Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma. David McDonald. SNPren zinegotzia Glasgown

«Ederki damutuko zaio Londresi erreferenduma onartu izana»

Bi urteko kanpainaren azken ahaleginetan buru-belarri dabil David McDonald (Glasgow, 1983), Glasgowko Udaleko zinegotzia: «Badakit ez dudala inoiz hau baino gauza handiagorik egingo».
SAMARA VELTE

Samara Velte - Berriemaile berezia

2014ko irailak 14
Hasieran erraza zen Glasgowko kanpaina independentista koordinatzea, «sei edo zazpi kide bakarrik» zituenean. Denborarekin, baina, dozenaka boluntario eta lantalde sortu dira, eta kanpainak David McDonaldek imajina zitzakeen dimentsio guztiak gainditu ditu: «Aspaldi utzi zion alderdi bakarrekoa izateri. Orain, SNPko kideak ditugu, laboristak, sozialistak, berdeak, eta baita herritar arruntak ere. Oso pozgarria da inplikazio maila hori ikustea; izan ere, Eskozian langile klaseek galdua zuten fedea politikan. Glasgown, hauteskundeetako parte hartzea %30 izan ohi da, baina, oraingoan, %97k eman dute izena bozkatzeko».

Glasgow oso kasu berezia da, erreferendum osoa baldintza dezakeelako.

Eskoziako hiri handiena da, eta ziurrenik hemen irabaziko edo galduko dugu erreferenduma. Ezkerreko mugimendu erradikalen historia handia ere badu hiri honek, eta, nire ustez, baiezkoa irtengo da; izan ere, sekula politikan sartu ez den jendea mobilizatu du kanpaina honek. Herritarrek gaiari buruz hitz egiten dute kalean, lagunekin… Halako elkarrizketez beteta dago hiria.

Zein mezu helarazi diezue langile klaseei?

Nagusia da guk aukeratutako gobernua nahi dugula. Glasgowk laboristen alde bozkatu du azken 60 urteotan, baina erdietan kontserbadoreak egon dira agintean [Londresen], eta hemengo industria guztia suntsitu dute. Garai batean, hemeretzi ontziola geneuzkan, eta 100.000 lagunek lan egiten zuten bertan; gaur egun, enpresa bakarra dago, eta 10.000 lagun eskas dauzka kontratatuta. Jendeak badaki kontserbadoreen politikek kalte egiten diotela Glasgowri, horregatik esaten diegu ez dituztela gehiago jasan behar baietz bozkatzen badute.

Baina Alderdi Laboristako korronte nagusia ere independentziaren aurka agertu da.

Zoritxarrez, laboristak euren etsai historikoen alboan jarri dira. Hori oso deserosoa da haien ohiko boto-emaileentzat, Glasgowri hainbeste kalte ekarri dieten horiexen eskutik helduta ikusten dituztelako. Sektore batek nahiago luke alderdia tradizio ezkertiarragora itzuliko balitz.

Zeu ere tradizio laboristako familia batetik zatoz. Desilusioa hartu zenuen?

Eskola utzi nuen urtean zabaldu zuten Eskoziako Parlamentua, 1999an. Politika, bat-batean, garrantzitsuagoa bihurtu zen, goizetik gauera instituzio hura geneukalako. Garai hartan, zailtasun handiak neuzkan Londresko gobernuko laboristekin adiskidetzeko; izan ere, Irakeko gerrarako bidean geunden, eta gobernua asilo eskean zetozen pertsonak atxilotzen hasi zen. SNP politika haien aurka agertu zen garai hartan.

Orain, Londresko alderdi nagusiek —laboristek eta kontserbadoreek— botere gehiago eskaini dizkiete eskoziarrei, independentziaren aurka bozkatzen badute.

Gauza bera esan zuten 1979ko erreferendumean, eta lortu genuen gauza bakarra Margaret Thatcher izan zen, eta hark Eskoziako industria guztia suntsitu zuen. Ez diot hitz erdirik sinesten Londresi: eskumen gehiago emango dizkigula hitzematen digu, eta zehazteko eskatzen diogunean, erantzuna da: «Tira, bide orri bat eskaintzen dugu eskumen gehiago ematen joateko». Baina hori 2015eko hauteskundeen ostean izatea nahi dute, eta hor ikusi beharko da Ingalaterran zer ateratzen den; UKIP ere [Erresuma Batuaren Independentziaren Aldeko Alderdia] hor dago... Askoz arrisku handiagoa du orain independentziaren aurka bozkatzeak.

