Errusiako hauteskundeak. Geopolitika. Javier Morales. Nazioarteko Harremanetan aditua

«Uste dut Errusiak ez duela nahi Gerra Hotzik»

Moralesen ustez, «argi eta garbi» ez da berriz piztu XX. mendeko gatazka Moskuren eta Mendebaldearen artean, Errusiak ez duelako iraganeko ideologiarik, eta «mundu globalizatu bat» delako gaur egungoa.

mikel rodriguez
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Unibertsitate Europarrean Nazioarteko Harremanen irakaslea da Javier Morales (Avila, Espainia, 1979), eta GEurasia Europako eta Eurasiako Ikerketa Taldeko zuzendarietako bat da. Tesia egin zuen Errusiaren atzerri eta segurtasun politiken ikusmoldeen eta identitateen inguruan Boris Jeltsinen arotik Vladimir Putinenera, eta herrialde horren politika eta munduan duen rola izan ohi ditu ikerketagai nagusi.

Azken urteotan anitz erraten ari da berriz piztu dela Gerra Hotza. Zuzena al da hori?

Argi eta garbi, ez. Lehenik eta behin, gaur egungo Errusia Sobietar Batasuna baino anitzez ahulagoa delako. Ez dauka mundu osoan herriak mobiliza ditzakeen ideologiarik, eta haren propaganda tresnak —Russia Today telebistaren gisakoak, edo sare sozialak— lehendik halako ideiak zituztenengana ailegatzen dira bakarrik, Mendebaldearen aurkako diskurtso baten alde egon daitezkeenengana. Bigarrenik, mundu globalizatu batean bizi gara; herriak elkarrekin harremanetan bizi dira, bidaiatzeko aukera dute, ez dago Berlingo Harresirik. Errusiarrek Mendebaldea hobeki ezagutzen dute, Mendebaldeko kultura Errusiara ailegatu da, eta guk ere jakin dezakegu Errusian zer gertatzen den Putinen propagandatik harago. Gero eta arazo partekatuagoak ditugu, eta harremana mantentzearen menpe dago gure oparotasuna. Errate baterako, Europako Batasunarekin harreman komertzialak eduki gabe Errusiako ekonomia ez da bideragarria, eta Europako Batasunak Errusiaren hornikuntza energetikoa behar du oraingoz. Horregatik guztiagatik uste dut ezin dela Gerra Hotzik egon, eta uste dut Errusiak ez duela nahi.

Barack Obamak AEBetako presidente zenean erran zuen Errusia «potentzia erregional soil bat zela». Definituta al dago zer den Errusia gaur egun?

Ni hagitz kritikoa naiz Errusia pizten ari dela erraten dutenekin. Urte batzuetan ahantzia izan bagenuen ere, nazioarteko jokalekura aspaldi itzuli zen, eta kontuan hartu behar da. Ez da Sobietar Batasuna izan zen potentzia hura, hori izateak erran nahi baitu maila berean egin behar zaiela lehia Estatu Batuei, eta norbait horretarako gai balitz orain, hori Txina litzateke. Errusia erdibideko zerbait da orain, superpotentzia baten eta potentzia erregional baten artekoa. Errusia 1990eko hamarkadan izan zen potentzia erregional bat, baina, Putin boterera ailegatu zenetik, edo pixka bat lehenagotik ere, rol global bat izan du, nazioarteko arazo handi guztietan inplikatuta egon delako; Siriako gerra adibide argi bat da, edo, lehenago, Irakekoa. Obamak, esaldi horrekin, bazirudien erran nahi zuela Errusia ez dagoela legitimatuta arazo globaletan erabakiak hartzeko, hau da, periferiara mugatu beharko litzatekeela. Errusiako eliteak eta gizarteak ez dute hori onartzen; uste dute dagokien baino rol txikiagora mugatu dituztela, eta neurri batean horrek azaltzen du Putinen politiken aldeko babesa, Putin litzatekeelako munduari erakutsi diona Errusiak ez diola uko eginen dagokion rolari. Baina Mendebaldeak Errusiaren rol erregionala ere zalantzan paratzen du —eta Ukraina da adibide argi bat—, ez baitio onartzen periferiako herrialdeetan ere eragina izatea; eta eragina diot bakarrik, ez dominazioa.

Errusiako Federazioa estatu gaztea da, eta urte gehienak Vladimir Putinen agintepean egin ditu. Nola eboluzionatu du nazioartean?

Putinek hemezortzi urte daramatza boterean, eta aro ezberdinak izan ditu. 2000. urtean ailegatu zen boterera, eta, zer eginen zuen argi ez bazegoen ere, mesfidantzaz hartu zuten, KGBtik [Sobietar Batasuneko zerbitzu sekretutik] zetorrelako, bertzeak bertze. Hasierako Putin, argi eta garbi, irekia egon zen Mendebaldearekiko elkarrizketara, baita lankidetzara ere. [2001eko] Irailaren 11 adibide bat da, Putin izan baitzen Bushi [AEBetako orduko presidenteari] deitu zion lehenbiziko liderra Afganistango inbasioa babesteko. Europako Batasunarekin ere defendatzen zuen Errusia Europako herrialde bat zela, eta Europa mendebaldearen erreferente berberak zituela. Hori aldatu da, kontraerranean sartu baita Errusiak lidergo global bat izateko zuen nahiarekin, Mendebaldeak ez zuelako utzi bertzerik gabe Errusia lehiakide bat izatea jokaleku globalean. Putinek Mendebaldeari leporatzen diona da ez dela fidatzekoa, Mendebaldeak Errusia engainatu duelakoan lankidetza eskaintzen zion bitartean NATO hedatuta, Errusiaren aliatuak erakarrita... Erran dezakegu oraingo Putin dela erasokorrena, baina une bakoitzean baldintzetara egokitu den Putin bat izan da. Horregatik, ez ginateke harritu behar Ukrainako krisia gibelean gelditu ahala Putin pragmatikoago bat itzultzeaz, Mendebaldearekin harreman egonkorrago bat lortzen saiatuko dena. Baina, noski, bertze aldeak tentsioa mantentzen badu, Putinek ere oraingo diskurtsoari eutsiko dio.

Mendebaldeak bloke baten gisan jokatzen du Errusiarekin?

Hor ere aroak ezberdindu behar dira. Ukrainako gatazkara arte, Mendebaldearen jarrera bakarraz mintza gaitezke, hau da, Estatu Batuak eta Europako Batasuna koordinatu egiten ziren. Ondoren, Europako Batasuna jarrera gogorrago bat hartzen hasi zen. Europako Batasuna saiatzen ari da eragile geopolitiko baten gisan agertzen, eta Errusiari lehia egiteko jarrera bat hartu du. Estatu Batuak, berriz, kontrako norabidean doazela dirudi; Obamaren garaian nahiko jarrera gogorra zuten, baina, orain, [Donald] Trumpekin ez dakigu ongi zer gertatuko den, elementu kontraerrankorrak baitaude: alde batetik, bazirudien Putini eskua luzatzeko prest zegoela, baina, bertzetik, badirudi atzerri politikan ildo berberari jarraitzen ari zaiola. Hala ere, Trump Putinengana hurbilduko balitz, ez dut uste Europako Batasunak jarrera aldatuko lukeenik.

Arestian erran duzu ez duzula uste Errusiak Gerra Hotza berriz piztu nahi duenik. Zergatik?

Iraganeko garaien oroitzapena traizio egiten ari zaigu. Errusiaren estereotipo bat dugu oraindik, irudikatzen duena inperio bat balitz bezala, demokraziari eta Mendebaldeari gorrotoa dion ideologia batek mugitzen duena; eta ez da hain ezberdina Errusiako propagandak Mendebaldeari buruz dioenetik, errusofoboa dela, eta Errusia zokoratu eta suntsitu baino ez duela nahi. Ukrainako gatazkan ikusi da Putinek estrategia mugatu bat izan duela, eta ez duela egin eskala handiko erasoaldi global bat Mendebaldearen kontra. Izan ere, ez dezagun ahantzi Ukrainako gatazka bi herrialderen arteko krisi bat dela. Errusiak gobernu bat babesten zuen, eta hori iraultza batek bota zuen. Hortaz, Errusiak, errepresalia modura Krimea bereganatu zuen, eta Ukraina ekialdean matxinada sustatu, finantzatu eta antolatu zuen. Baina horrek ez du erran nahi herrialde gehiago inbaditzeko Errusiak eman duen lehenbiziko pausoa izan denik, Baltikoko herrialdeetan zabaldu den bezala, errate baterako. Errusiak badaki ez dagoela NATOren maila berean.

AEBez gain egon litekeen superpotentzia bakarra Txina dela erran duzu. Zer-nolako harremana dauka Errusiarekin?

Oroitu behar da Gerra Hotzaren hasieran Txina eta Sobietar Batasuna aliatuak zirela, eta Stalinen heriotzaren ondotik [1953] Txinak harremana hautsi zuela; horregatik erlazioak ez dira errazak izan. Alde batetik, Errusiak badaki oraintxe bertan Txina herrialde boteretsuagoa eta eragin handiagokoa dela mundu osoan, nagusiki eragin ekonomikoarengatik. Errusiak Txina gainditu dezakeen arlo bakarrak arma nuklearrena eta lurraldearena dira, baina, egiazki, lurraldea ahulgune bat da Errusiarentzat, hain handia izanda eta Txinarekin hain muga luzea izanda badakielako gatazkarik balego Txinak arriskuan paratu litzakeela mugako lurraldeak. Militarki, Errusiak uste du Txinari zuhurtziaz begiratu behar zaiola. Bertzalde, bi herrialdeak azken urteotan elkarrengana hurbildu dira ez dutelako aukera hoberik izan. Hau da, Gerra Hotza bukatu zenetik, Errusiaren lehentasuna izan da Estatu Batuekiko eta Mendebaldearekiko harremana; bai lankidetzarako, bai gatazkarako, haren arerio nagusiak direlako, eta harremanak ongi joanez gero bazkide nagusiak izanen direlako. Txinarengana hurbildu da Mendebaldearekin gatazkak izan dituenean. Txinak, ordea, aukera gehiago ditu, eta, hortaz, pizgarri gutxiago ditu Errusiarekin bloke iraunkor bat osatzeko. Horregatik, bien arteko lankidetza unean unekoa izanen da beti, eta, funtsean, Errusiari konfiantza faltako zaio, eta Txinari, berriz, interesa faltako zaio Errusiak eskain diezaiokeenaren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.