Iruñeko taldeko sexu erasoa. Elkarrizketa. Juana Mari Azkarate. Psikologoa

«Biktimei ez zaie axola urte kopurua, erasoa aitortzea baizik»

Sexu erasoen biktimak artatzen ditu Azkaratek. Iragarri du epaiak haietako asko ere kuestionatuta sentiaraziko dituela: «Halakoen ostean, berriz txanda eskatzen duten paziente ugari izaten ditugu».

Samara Velte.
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Sanferminetako bortxaketaren epaiarekin suminduta dago Juana Mari Azkarate. Bortxaketen biktimen psikologoa da, eta bi neska neraberen ama: «Urteak daramatzagu esaten halako egoera batean gertatzen bazara hobe dela erresistentziarik ez jartzea, ezer okerragorik gerta ez dakizun. Orain, sententzia honekin, ikasi dugu delitua txikiagoa dela erresistentziarik ez baduzu jartzen».

Espero zenuen halako epai bat?

Ez daukat oso garbi zer espero nuen. Baina ez dut sekula zalantzan jarri neskaren bertsioa: emakume batek bortxaketa bat salatzen badu, gertatu delako da. Adostutako sexu harremanak badira, izaten dituzu, eta etxera zoaz, ez duzu bide judizial guztia pasatzen. Injustizia bat egin dela iruditzen zait, eta haserre nago auziari eman zaion trataera mediatikoagatik. Agertu behar ez ziren elementu batzuk agertu ziren auzibidean, eta onartu egin ziren: bere lagunekin ateratzen zela... Bortxaketa bat sufritu ostean edozein psikologok esango dizu: lehenbailehen itzuli behar duzu bizitza arruntera, horrek laguntzen dizulako trauma osteko estresa gainditzen. Orain, epaiketan kontrakoa esaten badute, zertarako balio du gure lanak?

Deigarriena epaiko argudioa da: abusutzat jo du, ez bortxaketatzat.

Artatu ditudan kasu guztietan, biktimei ez zaie hainbeste axola zigorren urte kopurua, baizik eta erasoa aitortua izatea, onartzea ezin zutela besterik egin. Baina legeak ñabardura horiek bereizten ditu. Kalean banoa eta gizon handi bat agertzen bazait dirua emateko aginduz, ukitzen ez banau ere, nik eman egingo diot, badakidalako horrela ez didala min egingo. Baina hor badago intimidazioa, eta hori epaileek badakite. Baina sexu delituekin besterik da; oro har, gizartean, biktima kuestionatzeko joera dago.

Ordutik egon al zara sexu erasoen beste biktimekin? Zer diote osteguneko sententziaz?

13:00etan iritsi zen epaia, eta 16:00etan hitzordua neukan antzeko eraso baten biktima batekin. Areago: auzitegi berean abiatu zuen hark ere salaketa. Lehenbizi bortxaketa izan zela aitortu zioten; gero, Auzitegi Nagusiak abusutzat jo zuen, eta orain Gorenean dago. Berak ez du hitz egingo, erasotzailea bere herrikoa delako eta hor epai moral handi bat ere badagoelako erasotzailearen alde, baina berak ere gauza bera esaten du: berdin zaizkio urteak; erasoa aitortzea nahi du. Biktimek ez dute ulertzen erasoa ukatzea, eta lur jota uzten ditu; halako epaien ostean, berriz gaixotzen diren paziente ugari izaten ditugu, berriz txanda eskatzen hasten direnak, lasaitzeko bada ere. Eta kasu honetan ere hala izango dela irudikatzen dut.

Ikuspegi psikologikotik, zergatik da garrantzitsua biktimarentzat erasoa izan dela aitortzea?

Beraiek hala bizi izan dutelako. Gure buruak mila modu ezezagun dauzka funtzionatzeko, baina bizirauteko jokatzen du beti. Bortxaketa baten aurrean ere, shock egoeran egonda ere, ulertzekoa da ahalik eta kalte gutxiena ekarriko dion aukeraren alde egitea. Erresistentzia jarri ordez, sarritan geldirik egoteak ekarriko du erasoa amaitzea edo ez areagotzea. Gero eraso hori epaituko duena ez dago hor, ez du sentituko erasoaren mina, ezta beldurra ere. Bortxaketa gehienetan baitago hiltzeko edo zerbait larriagoa gertatzeko beldurra.

Erru sentipena edo lotsa kentzen laguntzen du?

Beraiek beti sentitzen dute gertatu zaienaren zati bat euren errua dela. Epaiketa bera epaiketa moral bat da biktimarentzat ere; horregatik, askok ez dute salaketarik jartzen. Oro har, salaketa jartzea lagungarria da prozesu terapeutikoan, besteak beste horrela ez duzulako —teorian behintzat— bortxatzailea berriz kalean topatuko. Baina salatzeak sozialki epaitua izatea ere badakar.

Epaileetako batek boto partikularra eman du. Nolako esperientziak izaten dituzte neskek epaitegira jotzen dutenean?

Justizia jauregiko tratua, oro har, zuzena izaten da. Okerren daramatena deklarazioa izaten da; gehienek nahiago dute epaiketa ateak itxita izatea. Izan ere, horiek dira unerik gogorrenak: gertatutakoa zehaztasunekin azaldu behar dute. Sarritan, euren senide eta lagunei kontatu diete bortxatu dituztela, baina ez diete xehetasunik eman nahi, lotsa ematen dielako eta oso alderdi intimoa delako; hori epaiketan errespetatu behar litzateke. Gainera, sarritan gertatzen dena da biktima bakarrik joaten dela deklaratzera—edo, gehienez ere, terapeutokin, profesional gisa jada badakizkigulako detaileak—, baina erasotzailea lagun eta senidez inguratuta egoten dela bertan; nik entzun izan ditut txistuak deklarazioaren erdian, eta oso gogorra da. Ondo legoke halako kasuetan epaiketak ofizioz atea itxita egitea.

Nola landu behar lirateke sententziak gizartean eragin dituen frustrazioa eta amorrua? Elkarretaratze batzuetan dezente entzuten dira mendekuzko mezuak.

Whatsappa daukagun gehienoi iritsiko zitzaizkigun milaka kontu. Egia da 22 urte eskatu zituela fiskalak, eta hori zela abiapuntua, baina jendeari ahaztu egiten zaio bederatzi urte bederatzi urte direla espetxean: tarte horretan, badago denbora lanketa bat egiteko eta gizarteratzeko. Biktimei mendekuak ez die ezertarako balio; kaltea sufritu dute jada. Baina kartzelan ez bada lanketarik egiten, berdin du bederatzi diren, edo hamalau: erasotzaileak arriskutsuak izango dira aurrerantzean ere. Nik ulertzen dut legea moldatu behar litzatekeela, baina ez orain, beroan; eta abusuaren eta bortxaketaren arteko bereizketa horri heldu behar zaiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.