Zer gertatuko da ostegunean?

Emaitza edozein dela ere, gure historiako mugimendu politiko handiena izango da. Glasgown baiezkoak irabaziko duela uste dut. Merezi dugu, gainera: gure kanpaina izan da Eskoziarentzako proiektu bat proposatu duen bakarra.

Denbora gehiago edukiz gero baiezkoak aiseago irabaziko lukeela uste duzu?

Ez dakit. Egia da bi urte hauek ondo etorri zaizkigula mezu batzuk helarazteko. Lehen, jendeak ez zuen uste Eskozia herrialde aberatsa zenik; petrolioaz hitz egiten zuten, baina ez zituzten kontuan hartzen beste baliabide batzuk: sektore zientifikoa, elikagaien eta edarien industria, sektore kreatiboa... Bi urteotan hori aldatu da: lehen, «independente izan gaitezke» esaten genuen; gero, «independente izan behar genuke», eta, orain, «independente izan behar dugu» esaten dugu.

Independentziarako proposamenak gehitxo leuntzea leporatu izan dizuete; esate baterako, NATOri eta monarkiari eutsita.

Ohartu gara badirela jendearentzat garrantzitsuak diren hainbat elementu: erregina, libera mantentzea, «batasun soziala» [Ingalaterrako senide eta lagunekin dituzten aliantzak]... Herritarrek balio handia ematen diete gauza horiei. Erregina, azken batean, 50 herrialde baino gehiagotako estatuburua da, besteak beste, Australia eta Kanadakoa; eta liberari eustea interesgarria da guretzat. Gure aurkariek diote zati onenak mantendu eta txarrak aldatu nahi ditugula, baina ez al da hori mundu guztiak egiten duena zerbait hobetu nahi duenean?

Zer iritzi daukazu Erresuma Batuko Gobernuak kanpaina honetan guztian hartu duen rolaren inguruan?

Inoizko kanpainarik negatiboena izan da. Hedabideetan atera da banku eta enpresa handiek Londresera alde egingo dutela. Ez dute aipatzen Royal Bank of Scot-landek esan duela lanposturik ez duela mugituko, ez eta banku horren akziodun nagusia Erresuma Batuko Gobernua dela ere. Duela urte batzuk hondoa jo zuten bankuak dira, azkenean diru publikoz berreraiki zituztenak; beraz, nork egiten die presio?

Horrez gain, badakigu lehen ministroak hainbat herrialderekin hitz egin duela Eskoziaren independentziari buruzko komentario txarrak egiteko, baina harrigarria da zeinen erantzun gutxi jaso dituen.

Eskoziako erreferendumari beste herrialde batzuetako autodeterminazio eskariei baino legitimitate handiagoa ematen diotela iruditzen zaizu?

Kasu desberdinak dira. Euskal herritarrok eta katalanek autodeterminazio eskubidea ukatzen dizueten gobernu bat daukazue Madrilen; hemen, aldiz, Londresek onartu behar izan zuen SNPk gehiengo osoa lortu zuela parlamentuan —hain zuzen ere, gehiengo osorik ez lortzeko diseinatutako instituzio batean—. Uste zuten ez ginela gai izango erreferenduma aurrera ateratzeko.

Londresek desberdin jokatuko zukeen, baldin eta jakin izan balu Yes Scotlandek hainbesteko babesa lortuko zuela?

Erreferenduma onartzea erabaki zuten uste zutelako ezezkoak irabaziko zuela. Kataluniaren aurkakoa da: han, Madrilek badaki galdu egingo duela; hemen, erreferenduma egin eta kontuaz ahaztu nahi zuten. Baina gogor lan egin dugu, eta pentsatzen dut Erresuma Batuko Gobernua aste honetan ederki damutuko dela erreferendumera deitu izanaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna