Sumudu Atapattu. Washingtongo Unibertsitateko irakaslea

«Klima aldaketagatik ia 200 milioi iheslari egongo dira 2050ean»

Giza eskubideetan eta ingurumen zuzenbidean aditua da Atapattu. Klima aldaketak eragingo dituen errefuxiatuei buruzko ikerketak egin ditu. Haren ustez, gizartea ez dago prestatuta aldaketari aurre egiteko.

Oñati
2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Hamaika lan argitaratu ditu Sumudu Atapattuk ingurumen zuzenbidearen eta giza eskubideen inguruan. Washingtongo Zuzenbide Unibertsitateko ikerketa zentroko zuzendaria da gaur egun, eta urte mordoa daramatza irakaskuntzan. Oñatiko (Gipuzkoa) Lege Soziologia Nazioarteko Erakundeak antolatutako jardunaldi batean hartu berri du parte, Klima aldaketa arautuz: gobernantza eta legezko leku aldaketak lantegian, hain zuzen.

Zer lotura dago klima aldaketaren eta errefuxiatuen artean?

Joera handia dago esateko klima aldaketaren ondorioz mugituko dela jendea herrialdez, baina hori ez da arrazoi bakarra jendeak bere komunitatea uzteko. Horregatik, zaila da gai hori lantzeko politika zehatz bat ezartzea. Baina argi dago klima aldaketaren ondorioak oso larriak izango direla.

Zenbat errefuxiatu aurreikusten dituzue?

Klima aldaketagatik ia 200 milioi iheslari egongo dira 2050ean. Gure kalkuluen arabera, hogei eta 200 milioi artean izango dira; alde handia dago bi zifren artean, baina ez dugu zenbaki zehatzik, oso zaila baita zehaztea errefuxiatu horietatik zenbat mugituko diren justu klima aldaketagatik.

Zein herrialdetatik aterako dira?

Irla txikiak izango dira lehen kaltetuak, besteak baino ahulagoak baitira, baina mundu osotik mugituko dira: itsasoaren mailan dauden herrialdeetatik, bestelako ondorioak pairatuko dituzten herrialdeetatik, baita herrialde garatuetatik ere. Baliabide nahikorik ez dutenak herrialde ez-garatuetatik joango dira, eta beste herrialde txiroetara mugituko dira. Halere, kontu globala da, mundu osoan izango baitu eragina klima aldaketak.

Oro har, inguruko herrialdeetara joaten dira errefuxiatuak. Azpiegiturak garatu beharko lituzkete herrialdeek, beste herrialde batzuetara joan ahal izateko?

Hartuko dituen herrialdearen ardura da hori, eta herrialde hori egin behar da errefuxiatuen kargu. Hori oso zaila da askorentzat, ez baitituzte beharrezko baliabideak halako egoera bati aurre egiteko: ez dute etxebizitza nahikorik, osasun arloan neurri nahikorik, ez eta hezkuntzan ere. Komunitate handiak, beraz, arazo dira, baita herrialde garatuentzat ere, eta gehienak ondoko leku seguruetara mugitzen dira.

Zer gertatzen da mugekin?

Mugak ere arazo izan ohi dira, Afrikaren moduko guneetan ez baitaude behar bezala zehaztuta. Herrialde horietako gehienak oso pobreak dira, eta ezin dute hain jende kopuru handia babestu. Badirudi errefuxiatuen krisia Sirian kokatzen dela, baina gehienak Turkian daude. Beraz, kanpoko laguntzarik jaso ezean oso zaila da herrialde horientzat hainbeste lagunen premiak asetzea.

Beharrezkoa litzateke, beraz, emigrazio eskubideak finkatzea?

Uste dut beharrezkoa dela lekuz mugitzea behartuta daudenen eskubideak zehaztea; gaur egun, ez baitago legezko nazioarteko azpiegitura halako egoerak konpontzeko. Baina estatu bakoitzaren ardura izan beharko luke egoera konpontzeak, eta herrialdera heldu direnei zenbait eskubide aitortzeak.

Giza eskubideen bidez?

Herrialde asko ez daude ideia horren alde, AEBak, adibidez. Argi dagoena zera da: giza eskubideak unibertsalak dira, eta herrialde guztiek dute pertsonak babesteko betebeharra; ez du axola nondik datozen, edo nor diren.

Zenbait adituk uste dute munduan gehien kutsatzen duten herrialdeek hartu beharko lituzketela errefuxiatuak.

Hori kontu politikoa da. Parisko akordioa sinatu arte, betebehar gehiago zituzten arazoaren parte handiena zuten herrialdeek. Nire iritziz, neurri hori funtsezkoa da errefuxiatuen egokitzapenari dagokionez. Oso lagungarria litzateke inbertsio sistema bat sortzea errefuxiatuei laguntzeko. Uste dut alde politikotik onartuko litzatekeela; hala, ekarpen bat egingo lukete herrialdeek, eta ardura politikoa izango lukete.

Zein zailtasun izango lituzkete errefuxiatuek toki berri batera ohitzeko?

Funtsean, ez lukete arazorik izan behar. Giza eskubideetan zehazten dira «kanpotarren» eskubideak: kanpotarrak badaude zure estatuan, aukera bat eman behar diezu, eta haien kultura integratzen saiatu.

Indigenen egoera ere ikertu duzu. Zein berezitasun dute?

Indigenek oso harreman berezia dute lurrarekin, eta tokiz mugitzea ia ezinezkoa da haientzat, haien betiko bizitokia ordezkatzea, alegia. Azken finean, haien arbasoen lurra desagertzea izango litzateke. Askok ez dute mugitu nahi, ingurumenarekin duten harreman berezi horrengatik. Lurra da indigenen identitatearen isla, eta identitate horixe lapurtuko diegu.

Zein da emakumeen egoera?

Lehorteak direla eta, emakumeek gero eta distantzia handiagoak egin behar dituzte ura, jana, erregaiak, eta abar eskuratzeko. Horrek esan nahi du denbora gutxiago dutela beste ardura batzuk betetzeko: haurren hezkuntzaz arduratzeko, adibidez. Halako krisiak gertatzen direnean, haurrak eskoletatik ateratzen dituzte; neskak, gehienbat. Emakumeen alboratzearen parte da hori.

Lehorteak aipatu dituzu. Zer gertatzen da nomaden kasuan?

Nomadak leku batetik bestera mugitzen dira. Zona batean landatzen dituzte elikagaiak, eta, ondoren, beste toki batera mugitzen dira. Aldaketa klimatikoak eragin oso handia izango du haiengan: mugak arazo larria izango dira, eta desertifikazioaren ondorioz, are gehiago.

Prest al dago gizartea aldaketari aurre egiteko?

Ez. AEBetan batez ere, oso ezkorrak dira. Uste dute errefuxiatu guztiak hara joango direla, eta ez da hala: errefuxiatu gutxiago joaten dira herrialde garatuetara. Milioika pertsonarengan eragingo du klima aldaketak, eta ez gaude prestatuta hainbeste laguni harrera egiteko. 30, 40 edo 50 urtean gertatuko da, baina ez dugu azpiegiturarik garatu aurrea hartzeko. Oraindik garaiz gaude eragina txikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.