Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena. Itxaso Atutxa. EAJren BBBko lehendakaria

«Zenbakiek PSErekin ematen dizkigute gehiengoak errazen»

«Besteak baino gogokoagoa den alderdirik» ez duten arren, Atutxak uste du itunak lortzeko PSE-EEren aukera dela onena, hauteskundeen emaitzak eta sozialistek erakutsi duten prestasuna kontuan hartuta.

gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Lanpeturik dabil egunotan Itxaso Atutxa (Bilbo, 1967). EAJren Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria izaki, haren gain daude Bizkaian EAJk gainerako alderdiekin dituen harremanak itunak lortzeari begira, eta, era berean, Juan Maria Aburtorekin batera egon da Bilboko udal taldeekin izandako bileretan ere, eta EBBk PSE-EE rekin eta Ahal Dugu-rekin izandako batzarretan ere parte hartu du.

Bileraz bilera dabil Atutxa itunak lortzeko langintza horretan: «Akordioak lortzea ez da erraza, baina ez da txarra», esan du. «Batzuetan, alderdien barruan ere pedagogia egin behar da, jendeak onar dezan zerbait partekatzeagatik ez dela ezer galtzen. Gehiengo osoak ondo daude, baina partekatzea ez da txarra».

Pozik zaudete hauteskundeetan lortutako emaitzekin?

Oso balorazio baikorra egiten dugu, egia esan. Egunotan saiatu gara balorazio lar ona ez egiten, inork gure poza harrokeriatzat har ez dezan, baina esan behar da emaitzak Bizkaian oso onak izan direla. Alde batetik, hautagaitzak 110 herritan aurkeztu ditugulako, eta hori ez da erraza; beste aldetik, hautagaitza asko berriztatu ditugulako, horien artean bi oso garrantzitsuak: Bilboko Udaleko eta Batzar Nagusietako zerrendaburuak. Eta apustu horiek egin eta gero, Batzar Nagusietan zein herrietan lortutako emaitzak ikusteak poztasuna ematen du.

Bilboko Casillan egin zenuten azken mitinean, Iñigo Urkullu lehendakariak itunen garrantzia nabarmendu zuen bere hitzaldian. Badirudi hauteskundeen osteko oraingo egoera aurreikusten ari zela.

Itunak aspalditik izan ditugu ahotan. Eta itunez berba egiten dugunean, ez gara ari gehiengoa osatzeko behar diren zenbakiez. Gehiago da itunen bidez zer lortzen den, egonkortasuna esaterako, eta batez ere, zenbat jenderen borondateak batzen dituzun proiektu baten inguruan. Guk oso emaitza onak izan ditugu, baina gure alderdiari botoa eman diotenak baino ez ditugu ordezkatzen. Aldiz, egitasmoa alderdi gehiagorekin partekatzen baduzu, herritarren zati zabal batekin ari zara adosten egiten duzuna. Hori izan da beti gure borondatea.

Gauzak zelan dauden ikusita, PSE-EErekin ituna egitea da aukerarik errealistena?

Garrantzitsuena da jakitea zein alderdik ematen digun egonkortasun zabalagoa. Guk gurari asko eduki ahal ditugu, baina zenbakiak zenbakiak dira, eta ez ditugu alderdiok erabakitzen, herritarrek baizik. Gipuzkoan eta Bizkaian, zenbakiek PSE-EErekin ematen dizkigute gehiengoak beste inorekin baino errazago. Araba beste mundu bat da, oso egoera desberdinak daudelako Gasteizen eta herrialdean.

Guk ez dugu lehentasunik edo besteak baino gogokoago dugun alderdirik; denei deitu diegu, eta denekin berba egin dugu, baina egia da alderdiek dagoeneko jarrera bat hartu dutela. PSE-EEren kasuan, haiekin zenbakiek errazago ematen dute gehiengoa, eta, gainera, hitz egiten jarraitzeko prest agertu diren bakarrak dira. Beraz, guk bide horretatik jarraituko dugu. Baina ez dakigu zertan amaituko den.

Akordioa lortuz gero, Eusko Legebiltzarrera eramateko aukera jarri duzue mahai gainean, baina ez du ematen PSE-EE ados dagoenik.

Guk ikusten dugu zaila dela Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietan, Donostiako Udalean, Bilbokoan eta beste hainbat udaletan akordio batzuk egitea eta gero legebiltzarrean muturka ibiltzea. Horrek ez du esan nahi PSE-EE ezin denik oposizioan mantendu: sarritan, akordioak egiten direnean, aldeek agiri bat hitzartzen dute zein gaitan ez dauden ados adierazteko. Baina ez dakigu legebiltzarrean akordiorik egongo ote den. Nonbait irakurri dut PSE-EE ez dela gobernuan sartuko; horrelakorik ez da planteatu. Gehiago bilatzen dugu legebiltzarrean beste mota bateko harremana izatea, eta ez derrigorrean akordio zehatz bat.

Eta gainerako instituzioetan elkarrekin gobernatzea proposatzen duzue?

Hori ere irakurri dut nonbait, eta ez dakit nondik atera den, akordioak mota askotakoak izan daitezkeelako. Hemen ikusi ditugu legealdi akordioak gobernuan parte hartu barik. Ikusi egin beharko da.

PSE-EErekin ituna eginez gero, zuen irizpidea izango litzateke boto gehien eskuratu duen zerrenda errespetatzea?

Guk orain arte esan dugu, eta aurrerantzean ere mantenduko dugu, boz gehien lortu duen alderdiak daukala lehenengo erantzukizuna eta ardura gobernua osatzeko. Hori bai: alderdi horrek gehiengoa lortzen ez badu gobernua osatzeko, eta beste batzuek bai, zilegitasun osoa dute hori egiteko. Guri ere gertatuko zaigu: orain, Bizkaian, guk baditugu arriskuan zenbait udal, lehenengo indarra izanik ere, badakigulako ezker abertzalea eta beste batzuk akordio bila ari direla. Mugimendu batzuk egon dira, akordio batzuk erdi itxita dauzkate, eta gu alkatetzatik kanpo geratuko gara nahiz eta gehiengoa izan. Bihotza apurtuko zaigu, baina horiek onartu beharra dauzkagu.

Gasteizen, aukerarik ikusten duzu beste mota bateko udal gobernua osatzeko?

Nire balorazioak errespetuz egin nahi ditut nik Bizkaitik berba egiten dudalako, baina, nire ustez, gogorrena ez da Maroto alkate izatea, baizik eta Marotok duen diskurtso horrek horrenbeste boto lortzea. Hori esanda, ni ez nago frentismoaren alde, ez dut uste inoren kontrako batuketarik egin behar denik, baina lehen esan dudanak balio du hemen ere: boto gehien duenak dauka erantzukizuna gobernua osatzeko, baina lortzen ez badu, besteek zilegitasun osoa dute ahalegin hori egiteko. Orain, Marotok lortu behar du gehiengoa. Haren esku dago. Badirudi Marotoren jarrera dela bakarrik joatearena; horrek oso etorkizun beltza ekarri ahal dio, baina berak landutako etorkizuna izango litzateke.

PSE-EE eta EAJren arteko ituna gauzatuko balitz, atzerapausoa izango litzateke erabakitzeko eskubidearen aldeko arloan, Hasier Arraizek iradoki duen moduan?

Orain aldundiez eta udalez ari gara hitz egiten. Arraiz eta bere alderdia sozialistekin elkarrizketak izan eta akordioak lortu dituztenean, hori erabakitzeko eskubidearen kontrako jarrera izan ez bada, ez dakit zergatik izan behar duen atzerapausoa EAJk eta PSE-EEk elkarlanean akordio bat lortzea.

Aldundiek eta udalek ez dute inongo aukerarik erabakitzeko eskubidearen inguruan zerbait konkretua lortzeko; horretarako badago non, Eusko Legebiltzarra alegia. Han, zorionez, alderdi guztiak daude ordezkatuta, eta lantalde bat ere bada lanean. EAJk 120 urte daramatza nazio honetarako beste egitura politiko baten alde lan egiten, eta ez dugu sekula horren kontra egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.