Maritxu Paulus. Euskal presoen abokatua

«Legea bada irizpidea, preso denak gerturatu beharko dituzte»

Paulus abokatuak dioenez, Frantzian dituzten EPPK-ko preso guztiek egin dute Euskal Herrira hurbiltzeko eskaera. Bi Mont de Marsanera hurbildu dituzte, baina ikusteko dago gerturatze gehiago izango den.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Maritxu Paulus, Frantziako Estatuan dituzten EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen abokatua, pozik dago bere bi «bezero» Euskal Herrira gerturatu dituztelako. Legeari helduta gainerako guztiak hurbildu behar lituzketela dio, baina ikusi beharko dela Frantziak zer jarrera hartzen duen.

Bi euskal preso Euskal Herritik gertuen dagoen Frantziako espetxera eraman dituzte: Mont de Marsanera. EPPK-ko kideek etxera hurbiltzeko banaka egin dituzten eskaerei erantzunda gerturatu dituzte?

Apiriletik ekainera bitartean, Frantziako Estatuan dauden euskal preso politikoek eskaera egin zuten Euskal Herrian dagoen kartzela batera edo, behintzat, hurbilen dagoenera eramateko. Hori izan zen haien eskaera. Oier Ardanaz eraman zutenean Mont de Marsanera, oraindik ez zuen eskaera bideratua. Beraz, bideratu aitzin eraman dute Mont de Marsanera. Alex Akarregiren kasuan, bai; eskaera bideratu zuen, eta horren ondorioz eraman zuten kartzela horretara. Baina, tira, berdin du. Biak Mont de Marsanera eraman dituzte; hori hala da.

Hedabideek zabaldu dutenaren arabera, beste bi presori ukatu egin diete gerturatzea. Hala da?

Itxaron egin behar dugu. Ez dugu horren berririk, eta presoek berek ere ez. Badirudi lehen interesatuek baino lehenago dakitela beste batzuek.

Iturri berberek zabaldu dute Frantziako Espetxeetarako Administrazioak hamar bat euskal presoren eskaerak jaso dituela. Ehun bat presotik hamarrek soilik egin dituzte eskakizunak?

Ez, denek egin dute eskaera; ehunek baino gehiagok. Tarte horretan, batzuk Espainiara bidali dituzte, eta, beraz, orain preso gutxiago dira Frantziako Estatuan. Baina orduan ehun baino gehiago ziren.

Zer gertatu da, orduan?

Abokatu gisa azalpen koherente bat emateko, nik hau ulertzen dut: presoek eskaera egin dute kartzelan; kartzelako zuzendariak, legez, behar du hainbat iritzi bildu eta hainbat tramite egin eskaera hori bideratzeko; hori egin duelarik, zuzendariak bidaltzen du bere gainetik dagoen espetxe arduradunarengana, eta horrek ere hainbat iritzi behar ditu bildu; gero, Justizia Ministeriora bidaltzen du, eta, beraz, posible da Justizia Ministeriora hamar bat eskaera soilik ailegatu izana. Baina hori ez da gugatik, eta ez da presoaren ardura; hori da administrazioak denbora eman duelako.

Alegia, eskaerak bidean izango direla.

Hori da nik ikusten dudan azalpen bakarra: bidean daudela. Eskaerak preso guztiek egin dituzte.

Frantziako espetxeetan dituzten EPPK-ko preso guztiek?

Bai, hori da.

Akarregiri espresuki erantzun diote gerturatzeko baldintzak betetzen dituela, eta gerturatu egin dute. Horretan oinarrituta, preso gehiago hurbilduko dituztela uste duzu?

Baldintzak betetzea baldin bada irizpidea, nola ez! Horrela bada, bai, hurbilduko dituzte gehiago, legearen baldintzak betetzen dituztelako denek. Gehitzen baldin badira beste baldintza batzuk, legeak jasotzen ez dituenak, orduan Justizia Ministeriokoek jakingo dute; baina nire bezero guztiek betetzen dituzte lege baldintzak hurbilduak izateko. Ez dago legean arrazoi bakar bat ez izateko hurbilduak.

