Ebola. OMEren erantzuna. Jesus Maria Garcia Calleja. OMEko epidemiologoa

«Ebolaren agerraldia ez zuten ondo neurtu, ez OMEk, ez herrialdeek»

Ebolaren hedapenak GIB birusa zabaldu zen garaia gogora dakarrela onartu du Garcia Callejak: antzeko izua ari da eragiten. Halako gaitzak kontrolatu egin behar direla ohartarazi du: «Berez ez da konponduko».
BERRIA

Maite Asensio Lozano -

2014ko urriak 12
Aspaldi egin zuen Euskal Herritik Genevarako bidea Jesus Maria Garcia Callejak (Gasteiz, 1956): mediku epidemiologo dihardu OME Osasunaren Mundu Erakundean. GIB birusean da aditua, baina gertutik aztertzen ari da ebolaren bilakaera. Lasaitasun mezua igorri du: «Epidemiei buruzko filmek gehiegizko eragina izan dute: izua zabaldu da. Baina sen onez jardun behar dugu».

Nola erantzuten du OMEk halako izurri kasuetan?

OMEko 192 kideek osasun publikorako nazioarteko araudia onartu zuten 2005ean, izurri guztietan aplikatu beharrekoa. Irizpide batzuk ezarri zituen, eta horien arabera jardun behar dute herrialdeek izurri bat agertzen denean OMEri jakinaraztean. Berri izatean jarduten dugu guk. Azkenaldian, Ekialde Hurbilean gameluetatik sortutako MERS —ingelesezko sigletan, Middle East Respiratory Syndrome— izurriaren aurka ere buru-belarri gabiltza; Londresera heldu da jada. Halakoetan, egoera aztertu eta gomendioak egiten ditu OMEk.

Garaiz antzeman al zen ebola udaberrian?

Lehen kasuak martxoan agertu ziren, baina Gineako agintariek ez zuten berehalakoan jakinarazi; iparraldean izan zen, Liberiarekiko mugan, gune gatazkatsuan. Halakorik ez zen inoiz izan Afrikako mendebaldean: birus bakana zen, ezberdina. Erakundea saiatu da herrialdeei aholkularitza egokia ematen.

Baina baliabiderik ez du bidali.

Ez. Jendeak uste du OMEk dirua ematen duela, baina ez da hala: oso diru gutxi du, berez. Aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzen du, eta, batzuetan, baliabideak jartzen ditu, baina gauza txikiekin: garraioa, bilerak...

Afrikako herrialdeek euren baliabideak baino ez edukitzeak ba al du eraginik birusaren hedapenean?

Denak du eragina. Hedapenean lau faktore nagusi egon dira: bat, gaixotasun berria zela, ezezaguna; bi, epidemiaren agerraldia ez zutela behar bezala neurtu, ez OMEk, ez herrialdeek; hiru, gune metropolitanoetara heldu zela —jatorria animalietan dago beti, baso inguruetan, eta hor erraz kontrolatzen da, biztanleak ez direlako ia mugitzen, baina hirietan askoz azkarrago zabaltzen da—; eta lau, herrialde horietako osasun sistemak oso ahulak direla, ia azpiegiturarik gabeak.

GIBarekin ari dira alderatzen ebola. Birus hura aurrekaria izan al zen izurrien kudeaketetan?

1980ko hamarkadaren amaieran izua zabaldu zen, inork ez zekielako zer zen eta nola kutsatzen zen. Proiekzio batzuek zioten Afrikako biztanleria desagertu egingo zela. Estigma handia ekarri zuen horrek: diskriminazio handia jasan zuten GIBdunek, eta medikuek ere ez zuten haiekin lan egin nahi. Beldur horregatik alderatzen da ebolarekin. Baina garai hartan ez geneuzkan egungo irizpideak, nazioarteko arauak, kontrol neurriak eta baliabideak.

Zein alde dago bien artean?

Hiesa kutsatzeko modu nagusia sexu harremanak dira; ebola jariakinen bidez ere igaroarazten da. Baina birusak ikusezinak direnez, erraza da izua zabaltzea.

Afrikan 8.000 pertsona baino gehiago daude kutsatuta, eta ia 4.000 hil dira. Bada esan duenik ez direla kopuru altuak eta gehiegizko alarma sortu dela.

Gutxi eta asko dira, aldi berean. 8.000 pertsona 8.000 bizi dira: asko. Gainera, Liberian, esaterako, osasun zerbitzuak ez dabiltza: 650 ospitaleetatik 120 baino ez daude zabalik —Sierra Leonako eskolak ere itxita daude, eta irrati bidez ematen dituzte eskolak—. Horrek esan nahi du norbaitek malaria badu ospitalean ez diotela tratamendurik emango, eta berdin erditzeetan, edo auto istripuetan; beraz, hilkortasuna asko hazi da, pertsona asko hiltzen ari direlako ebolaren zehar kalteengatik. Edonola ere, argi dago ebolarena bezalako izurri bat kontrolatu egin behar dela: berez ez da konponduko.

Sendagairik ez edukitzea al da kezka iturri nagusia?

Bai, baina hori ere erlatiboa da. Europan eta AEBetan sendatu direnak 30-40-50 urteko pertsonak dira, gazteak; Madrilen hildako misiolariek 70 urte zituzten, eta patologia kronikoak. Faktore askoren araberakoa da tratamenduaren eraginkortasuna, baina osasun egoera bada horietako bat. Beren kabuz sendatzen direnak ere badaude: ez dakigu zergatik gertatzen den hori.

Adituek aurreikusia zuten ebola urri amaieran helduko zela Europara, Frantziara eta Erresuma Batura, zehazki. Nola neurtzen da hori?

Mugikortasunean oinarritzen dira. Historikoki, Frantziak merkataritza harreman asko dauzka Afrikako mendebaldearekin, eta Ingalaterrak ere bai: hegazkin bidezko komunikazioa handia da.

Zein neurritan aurreikus daitezke birusen mugimenduak?

Zaila da jakitea noiz helduko den leku batera, eta are zailagoa aurreikustea noiz agertuko den epidemia bat. Osasun publikoaren eta izurrien historiak azaleratzen du gehiago egongo direla. Eta bidaiek eta turismoak erraztu egiten dute hedapena.

Afrikatik kanpo pertsona bat kutsatu da lehen aldiz, Espainian. Hemendik aurrera, zer?

Teoria ezkorrak eta baikorrak daude: ezkorrenek diote Afrikan 1,4 milioi lagun kutsatuko direla azarora arte, eta baikorrenek —OME barne— 20.000n utzi dute zifra; baina ariketa matematikoak dira. Gauza bat dago argi: Afrika mendebaldean eritasunak hedatzen jarraitzen duen bitartean, Europan jende gehiago kutsatzeko aukera handiagoa egongo da. Baina ez dut uste Europan edo Amerikan epidemiarik egongo denik. Aldiz, arriskutsua izan daiteke Asiara zabaltzea: India, Pakistan, Bangladesh... biztanle askoko herrialdeak dira, osasun sistema oso sendorik ez dutenak; arazo konplexua eragin dezake.

Zergatik uste duzu Europan ez dela izurririk gertatuko?

Epidemia bat gerta dadin, pertsona batek lagun bati baino gehiagori kutsatu behar dio eritasuna. Transmisio tasa pertsona bat baino gutxiagokoa bada, ez dago izurririk; hori gertatu zen GIB birusarekin. Uste dugu Europako osasun sistemek fokuak kontrolatu ahal izango dituztela. Madrilen, adibidez, lehen kasua agertu eta berehala hainbat pertsona bakartu dituzte. Badauzkate baliabideak: langile trebatuak, logistika, garraioa, gaixoak elikatzeko moduak, bakartzeko tresnak...

Zein eragin dute higienerako baliabideek eta bestelako ohiturek hedapenean? Adibidez, eskuak maiz garbitzeak.

Gehienetan, eskuen bidez kutsatzen da, ukituz, eta eskuak ondo garbitzea giltzarri da hainbat eritasuni aurrea hartzeko. Izan ere, birusak ez du pertsona batetik bestera salto egiten, baina jariakin guztietan dago. Ebolak duen bereizgarria da pertsona hiltzen denean ere birusak bizirik jarraitzen duela: ordu batzuetan zehar zeluletan ugaltzen segitzen du. Horregatik da hain arriskutsua gaixoak lurperatzea: Afrikan, hildakoen gurtzarekin lotutako ohiturek hedatu egin dute birusa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna