialde batean, estatu batean. Arriskua ikusi dutenean ihes egin dute. AEBek erantzukizun handia daukate hor, ez zituztelako behartu Irakeko agintariak armada nazional bat eratzera.

Irak hautsi eginen da?

Hagitz-hagitz litekeena da. Time aldizkaria daukat parean, eta honako hau jartzen du azalean: Iraken bukaera. Litekeena da hiru mini-estatu sortzea, erabat bideraezinak, beti elkarrekin gerra etengabean egonen direnak, sektarismoa izeneko madarikazio horregatik. Uste dut Irak izeneko herrialdea ahantzi eginen dugula. Kurduek dute abantaila gehien. Kirkuk hartu ondoren eskualde aberatsena izanen dute, eta jada petrolioa saltzen ari dira gobernu zentralaren baimenik gabe. Ondoan, Bangladesh bat edukiko dute, Iraken mendebaldea, ustez suniten eskualdea izanen dena. Ez dauka deus: basamortu gordina da, Baijiko findegi hori izan ezik. Eta gero hegoaldea dago, nahiko aberatsa, Basorako eremuak petrolioa daukalako. Baina irandarrek inbadituta egonen da.

Ez dago konponbiderik?

Espero dut oker egotea, baina erabateko konponbiderik ez da izanen. Adabakiak jar litezke. Adabaki bat litzateke Al-Maliki berehala etxera joatea. Eta herrialde boteretsuek presio egin beharko lukete salbazio nazionalerako gobernu bat sortzeko, talde guztiekin. Zeren matxinatu diren guztiak ez dira terroristak. Tribu arabiarrak daude, haserre dagoen jendea, Husseinen garaiko ofizialak, Baathen aldekoak... Bertzela, ezin da ulertu 6.000 jihadistak arma arinekin Mosul hartzea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.