Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Biharamuna. Maddalen Iriarte. EH Bilduko legebiltzarkidea

«Abiadura ezberdinak egon litezke, baina unea da bidea egiteko»

Madrilerako alde biko bidea egin eta «muturrekoa partekatzeko» prest daudela dio Iriartek, hurrengo urratsa adostuta; kalean ere egon behar dutela uste du, «herritarrekin aritzeko moduak artikulatzeko».
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena -

2016ko irailak 27
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen biharamunean, EH Bilduren emaitzen balorazio «oso ona» egin du Gipuzkoako zerrendaburu Maddalen Iriartek (Donostia, 1963). Kanpainan EAJri eta Elkarrekin Podemosi egindako eskaintza berretsi du, eta herritarrekin «harreman zuzena» nahi duela esan du: «Lotsa emango lidake lau urtera haiekin egon gabe bozetara aurkezteak».

Zer balorazio egiten duzu EH Bilduren emaitzez?

EH Bilduk emaitza onak lortu dituela pentsatzen dugu. Batetik, zetorren emaitzetatik zetorrelako; 150.000 bototatik, %13tik, 224.000 botora eta %25,3ra pasatu gara. Hori berreskuratze garrantzitsua da. Bestetik, legebiltzarrean alderdi berri bat sartu da, eta, gauza batzuetan gurekin bat datorren alderdia izanik, emaitza oso onak izan direla uste dugu. Ezker subiranistak hartu dio berriz ere pultsua herri honi.

Kanpainan inork ez du aukera erreal gisa azaldu EAJri irabazteko aukera. EH Bilduren kasuan, zetorren tokitik zetorrelako?

Guk bai EAJri eta bai Elkarrekin Podemosi herri hau beste toki batera eramateko akordio zabalak eskaini dizkiegu, pentsatuz momentu historiko batean egon gintezkeela, eta erabakitzeko eskubidearen arloan gehiengo handi bat egon zitekeela legebiltzar horretan. Neurri batean, guk egindako eskaintza horren araberako emaitzak ikusi ditugu. Horren aurrean ez dugu erantzunik jaso, baina oso konbentzituta gaude. Gaur [atzo], gauza bera eskaini diegu: egin diezaiotela kasu herritarrek beren aukeren bidez marraztu duten legebiltzarrari.

Ez dirudi EAJ hortik doanik....

EAJri esan diogu berriz ere: herritar gehienek EAJri boza eman badiote, badirudi alde biko bide hori lehenetsiko luketela. Ez dadila bide hori berriz egitea aitzakia izan. Prest gaude bide hori berriz egiteko, eta han emango diguten muturrekoa partekatzeko. Baina hurrengo egunerako urratsa adostuta behar genuke, gainerakoan badakigulako zer pasatuko den. Pilota EAJren teilatuan dago. Gu prest gaude, eta akordioak eta gobernu aukerak eskaini ditugu. Gehiago ezin dezakegu egin.

Beraz, gobernu eskaintza egingo diozue EAJri lehen bileran?

Bileran esango dugu kanpainan esan dugun gauza bera. Bai akordioak planteatzen ditugula justizia sozialean, bakegintzan eta demokrazian edo erabakitze eskubidean, eta baita gobernua osatzeko ere. EH Bilduk badaki independentziarako bidea ez dela egiten bi egunetan, eta era askotako lana egin behar dela: jendeari berriz ere ulertarazteko sarri burrunban jaso duen mezu zatitzaile eta beldurgarri hori ez dela horrela, poliki egingo dugula, erabat demokratikoa izango dela, herritarren gehiengorik gabe ez dugula egingo. Bidean, abiadura, aukera eta modu ezberdinak egon daitezke, baina bada momentu historikoa hori egiteko.

«Estatutua berritzeaz» ere ari dira EAJ eta Elkarrekin Podemos. EH Bilduk onar dezake erabaki eskubidea jasotzen ez duen itun bat?

Lehenengo, hitz egin beharko genuke, eta ikusi zer den proposatzen dutena. Baina guk argi daukagu XXI. mendean erabakitze eskubidea onartu beharreko baldintza bat dela. Gainera, arlo askotarako. Eman beharreko pauso bat da, eta hori asko landu behar dugu alderdi horiekin, idatzita eta gauzatuta geratu dadin.

Nabarmendu duzue bakegintzan ere badagoela gehiengo handi bat. Hor ere bultza egin beharko da?

Gai horretan eta beste batzuetan asko bultzatu eta aktibatu beharko da, eta, batez ere, iraganeko hainbat katramila askatu beharko dira, betiko korapilotan ez nahasteko. Urteak ere aurrera doaz, ETAk jardun armatua utzi zuenetik pasatu da denbora bat, eta bada garaia benetako urratsak egiteko. Historia egoskorra da, eta erakusten du ixten ez diren zauriak berriz irekitzen direla. Horren lekuko da altxamendu faxistaren 80. urteurrena.

Eskaintzak eskaintza, oposizioko indar nagusia izango zaretela dirudi. Elkarrekin Podemos ere hor egongo da. Lau urtek eman dezakete, epe luzerako ikuspegiz, elkarlana bilatzeko?

Alor batzuetan aurreraurrats handiagoak egin genitzake batzuekin. Elkarrekin Podemosekin, adibidez, justizia sozialean. Hori zabalik dago, baina ikusiko dugu gainerakoak ere nola kokatzen diren. Herritarrentzat onak diren akordioak egiteko aukera dagoenean, han egongo da EH Bildu. Eta hori frogatu dugu: Etxebizitza Legearekin, Udal Legearekin, Gasteizen, Nafarroan...

«Zerua asaltoz hartzeko» bidea hasi dela esan du Otegik, ezkerreko independentismoa dela etorkizuneko alternatiba. EAJren hegemonia zalantzan jartzera joko du EH Bilduk?

EH Bildu hauteskunde hauetan irabaztera atera da, eta hurrengoetan ere horretara aterako da. Edozein kasutan, Otegik esan zuena esan zuela, nik uste dudana da oso taxuz hasi behar dugula lanean, ezker subiranista izan daitekeela herri honen lider, ondo aztertuz gero indargune eta ahulguneak. Hori dago gure buruan, normala denez. Nolabaiteko goraldia etor daitekeela sinetsita gaude; garrantzitsua da hori, askotan konfiantza horrek berak beste leku batera eramaten zaituelako. Hori egin behar da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ahaztu gabe.

Aipatzen da hanka bat kalean izan behar duela EH Bilduk. Hanka hori indartu beharra dago?

Bai. EH Bildu, nolabait, oraindik osatzen ari den proiektu bat da. Argi ikusten dugu kaleko pultsua ezin dugula galdu, horrek esango baitigu legebiltzarrean zer lehenetsi behar dugun. Egon behar dugu beraiekin, kezkak jasotzeko, eta beste momentu batzuetan,aldarrikapen konkretu batzuk egiteko kalean, salaketak egiteko, edo pozteko. Batzuetan atera gaitezke poza ospatzera ere. Ni oraintxe iritsi naiz alde honetara, baina iruditzen zait lezio asko dauzkagula ikasteko. Erabakitze eskubidearen inguruan egin diren galdeketekin, adibidez. Arreta handia jarri behar diogu gehiengo sindikalari ere; gutxienez azken 25 urteotan ari dira iruzur fiskala salatzen, eta oraintxe hasi gara hori entzuten. Badugu nori kasu egin eta nori entzun, lau hormen artean biltzeaz aparte. Politika egiteko moduak aldatu behar ditugu. Kalean egon behar dugula esaten dugunean, esaten ari gara nola artikulatu herritarrekin aritzeko moduak: ondo egituratuta, hamabostean behin, eskualdez eskualde... Hor, nire esku dagoen guztia egingo dut.

Emakumeak gehiengo izango zarete legebiltzarrean. Zer pentsamendu eragin dizu horrek?

Baikorra, emakumeok ikusgarritasun handiagoa izatea badelako eredu. Edozein kasutan, ez da nahikoa zenbakia, garrantzitsuena da eternoki pairatzen dugun ezberdintasunari aurre egitea. Muturreko biolentzian du horrek adierazpenik gordinena, eta horri ere begiratu behar diogu, jasanezina delako. Baina hori gertatzen da, egunero, arlo guztietan pairatzen ditugun ezberdintasunengatik. Emakume gehiago egoteak balio behar du ikuspegi feminista bat izateko legebiltzar horrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna