Tortura eta tratu txarren ikerketa. Elkarrizketa. Francisco Etxeberria. Ikerketaren zuzendaria

«Txostenean esaten direnekin deseroso sentitzen naiz ni ere»

Azken 50 urteetan izandako milaka torturen «lagin» bat baino ez da Etxeberriak zuzendutako lantaldeak osatutako errolda. Auzi medikuak uste du halako gai batek «gizarte osoa» interpelatzen duela.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Jokin Sagarzazu -

2017ko abenduak 20
Bere bizitzan egingo duen «lanik zailena» izan dela dio Francisco Etxeberria EHUko irakasle eta auzi medikuak (Beasain, Gipuzkoa, 1957). PSE-EEren kritikekin haserre nabari bazaio ere, azpimarratu du «harro» dagoela berak zuzendutako lantaldeak egindako lanarekin.

Aurkezpenean esan zenuen ikerketa hasi zenutenean alde guztietatik jaso zenituztela aldeko iritziak: alderdi politikoak eta EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak aipatu zenituen, adibidez.

Hala da. Euskal Autonomia Erkidegoko mota guztietako autoritate eta instituzioekin hitz egin genuen, eta denek aitortu ziguten Jaurlaritzak zilegitasun instituzionala duela gai honi buruz zerbait egiteko, eta egokia eta beharrezkoa zela. Inork ez zigun aurkako ezer planteatu. Guretzat, gainera, abantaila zen Jaurlaritzaren bake planaren 6. puntuan jasota egotea lan hau egiteko beharra. Instituzio baten erabakia da, eta denek eskatutako gauza bat.

Zer gertatu da txostena argitara eman eta ordu gutxira batzuek halako kritikak egiteko?

Gaia zaila dela badakigu. Denbora epe luze batez ari gara: nire belaunaldia hartzen du, bizitza oso bat. Eta badakit ibilbide horretan argazki asko daudela, eta askotan zaila dela geure burua identifikatzea irudi horietako batzuekin. Ni neu deseroso sentitzen naiz txostenean esaten diren gauza askorekin, auzitegi mediku gisa, baina baita gizarte honetako kide gisa ere. Gizarte osoa interpelatuta dago hor: epaileak, politikariak, poliziak, auzitegietako medikuak, komunikabideak... Gu denoi egindako kritika da. Ikerketa egin aurretik gauza jakina zen hori azalduko zela, hori gertatuko zela onartzen zuten denek. Horregatik diot aipatutako kritikak sorpresa bat izan direla niretzat. Ez nuen halakorik espero, ez ditut ulertzen.

PSE-EEtik zerk harritu zaitu?

Tortura kasuen artean alderdi sozialistako kideenak daude, UGTko sindikalistenak... Bereziki horrek tristatu nau asko. Haiekin hitz egin dugu, kontaktuak erraztu dizkigute. Beste militante asko guregana etorri dira, euren kabuz, gutako inork ezer esan gabe. Akaso pertsona horiek ere asmo txarren bat zuten gai honetan inplikatzeko? Niretzat haien tortura testigantzak beste batenak bezain adierazgarriak dira. Ez dugu inongo bereizketarik egin.

Alderdi horrek dio zuen ikerketak «elikatzen» duela «existitu ez den gatazka baten teoria».

Hori da hausnarketa politiko bat. Ez dakit nola atera daitekeen gisa horretako ondorio bat gure txostenetik. Ondorioen zerrenda luze batean izango balitz, akaso, iritzi politiko gisa-edo... Baina hori ezin da izan lehen ondorioa eta bakarra. Nik uste dut aurretik modu argi batean aitortu behar dela tortura existitu dela, mahai jokoan egon dela, eta denoi eragin digula. Honako hau oso kuriosoa baita: instantzia eta alderdi guztietako kideekin hitz egiten duzunean, denek ematen dizkizute adibideak, denek ezagutzen dute gertuko norbait torturatua izan dena. Denek heldu nahi diote gaiari.

«Formarekin» ere ez daude ados.

Oraindik ez dut entzun gure lan metodologiari buruzko kritikarik. Horretara irekita gaude. Ikerketa hau hainbat ikuspegitatik landu zitekeen: egin genezakeen epai judizialekin frogatuta geratu diren tortura kasuen bilketa bat, eta kito. Sentsazioa daukat balorazioa egin dutela laburpena irakurrita soilik. Baina ikerketa honek 500 orri izateaz gain, material gehigarri piloa dauka. Eta horren bitartez ulertzen dira gauza asko. Auzitegi Gorenak berretsitako hogei epaiak irakurri behar dira, adibidez, ikusteko guk ez dugula ezer asmatu: Joxe Arregi torturatuta hil zutela hor dago.

Hain justu, epaitutako kasuak aintzat hartzen dituztela diote.

Bada irakur ditzatela sententzia horiek, ulertzeko torturen inguruan egon den injustizia maila. Has daitezela hortik, ea noraino iristen diren, eta gero egin ditzatela balorazioak. Irakur ditzatela nazioarteko instituzioen ebazpenak, kritikak, gomendioak... Guk ez dugu ezer asmatu.

Erantzukizunei aurre egiteko beldurra egon daiteke halako erreakzioen atzean?

Kalkulu politikoek pisu handia izaten dute. Baina uste dut ez dela zuzena alderdiaren ibilbidearentzat. Banan-banan hitz egiten duzu haiekin, eta beste gauza bat esaten dizute. Nik ezin dut imajinatu nork hartu duen ohar hori egiteko ardura, zer dagoen erreakzio horren atzean. Ez dakit den zifra esajeratua iruditzen zaiela, soilik denbora epe bateko kasuak onartzeko prest daudela, auzitegietan frogatutakoak... Baina gu ez gara auzitegi bat. Eta jakin badakite egia eta memoria ez dela auzitegietan soilik aurkitzen; bestela, oroit daitezela frankismoko biktimekin. Uste dut ez dutela ulertu zertan ari garen. Gainera, nazioarteko erakundeek diote torturen kasuan horrela egin behar dela lan.

Beti al da «goizegi» tortura ikertzeko?

Hala dirudi. Eta egia da kontu bakoitzak duela bere denbora. Egia ere bada gai batzuei ezin izan diegula aurretik heldu; honi, adibidez. Baina nik ez dut uste arinegi aritu garenik. Uste dut garai egokia dela gure iraganaren analisi kritikoa egiteko; guztioi eragiten digun iraganarena. Eta puntu hau beste bat da, ez da bakarra; batzuentzat ez da garrantzitsua izango, baina bada. Gainera, ezin da esan hau egin eta beste kontu batzuk baztertu direla. Garaia da. Nik alde guztietako pertsonen posta elektronikoak jaso ditut esanez orain egin behar dela, ondo iruditzen zaiela... Horretan gaude.

Ertzaintzako kideen gehiengoa ordezkatzen duen Erne sindikatuak ere kritikatu du txostena.

Uler dezaket Ertzaintzako kideak defendatzen dituen erakunde batek kritika egitea, baina oso ondo dakit sindikatu denek ez dutela iritzi bera. Ikerketan datu batzuk agertzen dira, eta horiei ezin diegu ez ikusiarena egin. Bat egiten dut Jonan Fernandezek esandakoarekin: ezin dela konparatu ez kuantitatiboki ez kualitatiboki Polizia denek izan duten jarrera torturen gaian. Baina hala izanda ere, Ertzaintzak atxilotutako pertsona batek eskubide osoa dauka eskua altxatu eta esateko jasandako tratua ez zela egokia izan, epai bat egon zein ez. Administrazioko egitura guztien jarduna kritikatu daiteke, Ertzaintza barne.

Baten batek esango du tortura kasuen kopurua eskasa dela. Zuk diozu «lagin» bat dela: mugaren bat zenuten?

Ez. Ez guk geure buruari ez beste inork ezarria; eta horren erakusle da Kriminologia Institutuak lanean jarraituko duela kasuak biltzen. Hori bai: torturatu batentzat beti geratuko gara motz. Ziur ez duela bere tragedia pertsonala irudikatuta ikusten zifra horietan. Baina kopuruetatik haratago, pertsona horiek aitortza nahi dute. Gertatu dena ez bada aitortzen, ez da gaindituko. Errealitate objektibo bat da eman ditugun kopuruak osatu gabeak direla. Ahalik eta kasu gehienetara iristeko ahalegina egin dugu, baina askotan ez dago gure esku soilik. Pentsa jende askok beldurra diola torturatua izan zela esateari; eta askotariko arrazoi horiek errespetatu behar dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna