Julen Mendoza. Errenteriako alkatea

«Ekinbideek adostasun politikoa behar dutela esan digute biktimek»

EH Bilduk gobernatutako udal batek lehen aldiz egin die omenaldi bat ETAren biktimei: Errenteriakoak. Mendoza alkateak 'barkamen' hitza erabili du bertan. Gertatutako guztia prozesu baten ondorio izan dela dio. Bideoa albistearen amaieran.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2017ko uztailak 7

Vicente Gajate PSEko kidea, Jose Luis Caso PPko zinegotzia eta Manuel Zamarreño PPko zinegotzia hil zituen ETAk Errenterian (Gipuzkoa), eta haien aldeko omenaldi ekitaldia egin zuen udalak joan den ekainaren 28an. Julen Mendoza (Errenteria, 1978) EH Bilduko alkatearen ustez, adostasuna da giltzarrietako bat.

Nola sortu zen ETAren biktimen omenaldia egitea?

Ez da gertaera bakan bat izan, prozesu baten ondorioa baizik. Eta prozesua ez da hor bukatu, izango direlako beste ekinbide batzuk.

Aurreko legealdi hasieran ekin zenioten bizikidetza prozesu bati.

2012ko apirilean, elkarrizketa foro bat sortuta. Hiru urte eta erdira aurkeztu zen, ibilbidea bukatu zuela esateko. 2013ko urtarrilean, foroak sortutako baldintzei esker, Eraikiz zikloa egin genuen, eta beste pauso bat eman zen. 2015eko azaroan udaleko alderdi politiko denen adostasunarekin, aurreko legealdikoenak barne —orduan bai baitzen PP, oraingoan ez bezala—, dokumentu bat adostu zen: gure herrian 1956tik 2012ra arte egondako giza eskubideen urraketak eta bestelako gertaerak jaso eta Memoria partekatu baterantz aurkeztu genuen. Mugarri bat izan zen. Horrek ezarri zituen gero egin beharreko ekinbideak.

Zer egiteko?

Biktimek eskubide batzuk dituzte: justizia, egia eta erreparazioa. Udal batek justizian ezer gutxi egin dezake, baina egian eta erreparazioan bai. Beste adostasun batera iritsi ginen: erreparazio ekinbideak egiten hasi baino lehen, jakin behar genuen biktimek zer eskatzen ziguten. Entzun egin genien.

Zer zioten?

Biktimek aholku batzuk egin zizkiguten orain pare bat hilabete, eta horren ondorioz antolatu dugu lehen ekitaldi hau.

Zein dira biktimen aholkuak?

Ekinbide denek adostasun politikoa behar dutela eta familiekin adostu behar direla. Omendu ditugun hiru familiak ados zeuden ekitaldiarekin.

Zuk egindako adierazpena adostuta al zegoen?

Nondik norakoak eta oinarriak partekatu egin nituen, guztiekin. Egoki ikusi zuten, eta neuk egin nuen testua.

ETAren biktimak, EH Bilduko alkatea, zure «barkamen» eskaera...

Berria izan da ekitaldia, lehen aldia delako EH Bilduk gobernatzen duen udal batek biktimen ekitaldi batean ETArenak soilik hartu izana kontuan. Hitzaldian gauza asko esan nituen, eta barkamenari buruzko aipamena testuinguru batean sartu nuen; hau da, biktimekin egindako prozesu honetan helarazi ziguten udala, agian, ez dela beti egon egon behar zuen tokian. Keinu hori egin behar genuen.

Haiei zer dakarkie horrek?

Balio izan die ekitaldiak. Hala esan didate. Erreparazio saio bat egitea nahi genuen, jakin arren haien mina ez dela inoiz desagertuko.

Humanizazioaren beharra ere aipatu zenuen.

Gatazka denetan deshumanizazio bat egoten da askotan, balio humano asko zalantzan jartzen dira. Esan nuen orain humanizazio infinitoraino joatea dagokigula. Iraganarekiko politikoki bahitu modura jokatzen ari gara denok. Badago espazio bat etorkizunari heltzeko, termino humanoetan kokatuta. Hori erakutsi zuen ekitaldiak.

Nola hartu da Errenterian?

Zorion mezuak jaso ditut. Herritarrek uste dute pauso garrantzitsuak direla hauek, beharrezkoak.

Euskal gizarteak nola hartu du?

Hasi behar dugu galdetzen norberak zer egin dezakeen, bestearekiko exijentzia iraunkorraren noriatik ateratzeko. Baina nik hori esan eta hurrengo egunean jarraitu zuten batzuek exijentziarekin.

Espainiako Estatuan zer oihartzun izan du ekitaldiak?

Modu onean jaso da, eta ez genuen espero.

Nola landu zenuen EH Bildu barruan?

Batetik, guk hau herriko EH Bilduren batzarrera eraman genuen, eta onartu egin zen. EH Bildurekin maila nazionalean kontrastatu nuen, eta ontzat jo zuen. Halako prozesuek kontraesanak sortzen dizkigute, tripak mugitzen, zalantzak sortzen; zaila da beste baten sufrimendua aitortzea norberarena oraindik aitortu gabe dagoenean, baina hitz egin dugu, pedagogikoa izan da, eta nik uste dut gure militantziak izugarrizko heldutasun politikoa erakutsi duela.

Ezker abertzaleak ardura berezia al du indarkeriaren inguruan?

Ardura guztiak ez dira berdinak, eta hori argi esan behar da. Baina oro har denok daukagu ardura egin dugunari eta egin ez dugunari buruz. Adierazpen aldetik Sortuk eta ezker abertzaleak pausoak eman dituzte, eta EH Bilduk ere oso argi du biktima guztiek aitortza, justizia eta erreparaziorako eskubidea dutela. Kontua da hori praktikara eramaten hastea. Baina denek. Errazagoa izango zen estatuarekin akordiorik balego, baina, ez dagoenez, euskal gizarteak ezin dio hari beto eskubidea eman. Euskal gizartearen gehiengo handi-handi batean gatazkari konponbidea ematearen ideia dago, garrantzitsua da hori, eta horrek talka egiten du Espainiatik datorren politikarekin.

Nola egin aurrera?

Ezker abertzaleak eta EH Bilduk prozesu propioa egin behar dute, zor diotelako euskal gizarteari. Baina beste eragile batzuek ere zor diote. Gure kasuan, balio handienekoak ez dira ekitaldia eta nire hitzak izan, baizik eta prozesua bera, zintzoa, diskretua eta adostutakoa izan baita. Biktimekin egon gara, uste dut sinesgarritasun bat irabazi dudala eta horregatik egon zirela haiek ekitaldian. Halako prozesurik gabe ezin dira bizikidetzarako politika sendoak sortu.

Errenteriako moduko zenbat prozesu ikusten dituzu?

Herrietan ikusten ditut, herrietatik sortuta.

Beste eragileen aldetik sumatzen al duzu autokritikarik? Presoen urruntzeaz, torturaz, GALi buruz…

Esango nuke ezer gutxi dagoela. Beharrezkoa da bizikidetzarako. Onartu behar da, adibidez, torturak egon zirela. Bestela, inpunitate sentsazio bat dago.

Errenterian badira arazo zehatz eta larriak.

Aitzol Gogorza presoarena hor dugu. 28 aldiz eraman dute erietxera. Haren askatasunaren alde beste leku batzuetan ikusi gabeko argazkiak izan dira, ordea, PSEko kideekin eta. Iruñean atxilotutako herriko gazteen kasuan, lau alkate atera ginen orain aste batzuk, haiena terrorismoa ez dela esateko. Konfiantza giroa dugu. Bideoa: elkarrizketa Julen Mendozari (Gorka Rubio / Argazki Press).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna