Udal hauteskundeak. Donostia. Eneko Goia. Donostiako alkatea

«Gehiengo zabal bat bilatu dugu, apustuak indarrez egiteko»

EAJk «ñabarduna euskaldunagoa» eman arren, Goiak azaldu du hiri ereduan ez dutela desadostasun handirik PSErekin. Donostia 2016rako programazioa zehaztea eta sustapen ekonomikoa ditu erronka nagusi.

Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2015eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Duela lau urte baino 14.500 boto gehiago jaso zituen EAJk Donostian maiatzeko udal hauteskundeetan. Alkate jeltzalea du hiriak, 28 urteren ondoren: Eneko Goia (Donostia, 1971). PSE-EErekin Donostiaren Aldeko Hitzarmena gobernu akordioa eginda, iragarri du udazkenerako aurkeztu nahi dituela gobernu programa eta kudeaketa plana.

PSE-EErekin egin duzue gobernu akordioa. Zertan izan duzue desadostasun gehien?

Proiektu zehatzen gainean: Bretxan osasun etxea jartzearen inguruan, Bellas Artes eraikinari buruzko proposamenetan... Ereduari guk eskaintzen diogu, nahi bada, ñabardura euskaldunagoa, baina proposatzen dugun hiria definitzerakoan ados jartzea ez da hain zaila izan.

Beraz, martxan jartzeko zailtasun berezirik ez duzue ikusten.

Denborak esango du hori.

Akordioan diozue lidergorako gaitasuna duen gobernu zabal eta sendoa nahi duzuela. Zer esan nahi duzue horrekin?

Hirian bazegoen sentsazio bat, azken lau urteotan nabarmen ikusi dena: oso ahula zen gobernu baten eskutik zenbait apustu estrategiko aurrera ateratzea oso zaila zela. Ikusten genuen beharra gehiengo zabal bat eraikitzeko, zenbait apustu indarrez egiteko. Hori da bilatu duguna.

Aurreko gobernuari aldebakartasunez eta inposizioan aritzea kritikatu diozue akordioan.

Nik aurreko gobernua kritikatu badut, kritikatu dut bere ikuspegia zuelako benetakotzat, eta gainerakoek ikasi egin behar genuela uste zuelako. Hor heldutasun demokratiko gabezia bat dago.

Aurrerapausorik ez da eman, esaterako, parte hartzean?

Pentsatu izan du gauzak bera iristean hasten zirela. Udal honetan parte hartze politikak aurrera eraman izan dira. Aurrekontu parte hartzaileak Odon Elorzak egin zituen, eta auzoetako parte hartzea ere bideratu izan da; lehen kontsulta Elorzak egin zuen.

Zer iruditu zaizu sustatutako parte hartze eredua?

Kritikoa izan naiz gauza batzuk lehenetsi direlako eta beste batzuk ez hainbeste. Adibidez, ez dugu ikusi gizarte kontseiluak rolik izan duenik. Auzoetako dinamiketan bai, enpeinu berezia egon da. Baina ez da joan dinamika zehatz baten inguruan. Guk beti aldarrikatu dugu proiektu zehatzen inguruan egin behar zela parte hartzea. Baina, tira, dena osagarria izan daiteke.

Oposiziotik salatu dute batzorde garrantzitsuenetako presidentetzak gobernuko taldeen esku geratu direla. Horrela ez da mugatzen pluraltasuna?

Oposizioak baditu presidentetzak udal gobernuaren kontrolerako diren bi batzordeetan: kontratazioen eta kontuen ingurukoetan. Gainerakoetan, funtzionatu du dagoen gehiengoak. Hau ez da bakarrik gobernuaren eta oposizioaren arteko jokoa, udal taldeen artekoa ere bada. Gaur EAJ da lehenengoa bederatzi zinegotzirekin, PSE-EE bigarrena zazpirekin, hirugarrena EH Bildu seirekin, PP hirurekin eta Irabazi birekin. Eta, hala ere, lehendakariordetza guztiak dauzkate. Ez dut uste konposaketa horrek murrizten duenik ez proportzionaltasuna, ezta parte hartzea ere, hori beti ematen delako.

Akordioa PSE-EErekin egin arren, izango duzue asmoa beste taldeekin unean uneko akordioak lortzeko ere. EH Bildurekin, ikusten duzu aukerarik, adibidez, euskaran?

Bai, dudarik gabe. Nahi nukeena da, ez bakarrik EH Bildurekin, udalaren osotasunarekin ahalik eta adostasun zabalenak lortzea. Gure posizioa ez da itxia.

2016rako hiriburutza da akordioaren lehen puntua. Zein da lehentasuna hor?

Ondo egitea. Erronka nagusia da programazioa zehaztea, ahalik eta azkarren. Komunikazioari ekitea, berreskuratu beharra dugulako hiritarrekiko lotura. Eta, kanpora begira, oraindik ezagutzera emateko esfortzua egin behar da. Horretarako, inportantea da parte hartzen duten erakundeen arteko adostasuna lantzea, eta edukiari ekitea.

Edukiari ekitearekin zer esan nahi duzu?

Proiektua da hautagaitzara aurkeztu zena. Hori ezin da aldatu, eta ez da aldatu behar. Baina proiektu hori zehaztean, mugarri edo ekintzak definitu behar dira. 58 bat ekintza proiektu aurreikusten dira, baina ez daude denak definituta. Hori itxi behar da, eta egin behar da modu ulergarri batean, jendeak jakin dezan zer, noiz eta nola egingo den. Hori da eman behar dugun pausoa.

Babesletzak bilatu behar direla esan duzue. Nola dago hori?

Babesle bat bilatu nahi baduzu, esan behar diozu zertarako. Programa zehaztu ahala, errazagoa da. Hasi gara harremanetan instituzio ez-publiko batzuekin, enpresekin, ikusteko zer jarrera egon daitekeen. Nik uste ona dela.

Sustapen ekonomikoa da beste lehentasunetako bat. Alor handi bat sortzeko ideia aipatzen da. Hori zertan zehazten da?

Donostiako Sustapena deitzen den enpresa bat dago hor, eta bertan planteatzen dira hainbat ekintza. Badaude aurreko legealdian ere landu ziren programak, garatu behar direnak. Horrekin batera dago gogoeta estrategikoa, merkataritza, ostalaritza, turismoa... Horiek guztiek batera osatzen dute alor handi hori. Saiatzen da erantzuten zertaz biziko den Donostia etorkizunean, eta zein arlotan hartu behar diren erabakiak, etorkizuneko aberastasun hori sortzea errazteko.

Zein da zuen ikuspegia?

Lau zutabetan definitu izan dugu: lurraldearen izaera industrialari lotutako jarduera (ezagutza, berrikuntza), kulturaren ingurukoa, turismoa eta merkataritza. Horien inguruan eraiki behar ditugu udaletxearen politika guztiak, zutabe horien gainean eraiki nahi dugulako Donostiaren etorkizuna aberastasun ekonomikoari dagokionez, langabeziari erantzuna emateko.

Horrek eskatzen du berregituratze bat funtzionamenduan?

Bai, horrek eskatzen ditu aldaketak. Jarreran, udalaren funtzionamenduan, eta egiten diren apustuetan: nazioarteratzea eta hiri marka, adibidez, dezente landu behar ditugu.

Bakea eta bizikidetza ere sartu duzue akordioan. Nola ikusi duzu lau urteotako jarduna?

Gauzak nabarmen aldatu dira: ETAk ez jarraitzeak gauzak erraztu ditu, baita udalean ere. Beste gauza bat da Giza Eskubideen Batzordean lana ez dela batere erraza izan. Gu bertan mantendu gara, baina PP eta PSE-EE ez.

Zein lehentasun izango dituzu horri begira?

Gustatuko litzaidake ahalegina egitea batzordean denek parte hartzeko. Hor hasi zen biktimen zerrendaren inguruko lan bat, adibidez. Eta aurreko legealdietan udal honetan egon zen biktimen foroa ere martxan jartzea nahi nuke. Hor dinamika bat egin beharra daukagu, besteak utzi gabe: normalizazioan eta elkar ulertzean ere pausoak ematen jarraitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.