Gero, beste kontu bat da Frantziako Estatuan duten kartzela antolaketa berezia dela. Nire bezeroek horregatik ez dute zehaztu zein kartzelatara gerturatzea proposatzen duten. Frantziako Estatuan, kondenarik handienak dituztenak espetxe zentraletara eramaten dituzte; kondena txikiagoak dituztenak, espetxe zentroetara. Kartzela mota desberdinak dira. Mont de Marsan espetxe zentro bat da, eta, beraz, zentro horretan ezin dira preso guztiak kartzelatuak izan; kondena kopuruaren arabera banatzen dituzte. Hori egia da, baina Mont de Marsan baino kartzela gehiago daude Euskal Herritik hurbilago. Gaur egun, Euskal Herritik 800 edo 900 kilometrora daude batzuk preso, eta badira hainbat kartzela askoz hurbilago, askoz. Beraz, galdetzen badidazu zenbat gerturatzea espero behar den legearen baldintzak betetzea irizpide izanda, den-denak gerturatu beharko dituztela erantzungo dizut. Frantziako Estatuan dauden ehun preso inguruk dute eskaera egina, eta denek betetzen dituzte baldintzak hurbilduak izateko. Kartzelatik irtetea beste kontu bat da, baina hurbilduak denek izan beharko lukete.

Baldintzak aipatu dituzu. Espainiako Estatuan preso dituztenen abokatuek diote gerturatzeko ez dela baldintzarik behar, hori eskubidea dela. Zein baldintza eskatzen ditu Frantziako legediak?

Gauza bera da: eskubideak ez dira baldintzen jokoan sartzen. Horregatik diot guztiek betetzen dituztela baldintzak. Frantziako Estatuaren arabera, eraman daitezke kartzela mota batera edo beste batera. Esate batera, kondena handiak dituzten presoak Lannemezanera eraman daitezke. Horregatik esaten dut badirela kartzelak edozein kondena betetzen duen presoa hurbiltzeko. Eta, hain justu, EPPK-ko presoek ez zuten zehaztu zein kartzelatara eramateko eskatzen zuten. Beraz, eraman ditzatela kondenen arabera hurbilen dituzten kartzelara.

Zure ustez, esan daiteke euskal presoekiko jarrera aldatu duela Frantziak?

Guk ikusi dugu bi euskal preso Mont de Marsan kartzelara eraman dituztela. Hori ontzat jo dugu, nola ez! Preso haientzat, haien familientzat eta guretzat oso garrantzitsua da. Baina, denbora berean, beste batzuk Bapaumera bidali dituzte, beste batzuk Tarasconera... Beraz, guk ezin dugu horrelako ondoriorik atera ahal, ezin dugu ondorioztatu Frantziak jarrera aldatu duela. Ez dugu osagairik esateko jarrera aldatu dela. Berriro diot: egia da bi euskal preso eraman dituztela Mont de Marsanera; egia da urte hauetan ez dela gertatu halakorik. Baina goizegi da esateko horren ondorioz jarrera aldaketa bat dagoela. Gainera, Frantziako ordezkariek ez dute halakorik esan. Beraz, ikusi beharko da zer gertatzen den datozen asteetan, jakiteko aldaketa benetakoa den ala ez.

Euskal Herritik ehunen bat kilometrora dago Mont de Marsan.

Baionatik 106 kilometrora; ordu bat eta erdiko bidea dago. Ez du zerikusirik Fleury, Lyon, Tarascon, Bapaume, Rennes edo beste batzuekin. Haietara joateko, zortzi edo bederatzi orduko bidaia egin behar da, eta, bueltatzeko, beste zortzi edo bederatzi ordukoa. Pentsa umeak, helduak edo elbarritasunak dituztenak nola ibiltzen diren! Baditugu kasu batzuk senideak aulkietan direnak edo gurasoak oso adinekoak direnak, adibidez, eta haiek ezin dute horren bidaia luzerik egin. Beraz, ezin dira joan senidea bisitatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.