Lucien Betbeder. Auzapezen Biltzarreko presidentea

«Prefetaren desafioak elkarren arteko lana behartu behar du»

Auzapezen Biltzarreko presidente izendatu berri dute Betbeder. Pozik hartu du izendapena, eta dio bere esku dena egiten saiatuko dela. «Oreka lortu behar dugu, eta horretan dago lan handiena».

Lekorne
2014ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Lucien Betbeder Lekorneko auzapeza (Donamartiri, 1959) izendatu zuten Auzapezen Biltzarreko lehendakari berri azaroaren 8an Miarritzen iragandako bilkuran. Lehendakari berriaren izendapenaz gain, lurralde antolaketa berria izan zuten aipagai bilkura hartan, eta Auzapezen Biltzarraren funtzio nagusiak ere azpimarratu zituzten.

Zer arrazoik bultzatu zaitu Auzapezen Biltzarreko presidente izatera?

Lehenik, erran behar dut toki bat proposatzen denean ez dela errefusatu behar. Orain dela sei urte sartu nintzen Auzapezen Biltzarrean, lehen agintaldia hasi nuen urtean. Osoki inplikatu nintzen Biltzarrean, eta giro ona zegoen. Han parte hartzen genuenen artean, ideia guzietako hautetsiak ginen. Hori asko interesatzen zitzaidan, baita bertan aipatzen genituen gaiak ere, Ipar Euskal Herriko gai orokorrak zirelako. Ipar Euskal Herriari buruz genituen kezka eta arrangurak plazaratzen genituen, eta horien inguruko irakurketa ere egiten genuen. Bide beretik, mozio bat bozkatzeko parada ere bagenuen. Hori dela eta, kolektibitate berezi horretan inplikatu gara, Ipar Euskal Herriari buruz egiten diren gauzak interesatzen zaizkigulako. Nik ez dut parte hartzen beste elkarte politiko batean, pentsatzen baitut ez naizela gai bi lekutan parte hartzeko. Nik uste oreka moduko bat lortu behar dugula, eta hori da lanik handiena.

Zein da biltzar horren helburua?

Ipar Euskal Herriko herri guztietako hautetsien gune bat da. Ipar Euskal Herriari loturiko gaiak aztertzen dira, ingurumenari buruzko gaiak zein kultura, ikastola, ekonomia... Lege batzuk Paristik heldu dira zuzenean, eta batzuetan ezin ditugu onartu proposatuak zaizkigun bezala. Horrelakoetan, bildu behar gara proposamena landu eta aterabide bat proposatu ahal izateko. Hori izango litzateke Auzapezen Biltzarraren lehen erronketako bat: elkartzeko gune bat izatea. Bigarrena estatuak proposatzen dizkigun lege berrien inguruan aritzea da, eta hor ere bada lana. Hautetsien Kontseilua lanean ari da gai horren inguruan, eta azterketak egiten ari dira. Zentzu berean, Batera-k egiten duen lana ere segitu behar dugula uste dut. Nik uste biltzarrak bere hitza duela horretan.

Biltzarra eragile sinboliko bat da, edo zinez ba ote du egiteko garrantzitsu bat?

Lehenik eta behin, Biltzarra historikoa da, eta, horregatik, sinbolikoa da. Baina gaur egun erakunde sinbolikoak ere aski inportanteak dira, nire ustez. Eginkizunari dagokionez, nik errango nuke erakunde berezi baten eginkizuna duela, edota inportantzia edo boterea. Badakigu Auzapezen Biltzarrean mintzoa dena entzuna dela. Horregatik, biltzarrak badu egiteko bat gaur egun, Euskal Herriko etorkizuna aipatzen denean.

Zer ezberdintasun dago, bada, Hautetsien Kontseiluren eta Auzapezen Biltzarraren artean?

Hautetsien Kontseiluak baditu guk ez ditugun ahal batzuk: beste laguntza batzuk, diru laguntzak eta bestelako baldintzak, azterketak egiteko eskubideak eta abar. Ez dugu funtzionatzeko era bera. Baina, hala ere, guk leku bat dugu Hautetsien Kontseiluan. Hori ere sinbolo bat da, baina nik uste oso inportantea dela Hautetsien Kontseilua bezalako erakunde batean izatea. Herri eta herriko hautetsiei informazioa helarazten laguntzen digu. Informazioa helaraztea biltzarrak dituen beste helburuetako bat da.

Zein izanen da zure egitekoa biltzar horretan?

Administrazio Kontseiluarekin batera ele hori helaraztea herrieta hautetsi guziei, hori izanen da nire eginkizuna. Zentzu berean, gure pentsamoldea helarazia izanen zaie estatuari eta Hautetsien Kontseiluari. Zuzendari batek aitzinean egon behar du.Ez dakit postua behar den bezala beteko dudan ala ez, baina nire esku dagoen guzia eginen dut.

Lurralde antolaketa berria izanen duzue aipagai, besteak beste. Zein da auzapezen jarrera gai horren inguruan?

Biltzarreko elkartean aipatua dugu bistan dena gai hori. Orokorki denak ados gara errateko kolektibitate hori ez dugula lortu eta ez dugula ukanen oraingo gobernuarekin. Beraz, hortik abiatuta, bi gauza daude: legebiltzarrean aztertzen ari den kolektibitatearen lege berria eta prefetaren proposamenak. Hautetsien Kontseiluak egiten duen lana beharrezkoa dela iruditzen zait. Lege eta proposamen horren helburuak zeintzuk diren aztertu behar da. Baina, maleruski, lege hori ezinezkoa dela dioten jende asko dago. Baina nik hori pentsatzen dutenei erran nahi diet gure ideia dela jokoan eta horretan sartu behar garela. Desafio bat proposatu digu prefetak. Nire ustez, izpiritu onez sartu behar gara desafio horretan, horrek elkarren arteko lana bultzatuko duelako. Hau da, herrien arteko elkarlana bultzatuko du. Prozesu horretan ez garela sartu behar esaten dutenei kasu egitea erran nahi diet. Jokoan sartu nahi ez badute, horrek erran nahi du gure artean problemak daudela, eta prefetaren onerako izanen da.

Zer lan eramanen duzu gai horren inguruan?

Bai, ideiak baditugu. Lan hori segituz, Hautetsien Kontseiluaren lan hori segituz eta hautetsi guztiekin partekaraziz etaahal den heinean gure hitzak helaraziz, zerbait lortzen ahal dugu. Egitura berri bat lortuko dugula sinetsi behar dugu. Egitura horrekin, gerora Euskal Herriarentzako kolektibitate bat izaten lor genezake. Euskal Herriak behar duen egitura berezia.

Martxoan departamenduetako hauteskundeak izanen dira. Asmorik baduzu aurkezteko?

Ez, batere ez. Biltzar elkarte hau ongi eramaten lortzen baldin badut, anitz izanen da, eta niretzat aski da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.