Kataluniako erreferenduma. Gerard Gomez del Moral i Fuster. ERCko diputatua

«Espainiako Gobernuaren hondatzea zuzenean bizitzen ari gara»

Erreferenduma egin ahal izateko estrategia landu bat daukatela eta, lasai dago diputatua. Gomez del Moralek ez du uste urriaren 2an ezezkoaren garaipenarekin esnatuko direnik; «prozesu konstituziogilea jarriko dugu abian».

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Bartzelona
2017ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gaztea izan arren, ERCko diputatu Gerard Gomez del Moral i Fuster (Bartzelona, 1989) aspalditik ari da Kataluniako politikagintzaren lehen lerroan lanean. Besteak beste, ERCren gazte adar JERC erakundearen bozeramailea izan da 2011-2016 artean.

Asteazkeneko gertaerek mugarria jarri dute. Zein analisi egiten duzue ERCn?

Hau ja ez dela bozkatu edo ez. Hau demokraziaren defizit bat dela. Lehen bazegoen, baina orain agerikoagoa da, eta Espainiako Gobernuaren hondatzea zuzenean bizitzen ari gara, nola jartzen duen bere demokrazia eta nola oldartzen den Guardia Zibila bidaliz eta jendea atxilotuz, erreferenduma ez egiteko, herri oso bat dagoenean bozkatu nahian. Bi gauza argi daude: bat, gure atzetik doazela, beti daukagulako plan alternatibo bat, eta oso ondo pentsatutako estrategia bat, eta, bi, jendea prest dagoela kalean Kataluniako prozesua eta instituzioak defendatzeko, Espainiako Gobernuari aurre egiteko. Ja ez da independentzia bai edo ez. Duintasun kontu bat bihurtu da, autoritarismoaren aurrean.

Atxiloketez gain, finantza bideak kontrolatzen hasi da Madril. Horrek zailtasun ugari ekarriko ditu.

Ikusteko dago nola eragingo duen, eta guk hartuko ditugun neurriak. Bagenekien hori ere etorriko zela, dirua mozten baduzu jendea beldurtzen duzulako.Finantzaketaren erabakiek Generalitatea ito nahi dute, eta, ondorioz, jendearen bizimodua. Beren arau guztien gainetik igaroz egiten dute hori. Autonomian esku hartzen ari dira, 155 artikulua atzeko atetik aplikatuz, eta katalanak beldurtu nahian. Baina ikusi duzu egunotan inor beldurtuta?

Oztopoz beteriko lasterketa izango da urriaren 1era bitartekoa. Oraingoz, ordea, bozkatzeko lekuen berri eman du Carles Puigdemontek. Madrilek konbentzimenduz esaten du ez dela egingo.

Bide orri bat daukagu, eta hari jarraitzen ari gara. Gainera, Espainiako Gobernuaren estrategia zein den asmatzeko ez da fenomeno bat izan behar, zoritxarrez bai baitakigu haren jokaera nolakoa den, eta demokraziaren arauak ez dituela ezagutzen, indarra dela erabiltzen dakien argudio bakarra. Beraz, talde sendo bat daukagu katalanok, indarkeria mekanismo horiek gainditu eta aurrera egiteko, guk ongien egiten dakigun bezala, jendeari azalduz oker daudela, eta guk herri aske eta irekia eraiki nahi dugula.

Junts Pel Sik estrategia osoa ezkutuan ematea ere kritikatu dute askok, ez unionistek soilik.

Baina nola egin dezakegu aurrera gure kartak gordetzen ez baditugu? Guk argiak izan nahi genuen, saiatu gara Espainiako Gobernuarekin azkenera arte elkarrizketa bat bideratzen, erreferenduma bi aldeek adostutakoa izaten, Eskozian egin zuten bezala, baina ez dugu lortu. Joan den astean, eskutitz bat ere bidali zitzaien Espainiako agintariei, baina erantzun ere ez dute egin.

Espainiako Estatuko hainbat lekutan protestak handitu dira asteon. Gauzak aldatzen ari al dira?

Edozein urrats garrantzitsua da Espainiako Gobernua bultzatzen badu Generalitatearekin hitz egitera. Podemosen jarrera txalotzen dugu, uste baitugu Espainian ezkerreko jende asko dagoela gobernua bultzatzen ari den politikaren kontra, baina PSOE gobernuarekin dago, eta beti egon da. Ez zaigu ahaztu behar gauden lekuan gaudela sozialistek estatutua pikutara bidali zutelako, eta garai hartako PSCko liderrak kendu zituela. Hemen gaude, era berean, ez delako ikusten Espainiako etorkizunean gehiengo bat aurrera egiten utziko diguna. Entzun besterik ez dago Kongresuan alderdi sozialistako bozeramaile Margarita Roblesen adierazpenak. Espainian gauzak aldatzea oso zaila da.

PSCk Madrili jarraitzen diola ere ikusten ari gara, salbuespenak salbuespen.

Ez da ulertzen egiten ari dena. PSCren jarrerak haserrea eragiten dit. Beti hitz egiten dute demokraziaz, parte hartzeaz... Min ematen dit nola ukatu nahi dien botoa katalanei, eta paraleloki omenaldiak egitea Companys eta ezkerreko erreferenteei, errepublika ezartzeko horrenbeste lan egin zutenei. Baina PSC jendez husten ari da, bai buruzagiz eta bai militantez, eta desagertzeko zorian egon daiteke prozesu honen ostean. Katalunian gero eta jende gutxiago ordezkatzen du.

Podemosen Kataluniako adarren jarrera, berriz, argitu eta indartu da atxiloketen ostean.

Bai, eta esan behar da horrek jokaleku hobean jartzen gaituela. Ez diet ezer leporatu nahi, ulertzen baitut haien anbiguotasuna, sentsibilitate asko daudelako bere barruan, baina erreferendumak daukana da posizio bat hartzera behartu duela jendea, eta argia izan behar dela, egoera oso larria delako. Atxiloketen ostean, kanpainan sartu dira, frontea argitu delako: demokrazia bai ala ez. Independentista ez diren asko etorri zaizkit egunotan esatera bozkatuko dutela, ez zaielako jasangarria egiten Espainiako Gobernuaren errepresioa.

Zer gertatuko da urriaren 2an?

Ziur nago ez dela analisi askorako aukerarik izango, orain ja ez, nahiz eta gobernua eta Madrilgo komunikabideak horretan saiatuko diren. Prozesu konstituziogilea martxan jarriko dugu errepublika eraikitzeko denon artean. Ezezkoak irabaziko balu, berriz, hauteskundeetara joango ginateke. Ezezkoa ez da aterako, ordea.

Hauteskunde batzuk egingo balira, zuek zinatekete irabazleak, inkesta guztien arabera. Tentazioa ez da txikia.

Orain dena dugu irabazteko, eta denok. Nik ilusio handia dut herri hau aurrera ateratzeko, eta etorkizuneko bidea urratzeko modu bakarra dago: denok elkarrekin aritzea, herri honen alde gauden alderdi guztiek bat eginez, eta prozesuan asko ikasi dugu, ezberdinen artean ados jartzeko. Beraz, ilusio horrek ematen dit gogoa lanean jarraitzeko.

Oso gaztea zara. Zerk eraman zaitu politikara?

Bueno, gauzak aldatzeko dira, eta Joan Fuster pentsalari valentziarrak esaten zuen moduan, politika egiten duzu, edo egiten dizute. Eta Espainiako Estatuan ikusi den bezala, kontrarako politika egiten du, eta garrantzitsua da jendeak parte hartzea eta gauzak aldatzen saiatzea. Horregatik erabaki nuen politikan aritzea, eta gustatzen ez zaizkidan gauzak aldatzen saiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.