Berlingo Harresia. Eraistearen 25. urtemuga. Klaus Schroeder. Berlingo Unibertsitate Libreko irakaslea

«Alemanian ez da egon Errusiaren aurkako sentimendu orokorrik»

Sobietar Batasuneko beste herrialde batzuetan baino zalantza eta eztabaida gehiago egon ziren Alemanian, Errepublika Demokratikoak mendebaldeko sistemarekin bat egin behar ote zuen edo ez.
BERLINGO UNIBERTSITATE LIBREA

Samara Velte -

2014ko azaroak 2
«Alemaniak, berriz elkartuz gero, beldurra eragingo du berriz», esaten zuen Guenter Grass idazleak Berlingo Harresia erori aurreko urteetan, Bigarren Mundu Gerra gogoan zuela. Alemania Mendebaldeko ezkerrak bere egin zituen haren hitzak, eta batasunaren aurka agertu zen. Mende laurdena igarota, izu hori funtsik gabe geratu dela dio Klaus Schroeder Berlingo Unibertsitate Libreko irakasleak (Luebeck-Travenmuende, 1949): «Alemania ekonomikoki indartu da, eta batzearen ondorio materialak gaindituta daude. Baina atzerrira begira egon zitezkeen kezkak —militarki erasokorra bihurtzea— ez dira bete». Hark zuzentzen duen ikerketa taldeak DDR Alemaniako Errepublika Demokratikoa eta bi aldeen bat egitea du aztergai.

Harresia erori eta 25 urtera, oraindik badira desberdintasunak Alemania Ekialdearen eta Mendebaldearen artean.

Aldea, batez ere, sozializazio mailan igartzen da: belaunaldi helduek oso desberdin bizi dute batzeko prozesua. Materialki geratzen dira desberdintasun batzuk, baina nahiko txikiak dira: batez besteko ongizatean, %10 edo 15en aldea dago Mendebaldetik Ekialdera, eta langabezia datuek ere parekatzeko joerari eusten diote. Objektiboki berdintze prozesuan gaude, baina subjektiboki, pertsona askok uste dute oraindik desberdintasun handiak daudela, eta arrotz sentitzen dira.

Zerk eragiten du irudipen hori?

Alemania batu zen moduak. Diskurtso orokorrak dio huts egindako sistema bat —ekonomikoki, politikoki eta ideologikoki porrot egindakoa— eredu arrakastatsuago batek hartu zuela bere gain. Ekialdeko askok buruan sartuta daukate hori: menderatu egin zituztela, Mendebaldeko sistema oso-osorik sartu zutelako indarrean ekialdean. Hortik sortu dituzte bereizkeriazko nortasunak: «Gu Ekialdeko alemanak gara, eta besteek engainatu egin gintuzten». Errealitatea da DDRk huts egin zuela, eta Mendebaldean inork ez zuela Ekialdeko sistemaren funtsezko ezer berera ekarri nahi. Ekialdekoek ez zuten hori ikusi nahi: gehienek hirugarren eredua eskatzen zuten, Errepublika Federalaren eta DDR-ren tarteko zerbait. Baina Mendebaldean ez zegoen horretarako prestasunik.

Harresia erori ostean, Ekialdeko ekonomia goitik behera aldatu zuten, eta erreforma gehienak Mendebaldeko instituzioek finantzatu zituzten. Ekialdeko eredua gehiago errespetatu behar zutela uste duzu?

Hango enpresen akzioak banatzen saia zitezkeen, baina nekez topatuko zuketen haiek hartzeko prest legokeen inor. Oso negozio gutxik zuten mundu mailan konpetente izateko gaitasuna. Izugarrizko inbertsio hura egin izan ez balute, gainerakoek porrot egingo zuketen. 1989an, Ekialdeko ekonomia, egitura eta produkziorako gaitasunaren aldetik, Mendebaldekoaren 1965eko mailan zegoen. Ameskeria hutsa zen pentsatzea hori goizetik gauera parekatuko zela: desberdintasun horrek oraindik iraungo du urte batzuetan, eta haren ondorio psikologikoek ere bai.

Belaunaldi berrietan ere bai?

Gazteen eguneroko bizitzan, helburu eta balioei dagokienez, ez dago desberdintasunik; bai, ordea, atzera begiratzen dutenean. Gehienek ez dakit asko DDR-ri eta banatutako Alemaniari buruz, eta aurreiritzietatik mintzo dira, baina usteak erabat desberdinak dira. Ekialdeko gazteek DDR-rekiko kritika saihesten dute, ez dutelako nahi entzun euren gurasoak diktadura batean bizi zirela. Eta Mendebaldekoek, besterik gabe, pobreziarekin eta harresiarekin lotzen dute.

Nola eragin zuen harresiaren eraisketak ondorengo kultura politikoan?

Alemania burujabeago bihurtu zen, eta horrek ziurtasun gehiagorekin jokatzea ahalbidetu zion. Hala ere, esango nuke atzerri gaietan distantziarekin jokatzen duela, Europako potentzia izan behar lukeen arren.

Eredu sozialistekiko errezeloa zabaldu da?

Oro har, ezkerrera mugitu da Alemaniako politika. Ez sozialismorantz, baina bai estatu sozialago baterantz. CDU [Batasun Kristau Demokrata] ere norabide horretan mugitu da, eta lehen SPD [sozialdemokrata] zegoen lekuan dago orain. Horrek zerikusia du Alemania batzeko moduarekin. Hasieratik, transferentzien zati handiena gizarte sektoreetan inbertitu zuten; ondorioz, herritarrek espektatiba handiagoak zeuzkaten gizarte politikekiko, baita Mendebaldean ere.

Nolakoa izan zen prozesua ezkerreko alderdi eta mugimenduentzat Mendebaldean?

Alderdirik ez zegoen ia, edo oso ordezkaritza txikia zuten instituzioetan. Bide hori SEDk egin zuen lehenbizi —gero PDS izango zena, eta, gaur egun, Die Linke—. Beraz, esan liteke harresia eroritakoan ezkerreko alderdi erradikal berri bat sortu zela. Harrezkero, lehenbiziko aldiz, Alemaniako Errepublika Federalak esplizituki ezkerrekoa den alderdi bat dauka parlamentuan.

Eta, atzerrian, zein izan zen harresia erortzearen ondorio nagusia?

Alemania osoan interesak igo ziren, eta harekin batera, inbertsioak garestitu ziren Europa Mendebalde osoan. Hortik aurrera, atzerriak ere onartu behar izan zuen Europan erreferente nagusi berri bat zegoela. Margaret Thatcherrek [Erresuma Batuko lehen ministroak] frustrazioz esan zuen alemaniarrei buruz: «Bi aldiz garaitu ditugu militarki, eta orain berriro hemen daude».

Zer esan nahi izan zuen gainerako herrialde sobietarrentzat? Alemania Ekialdeak garrantzirik bazeukan SESBentzat?

Inperioa ertz guztietatik ari zen hausten garai hartan; harresia erori eta pare bat urtera, batasuna bera ere desegin zen, eta ordura arte satelite estatu izandakoak estatu burujabe bihurtu ziren. Haietako batzuetan Errusiaren aurkako giro nabarmena zegoen; esate baterako, Polonian eta Hungarian. Alemania Ekialdean ez zegoen halakorik. Horregatik, beste herrialdeei errazagoa egin zitzaien Sobietar Batasuna uzteko prozesua.

Zergatik ez zegoen giro hori Alemanian?

Galdera horrek zalantza handiak eragiten ditu oraindik. Sekula ez zen egon Errusiaren aurkako sentimendu orokorrik, ezta harresia erori ondoren ere. Beharbada, alemaniarrok besteen mende jartzeko dugun joeragatik da: galdutako gerraren ondorioz, uko egiten diogu nortasun propioari. Polonia justu kontrako adibidea da: ni 1970eko hamarkadan izan nintzen han, eta errusiarrei zieten gorrotoa ez sinestekoa zen. Gaur egun, oraindik hala da leku batzuetan; Ukrainako bilakaera behatuz gero, ikusten da.

Beharbada Alemania Ekialdeko herritarrak ez zeuden hain disgustura Moskuko ereduarekin.

Harreman gutxi zuten errusiarrekin. Nire ustez, gehiago da menpeko izateko joerarengatik. Izan ere, alemaniarrak ez ziren konbentzitutako sozialistak edo komunistak: herritarren %20k edo 25ek bat egiten zuten alderdiarekin, baina gehienak, besterik gabe, egoerara egokitu ziren: «Tira, gerra galdu dugu; orain, bizi gaitezen ahal dugun ondoena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna